ALDUNDIAK AZTERLAN BAT ESKATUKO DAU ARRONTEGI AUZOAREN PAREAN AUTOBIDEA ESTALTZEKO ALTERNATIBAK BILATZEKO

  • Holan, Barakaldoko Udalaren aginduari erantzun deutso, Arrontegiko zubiaren inguruan dagozan etxebizitzen parean autobidearen zati bat estaltzeko alternatibak aztertzea esktu deutso eta.
     
  • Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Barazarreko hirugarren erreiaren proiektua “barriro aztertuko” dau, izan be, kontuan izan behar dira trafiko astuna % 40 murriztu dala, lanaren kostua eta ingurune naturalean izango dauen eragina.

 

(Abellanedan, 2025eko bagilaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek hileroko kontroleko osokoa egin dabe gaur Abellanedako Batzar Etxean, eguneko gai zerrendan zazpi gai egozala (hiru Itaun eta lau ahozko erantzun-eske). Horreetako baten, Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak iragarri dauenez, Barakaldoko Arrontegi auzoaren ondoan dagoan autobidearen tartea estaltzeko alternatiben azterlana kontratauko da, zarata mapak eta bideragarritasun teknikoaren eta ekonomikoaren ganeko azterlanak barru hartuta.

Azterlan horren lizitazinorako epeei jagokenez, diputatuak azaldu dau obren eta zerbitzuen kontratazinoak “hilebeteak” irauten dituen prozesuak eskatzen dituala, beharrezkoak diran bermeak dirala eta. Azpimarratu dauenez, garrantzitsua da teknikariei behar egiten ixtea estaldurearen luzera zehatza (100, 250 edo 500 metrokoa izan daitekela aitatu dau) eta ondorio ekonomikoak zehazteko, batez be zaratea murrizteari eta bizilagunei eragingo deutseen kalteei jagokenez. Holan, Barakaldoko Udalak onartu dauen mozinoari erantzun deutso Aldundiak. Mozino horretan, foru erakundeak autobidearen tarte bat estaltzeko aukerea aztertzea eskatzen zan.

Raul Méndez EH Bilduko batzarkideak, maiatzaren 29an onetsi zan udal mozinoa eta Udalak eta Barakaldoko Arrontegi auzoko biztanleek, batez be Etxatxu, Bizkaia eta Lurkizaga kaleetan bizi diranek (batzuk osokoan egon dira), egin daben eskaria ekarri ditu gogora. Horreetan, sailak datozan hilebeteetan gauzatuko dauen proiektuan ezarriko diranak baino neurri “integralagoak” ezartea eskatzen da. Egunean milaka ibilgailu igaroten diran autobideko zarateagaz bizi diran persona horreekaz “sentsibilidadea” izatea eskatu dau, izan be “gatx handiek erremedio handiak behar ditue”.

Alzagak gogora ekarri dau, entzute aktiboko prozesu baten barruan aurretiazko alegazinoak kontuan izanda, bere sailak gauzatuko dauen egungo proiektuan hobekuntzak sartzea erabagi dala, eragin negatiboak arintzeko. Neurri eta ekintza nagusiak honeek izango dira: zaratea murrizteko pantaila akustikoak instaletea, metro bat igonda, 4 metroko altuerara iristeko, eta 0,5 metroko goiko estalgia gehitzea; asfaltatze berezia, zaratea 3 eta 5 dezibel artean murrizteko; eta etxebizitzak isolatzeko laguntzak.

Obrek diharduen bitartean, Aldundia prest agertu da auzotarren arazoak kudeatzeko izentautako arduradunakaz bilerak egiteko.

 

BARAZARREKO HIRUGARREN ERREIA

Beste alde batetik, PP taldeko Raquel González Díez-Andino bozeroaleak Barazarreko hirugarren erreia egiteari buruz galdetu deutso diputatuari, González andrearen eretxian obra horreek “atzerapen handia” daroe-eta. Alzagak erantzun deutso obra horreek egitea “barriro aztertzekotan” dala Bizkaiko Foru Aldundia. Horretarako errazoizat emon dau bidesari-politikea dala-eta (erabilteagaitik ordaindu egiten da) N-240 errepidean trafiko astuna “% 40” murriztu dala eta, 2025eko zemendian AP-68 autobidea Aldundiaren esku geratuko danez, trafiko astunerako alternatibea eskaini eta ingurumen-arazoak saihestu egin leitekezala. Azkenengo kalkuluen arabera, 1.500 kamioi igaroten dira egunero Barazarretik.

Urtenbide teknikoa aurkitzeko zailtasunak justifiketan dau azterketa barria egin beharra, egingo diran obretan ingurumena eta bide-segurtasuna bateragarri izan behar dira-eta. Kontratua behin eta barriro aldatu danez ingurumen-izapideagaz erlazionautako baldintzakaitik, amaiera-epea 2025eko gabonilaren 17ra arte luzatu da.

Alzagak onartu dauenez, bere sailak “11 trazadura-aukera” jorratu ditu, bide segurtasunaren beharrak (sestra aldaketak, kurbadura erradioak, ikusgaitasuna...) eta ingurune naturala babestu beharra bateratzeko ahaleginean. Esaterako, proiektuak eragina dauenez bisoi europarra dagoan erreka baten eta espezie hori desagertzeko arriskuan dagoanez, arazo hori puntu kritikoa izan da eta Natura Ondarearen Zerbitzuak txostenak egin behar izan ditu, non “konpondu bako ez-beteteak” dagozala jasoten dan, ibai-ibilguen kontserbazinoagaz eta hobekuntza aktiboagaz lotutako arrazoakaitik.


ADINBAKOAK ETA HONDARTZAK

Viveroko adinbakoen zentroaren edegiereari buruzko beste erantzun batean, Aldundiak esan dau “salbuespen” egoerearen barruan dagoala, lurraldera heltzen diran “familia erreferenterik bako adinbako migratzaileen kopuru handiari” erantzuteko. Amaia Antxustegi Ziardak zuzentzen dauen sailaren helburua “berehalako” erantzuna emotea da, adinbako horreen eskubideak eta oinarrizko zaintzak bermatuz. Aldundiko arduradunak barriro onartu dau harrera sarea “tentsionauta” dagoala eta “atzerapenak dagozala izapidetzeak egiteko administrazinoak behar dituan denporetan”. Ganeratu dau Aldundia “bere esku dagoan guztia” egiten dabilela, eta, bitartean, zain dagoala udan Kanarietatik datozan adinbakoen birkokapenaz Espainiako Gobernuak zehaztasunak noiz emongo.

EH Bilduko Izaskun Duque Santacolomak kritikau egin dau Aldundiak egindakoa. Duquek adierazo dau 2018an Aldundiak bere kargu 600 adinbako baino gehiago eduki ebazan arren, orduan ez zala salbuespenezko egoerarik ezarri, eta oraingoan, barriz, arazoaren sortzaile Foru gobernuaren birdimentsionamendu politikea izan dala, adin txikiko gitxiago etorten hasi ziranean Viverokoaren moduko baliabideak ixtea erabagi ebalako.

Hondartzen denporaldiari jagokonez, koalizino abertzaleak galdetu dau ea posible dan sorospen zerbitzuak garagarrilaren 1etik irailaren 30era arteko denporaldi ofizialetik kanpo ezartea. Aldundiak erantzun dauenez, aurtengo denporaldia beste urte batzuetan baino 20 egun lehenago hasi eta 20 egun geroago amaituko da. Adierazo dauenez, udak ez dira oso eguzkitsuak Euskadin: 2024ko denporaldian 32 eguzki egun baino ez ziran izan, eta azken hiru urteetako maiatzean uraren tenperaturea 15°C ingurukoa izan da.

Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak autortu dau idea “ona” dala, baina ganeratu dau hainbat faktore hartu behar dirala kontuan. Horreen artean dagoz hondartzetara joaten dan jenteari buruzko datuak eta neurri horrek eragingo leuken eragin ekonomikoa, prebentzino, sorospen, laguntza eta garbiketa zerbitzuak 265 behargin eta 4 milioi euroko kostua ditualako. Klima aldaketeak egundoko bero egunak ekarri leikezan arren, Aldundiak adierazo dau horrek ez dauela mugabako luzapenik “justifiketan”, eta gehitu dau “klimaren eta erabiltzaile kopuruaren arteko erlazino zuzena” dagoala.


ZERGA-ZORRAK ETA SEXU-INDARKERIETARAKO KRISI-ZENTROA

Hafesa Taldearen kasuari buruz galdetuta, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak, ekainaren 12an Batzar Nagusietan egindako agerraldian egin eban moduan, gogora ekarri dau zerga zorren atzerapenen eta zatikatzeen kasuan “ez dagoala kezkatzeko errazoirik”, diskrezionaltasunerako tarterik ez dagoala bermatzen dauen prozedura “tasaua eta arautua” dagoalako. 

Delitu fiskal bategaitik Madrilen edegitako auzi judizialari jagokonez, Berrojalbizek Aldundiaren jokabidea defendidu dau, izan be organu judizialek “ez deuskue ezelango jakinarazpenik egin” “kaltetuak izan garala esateko, ezta prozesu judizial bat edegita dagoanik jakinarazoteko” be. Dana dala, ohartarazo dauenez, iruzur fiskalagaitik egindako ikerketa edo epaiketa batek ez dau galarazoten zergen ordainketea geroratzeko edo zatikatzeko prozedurea edegi ahal izatea. Are gehiago, arlo penaleko epaitegiek eurek “zigor-epaien ondoriozko zatikatzeak eskatu leikiez”, azaldu dau. 

Hafesak eskatutako atzerapenari jagokonez, Berrojalbizek esan dau ez dala ezohiko zeozer. Froga lez, 2012tik 2025era bitartean, persona juridikoen 1.277 espedientetan 5 urte baino gehiagoko eta 635 milioi euro baino gehiagoko atzerapenak emon dirala aitatu dau, eta geroratutako zorraren % 70,3 baino gehiago kobrau dala. Horrek zerga-kredituaren babesa erakusten dau. Hafesa taldea “beste zergadun bat gehiago” da Bizkaiko Foru Ogasunarentzat, eta beste edozein zergadunagaz dauen “arreta, konpromiso eta tratu-bardintasun berberagaz” jarduten dau beragaz. 

Beste Itaun baten, EH Bilduk zalantzatan jarri dau Sexu Indarkerian espezializatutako Krisi Zentroa (Aldundiaren zerbitzua da, biktimei arreta osoa emoteko) urteko 365 egunetan 24 orduz zabalik ete dagoan. Teresa Laespada Martínez Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatu andreak adierazo dauenez, Aldundiak bere konpromisoa bete egiten dau, eta zerbitzua egun osoan dago zabalik, eta sexu indarkeriaren biktima diran emakumeei “zuzeneko sarbidea eskaintzen deutse, aurretik ezelango baldintzarik eskatu barik”.

Bea Ilardia batzardekideak “preminazko kasuak eta kasu programagarriak” bereiztearen inguruan egin dauen kritikeari jagokonez —bere eretxiz, sexu indarkeria egoera batek berehalako erantzuna behar dau beti—, Laespadak erantzun dau batzuetan biktimak marketan dituala denporak eta biktimak berak atzeratu leikela arretea, beren-beregi eskatuta. Diputatuak adierazo dauenez, “ez dago ezelango arazorik”, eta “mamurik ez dagoan lekuan halakorik ez ikusteko” eskatu deutso EH Bilduri.


ZERGA-SALBUESPENAK UEFA-RENTZAT

Horren ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ohiko osokoa egin dabe. Gai zerrendan aztergai bakarra egoan: 2/2025 presako foru arau-dekretua, ekainaren 12koa, “UEFA Europa League 2025” txapelketako finalaren zerga-araubidea arautzen duena, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan aplikatzekoa. Zerga-aldaketa horren artikulu bakarrak ezarten dau zerga hori ordaintzetik salbuetsita egongo dirala finala antolatzen dauen erakundeak eta talde parte-hartzaileek lortutako errentak, ez diralako Bizkaian lortutzat hartuko. Dekretua baliozkotu egin da Euzko Abertzaleen, Euskal Sozialisten eta Bizkaiko Talde Popularrekoen aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren kontrako botoakaz. 


ESKUALDEKO ORDEZKARIAK 

Batzarkideez gain, eskualdeko erakundeetako ordezkari batzuk be Abellanedako Batzar Etxera hurreratu dira, Martin Pérez Garmendia Enkarterriko Mankomunidadeko presidentea buru zala. Beragaz batera, konbidauen jarlekuetan eskualdeko udalerri batzuetako alkateak egon dira: Angela Egia Liñero (Gordexola), Unai Diago Santamaria (Zalla) eta Agustin Cuadrado Torre (Sopuerta).