ALDUNDIAK 31 MILIOI EUROKO ALTERNATIBEA AUKERATU DAU TUNEL FALTSO BAT ETA ZUBI BAT IZANGO DITUAN LAS CARRERASEKO SAIHESBIDERAKO

  • Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da Abanto-Zierbena auzotik igaroten dan BI-734 errepidearen alternatiben bigarren azterlana azaltzeko.

 

(Bilbon, 2025eko zezeilaren 7an). Joan dan astean beste saio baten iragarri eban lez, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Abanto-Zierbenako Las Carreraseko saihesbidearen alternatiben azterlanaren barri emoteko. Alzagak azaldu dauenez, trafikoa auzo horretatik desbideratzeko bigarren txostenak hamar alternatiba aztertzen ditu, proiektuaren lehenengo bersinoan mahai gainean jarri ziran bostak baztertuta. Horreetako gehienak “bideraezintasun teknikoa” dala-ta baztertu eta gero, Aldundiak, azkenean, Barcenako errekea gainditzeko 330 metroko tunel faltsoa eta 68 metroko zubia izango dituan eta hasieran aukeratutakoa hobetuko dauen trazaua aukeratu dau. Inbertsinoa 31 milioi eurora igongo da, 2023ko martian aurkeztu zan lehengo bersinoaren 17 milioien aldean. 

Aukeratutako soluzinoa barriro be jente-aurrean jarriko da, herritarrek alegazinoak aurkeztu ahal izan daiezan. Azpiegitura barria BI-734 errepidearen iparraldeko zeharbide estuagaz paraleloan joango litzateke, 1.223 metroko ibilbideagaz, eta 2,5 eta 5 metro arteko pantaila akustikoak izango leukez trafikoaren zaratea murrizteko. Horrez gain, futbol zelaiaren eta ur-biltegiaren parean (Mortueroko biribilunearen ondoan) estalgia dauen tunel faltso bat be eukiko leuke. Bertan oinezkoentzako eremua, umeentzako parkea eta adinekoentzako gunea instalauko litzatekez. 

Foru Aldundia trazauaren hamar alternatibagaz heldu da Las Carreraseko saihesbidearen proiektuaren bigarren bersino horretara, herritarrek proiektuaren lehenengo bersinoaren aurrean aurkeztutako alegazinoak jaso eta gero. Azkenik, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak baztertu egin ditu, adibidez, egungo errepidearen zirkulazinoa baretze hutsa edo errepidea lurperatzea ekarriko leukien alternatibak, azken aukera hori teknikoki bideratuezina dalako, bertatik gertu etxebizitzak dagozalako. Baztertutako alternatiben artean, auzoaren azpitik ia kilometro biko tunela egitea edo Petronorren instalazinoen albo batetik A-8rako sarbide barria “pintxetea” egongo litzatekez, horrek “lur-erauzketa handiak” egitera behartuko leuke-eta. 

Alzagak bere berbaldiaren hasieran azaldu dauenez, alternatibak gaur goizean bertan aurkeztu dira Abanto Zierbenako udaletxean. Tokiko ordezkari “guztiek” aurrez aukeratutako bost alternatiben “erespide anitzeko” azterketea egin eta gero aukeratutako proposamenaren xehetasunak jasoten dituan informazinoa jaso dabe. Bide-segurtasuna, azpiegituraren kostua eta obrak egin bitartean eta lanak amaitu osteko eraginak moduko erespideak hartu dira kontuan. Bost alternatiba horreek auzoaren iparraldean egozan, eta trazaua biribilune biren artean marrazten zan. Euren arteko alde bakarra saihesbidearen trazauan egoan.

Aukeratutako proiektuak jagokon tramitazinoa jaso beharko dau orain. “Astelehenetik aurrera”, Aldundia hasierako proiektuari aurkeztutako 132 alegazinoei “banan-banan” erantzuten hasiko da, proiektu osorako estekea gehituz. Ondoren, eta plana Gobernu Kontsejuaren oneretxipean jarri eta gero, “2 edo 3 aste” barru aurkeztuko da proposamena jente aurrean. Alegazinoak jaso eta aztertu eta gero, Ingurumenaren ganeko Eraginaren Adierazpena gainditu beharko leuken proiektuaren hirugarren bersinoa egingo litzateke. Prozesu hori urte osoan zehar luzatu leiteke, laugarren eta azken bersinoa be idatzi beharko litzateke-eta.