ALDUNDIAK 87 MILIOI BIDERATUKO DITU ENPLEGUA, GIZARTE KOHESINOA ETA BARDINTASUNA SUSTATZEKO POLITIKETARA, ETA 81 MILIOI LURRALDEKO EKONOMIA SUSTATZEKO EKINTZAK INDARTZERA
- Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko Aurrekontuak azaltzeko bigarren jardunaldia egin dabe, Teresa Laespada Martínez Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko diputatu andrearen eta Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko diputatu andrearen agerraldiakaz.
(Bilbon, 2025eko azaroaren 7an). Bizkaiko Aurrekontuak azaltzeko bigarren egunean, Batzar Nagusietako taldeek, Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean, datorren urterako Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko eta Ekonomia Sustatzeko sailei esleituko jakezan Kontuen zehetasun gehiago ezagutu ditue. Zuzenketa-eskeen eztabaidan aldaketarik emoten ez bada, bien artean 169 milioi euro erabiliko ditue, hau da, sail guztien esku dagoanaren ia % 10.
Lehenengo eta behin, Teresa Laespada Martínez Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko diputatuak azaldu dauenez, bere sailak 87,56 milioi euro izango ditu (Beharginen atala kenduta) agintaldiko planean jasoten diran bere eskumeneko politika publikoak aurrera eroateko, hau da, aurtengo aurrekontua baino % 1,16 gehiago.
Barrikuntzen artean, Laespadak azpimarratu dauenez, 2026ko aurrekontu proiektuan, lehenengo aldiz, 70 mikrokreditu sartu dira, autonomoek euren negozioak eta enpresak bultzatu daiezan, Mikro soziedadeak administrauko dauen milioi bat euro gehiagoko injekzinoaren bitartez.
Lanbide eskolen arloan, eskola berri bi sortzea aurreikusten da, bata eraikuntza jasangarri eta industrializaura zuzenduta, eta Sestaoko Labe Garaietako ikastunen eskola izandakoa berreskuratuko dauen beste bat. Eskola horreek, daborduko berrehun personen laneratzea erraztu daben “Soldarte” soldadurako eskolei gehituko jakez.
Aurrekontuaren ia erdia –41 milioi euro baino gehiago– eroango dauen gizarteratzearen atalean, euren kargura adinbakoak dituen ama gazteak artatzeko lan-ildo barria sortuko dala izango da barritasuna.
Eta bardintasunean, Laespadak adierazo dauenez, emakumeak sentsibilizetako eta ikusiarazoteko estrategia indartuko da Emakumeak izeneko estrategiaren bitartez. Bere mugarrien artean, 2027ko urtarrilean nazinoarteko kongresu barri bat egiteko oinarriak jartea dago. Bizkaiak datorren urtean aurrekontuaren % 1,44 bideratuko dau bardintasunean zuzenean inbertidutera.
EKONOMIA SUSTATZEARI JAGOKONEZ, ENPRESENTZAKO ZUZENEKO LAGUNTZAK % 15,7 IGONGO DIRA
Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontuari jagokonez, enpresakaz eta personakaz daukan konpromisoa berresteko eta hiru trantsizino handietan pausoak emoten jarraitzeko programek, zerbitzuek eta ekimenek 81,35 milioi euro izango ditue, hau da, % 0,43 gehiago.
Aurrekontu hori, Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu dauenez, “industriari eta bere zerbitzu aurreratuei, talentu zientifiko-teknologikoari, ekintzailetza aurreratuari, lurralde kohesinoari eta kanpoko sustapenari emoten jaken bultzadea indartzeko” diseinau da, sail honen ekintzea gidatzen daben bost ardatz estrategikoakaz bat etorrita.
Industria aurreratuko eta zerbitzuetako ETEak dira Ekonomia Sustatzeko Sailaren jarduera-gune nagusia, eta, horregaitik, aurrekontu osoaren % 75 hareei zuzenduta dago. Beste puntu azpimarragarri bat enpresentzako laguntza zuzenen igoerea izango da, % 15,7 igongo dira-eta, 22,5 milioira iritsi arte. Ganera, Ekonomia Sustatzeko Sailak ia 5 milioi gordeko ditu eskualdeko oreka ekonomikoa bilatzeko. Eta lurraldearen nazinoarteko proiekzinorako 3,1 milioi inbertiduko dira.



