ALDUNDIAK BAZTERTU EGIN DAU BIZKAIBUSEN GAUEKO ZERBITZUAK KENTZERIK, BAINA AISIARI ETA BIZIKIDETZEARI BURUZKO HAUSNARKETA SOZIALA ETA POLITIKOA ESKATU DAU

  • Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, oposizinoko talde bik eskatuta, Bizkaibusen iragarritako segurtasun neurrien betearazpenaren egoerea azaltzeko.
     
  • Aldundiak lurraldeko eskualde guztietara zabalduko dau BizkaiBizi zerbitzua 2027tik aurrera.


(Bilbon, 2025eko urriaren 23an). Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eta Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian azpimarratu dauenez, “inondik inora” ez da hartu erabagi itxi lez zerbitzuren bat kentzerik, baina Aldundiak garraio publikoak gaueko aisialdiaren arloan daukan funtzinoari buruzko “hausnarketa” soziala eta politikoa zabaldu gura dau. Oposizinoak, Bizkaibusen, batez be gaueko zerbitzuetan, ezarritako neurriak eta segurtasun mailearen egoerea zehazteko eta zerbitzu horreen etorkizunari buruz berak agertutako zenbait eretxi argitzeko eskatu deutso. 

Diputatu andreak, istiluetan joera “kezkagarria” erakusten daben datuak aurkeztu ditu. Igazko urritik gaur arte “67” eraso erregistrau dira, eta horreetatik “sei” eraso fisikoak izan dira. Kasuen % 96an, gertakariak enpresako beharginen kontrakoak izan ziran, dala gidarien kontra, dala ikuskatzaileen kontra. 

Diputatuaren berbetan, kezkagarriena, milioi espedizinoko erasoen ratioaren bilakaerea da. 2025ean, ratio hori % 48an egon da, 2020an pandemian erregistrautako gailurrik altuena (% 44,5) gaindituta. Gertakari gehienak bidaia-titulurik ez eroateagaitik edo gizalegearen kontrako jokabideakaitik izan dira, adierazo dauenez. Egoera horren aurrean, diputatuak dei egin deutso gizarte osoari, “segurtasuna eta errespetua guztion erantzukizuna diralako”, esan dau. Azpimarratu dauenez, “ez daukagu segurtasun arazorik, baina gizalege faltearen arazoa daukagu”, eta hori pandemiaren ostean detektau da batez be. 


SEGURTASUNA HOBETZEKO EZARRITAKO NEURRIAK 

Foru Aldundiak hainbat ekintza bultzatu ditu, enpresa emakidadunakaz, beharginen ordezkariakaz eta Ertzaintzagaz lankidetzan, Segurtasun Batzordeen (2024an hiru egin ziran, eta 2025eko zemendirako laugarrena dago aurreikusitako) eta Segurtasuneko Talde Teknikoen bitartez finkatutako lankidetzarako esparru egonkorra ezarteko. 

2024ko apiriletik aurrera ezarri edo gauzatzen ari diran “18” neurrien artean, orain 18 hilebete batzorde batean azaldu ebazanak dagoz. Daborduko ezarrita dagozanen artean, diputatu andreak, autobusetan larrialdietarako sakagailuak instaletea, gauero larrialdi sistemak barrikustea ahalbidetzen dauen mantentze kontratu barria martxan jartea, sistema horreek hilero barrikusteko programea, Ertzaintzagaz zabalik dagoan komunikazino zuzeneko kanala edo maiatzean Bizkaibusen erasoen protokoloa onartu izana aitatu ditu. 

Batzorderatzea eskatu daben talde biek (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra) onartu dabenez, neurri horreek aurrerapausua dira, baina “arduratuta” agertu dira, iragarri diran baina gauzatu ez diran eta “Segurtasunerako Esparru Integrala” izenekoaren barruan egozan beste neurri batzuk kanpoan geratu diralako. Talde biek manparen instalazinoa, Ustiapenari Laguntzeko Sistemearen (ULS-SAE) barriztapena edo Aginte Postu Bateratuaren instalazinoa aitatu ditue, besteak beste. 

Babeserako manparei jagokenez, diputatu andreak azaldu dauenez flota barriztetako planaren etorkizuneko lizitazinoetan ibilgailu bakotxak manpara homologauak, ez finkoak eta erauzgarriak izateko betebeharra sartzea erabagi da, Bizkaibus sistema osorako konponbide komuna lehenetsiz. 

Bestalde, ULS-SAE barritzeko lizitazinoa 2026rako dago aurreikusita, eta indarkeria egoerak modu automatikoan detektetako ikusmen artifizialeko teknologiak integrauko ditu. Aldi berean, 24 orduz funtzionauko dauen Aginte Postu Bateraturako Alertak Jasoteko Zentrorako beharrezko azpiegiturea garatzen ari da. 

Sonia Pérezek gaineratu dauenez, bere sailak beharginak egoera bortitzen, bandalismoaren, ontzian drogen edo alkoholaren kontsumoaren eta sexu-jazarpenaren kudeaketan trebatzeko diseinautako sei prestakuntza-pilula onartu ditu daborduko. Prestakuntza-plataformea zemendiaren 12an aurkeztea dago aurreikusita, Segurtasun Batzordearen hurrengo bileran. 


BIZKAIBIZI ESKUALDE GUZTIETARA IRITSIKO DA 2027TIK AURRERA

Oraingoan bere ekimenez eskatutako beste agerraldi batean, diputatuak urte bi bete dituan BizkaiBizi zerbitzuaren barrikuntza nagusiak azaldu deutsez Batzar Nagusietako taldeei. Diputatu andreak azaldu dauenez, gaur egungo eredua 2026ko abenduan amaituko da, eta 2027tik aurrera BizkaiBizi 2.0-k ordeztuko dau, bere funtzionamentuan, gobernantzan eta epe luzerako jasangarritasunean jauzi kualitatiboa eginez. Etorkizunean, mailegu modalitate bi egongo dira: iraupen laburrekoak eta luzekoak.

Gaur egun, zerbitzuak eremu metropolitarreko 9 udalerri hartzen ditu, Bilbo, Barakaldo, Portugalete, Getxo, Leioa, Erandio, Sestao, Basauri eta Berango. Eredu barriak 38 udalerritara iritsi gura dau iraupen laburreko modalitateagaz, eta lurraldeko gainerako udalerrietara –75– iraupen luzekoagaz. Holan, “1.150.000” bizkaitarri emongo jake estaldurea, “1.311” bizikletagaz eta mobikortasun urriko personentzako “32” triziklogaz. Modelo barriaren kostua 3,62 milioi eurokoa izango da urtean. 

BizkaiBizi 2.0-ren beste zutabeetako bat hobekuntza teknologikoa izango da. Helburua da sistema beste garraiobide publiko batzukaz integretea, erabilerako esperientzia optimizetea, aplikazinoa eta erreserba- eta jarraipen-sistemak hobetuz, eta geltokietan eta ainguraketetan fidagarritasun eta iraunkortasun handiagoa bermatzea.