ALDUNDIAK METRO BILBAOK ZERBITZUAREN KALIDADEAREN ALDE DAUKAN KONPROMISOA DEFENDIDU DAU ETA URRIAREN 6KO MATXUREARI BURUZKO AZALPENAK EMON DITU BATZAR NAGUSIETAN

  • Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da Eneko Arruebarrena Elizondo Metro Bilbaoko zuzendariagaz batera, oposizinoak Metro Bilbaoren urriaren 6ko matxurea dala eta egindako kritikei erantzuteko.
     
  • EH Bilduk azalpenak eskatu eutsazan Ahaldun Nagusiari, eta Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, euren aldetik, Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Saileko arduradunaren agerraldia eskatu eben.


(Bilbon, 2025eko azaroaren 5ean). Oposizinoak azalpenak eskatu deutsaz Bizkaiko Foru Aldundiari, urriaren 6an Metro Bilbaon izandako matxura larria dala eta. Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur emon ditu azalpenok Bizkaiko Batzar Nagusietan. Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordearen aurrean. Aldundiko arduradun nagusiak, egun horretan kaltetutako personei parkamena eskatuz hasi dau bere berbaldia, eta adierazo dauenez, arazo horreek “garraio arloko enpresa publikoak zerbitzuaren kalidadea hobetzeko daukan konpromisoa indartzeko” balioko dabe. Milaka bezerorengan eragina izan eban gertakaria “ezohikoa” izan zala eta ez dauela metroaren fidagarritasuna “zalantzan” jarten egiaztau dau. 

Aldundiko eta Metro Bilbaoko arduradun nagusiak, Eneko Arruebarrena Elizondo metroaren zuzendariagaz batera, kudeatzen diran instalazinoen eta sistemen bolumen handia kontuan izanda, Bilboko Metroa “matxuren aurrean ez dala immunea” azpimarratu dau. “Ahalik eta arreta handienaz jokatzen da beti”. Zerbitzuaren ohiko kalidadearen erakusgarri, Etxanobek azpimarratu dau puntualtasuna % 98,22raino igon dala aurten, “bikaintasun mailea” UITPren (Garraio Publikoaren Nazinoarteko Batasuna) arabera. Erabiltzaileek, gaur egun, 10etik 8,2 puntu emoten deutsiez zerbitzuari.

Ondoren, Arruebarrenak egun haretan jazotakoari buruzko kontakizuna egin dau. Zehaztu dauenez, intzidentziaren oinarrizko arrazoia 600 serieko tren baten pantografoan izandako “desdoikuntzea” izan zan, eta horrek kalteak eragin ebazan katenarian eta mozketak goizeko zerbitzuan. Arratsaldean mozketa horreek erreplikak izan ebezan. Berehalako neurri zuzentzaile lez, Metro Bilbaok 600 serieko pantografo guztiak barrikusteko kanpainea abiarazo dau, eta trenen mantentze-lanetan beren beregiko barrikuspen-puntua sartu da. Ganera, Metroaren zuzendariak mantentze-zerbitzu barriaren lizitazinoa iragarri dau, instalazino horreek “indartzeko”. Komunikazinoari jagokonez, etorkizuneko konponbide lez geltokietan pantaila digitalak instaletea aitatu dau, gorabeheren barri “denpora errealean” emoteko.

Metro Bilbaoko zuzendariak datuakaz defendidu dau matxurak salbuespenak dirala. Bezeroen zirkulazinoan eta bidaia-denporan eragin zuzena dabenak erakundeak urtean zehar kudeatzen dituan matxura eta gorabehera guztien % 0,4 baino ez dira. Zehatzago, bidaian eragin handia izan eben matxura larriak 10 izan ziran 2023an, 11 2024an, eta 6 2025ean.

Zerbitzuaren fidagarritasuna ikusteko, Arruebarrenak planifikautakoekaz alderatuta benetan egiten diran kilometroak adierazoten dituan “eskuragarritasuna” izeneko adierazlea aitatu dau. Adierazle hori % 99,5etik gorakoa izan da azkenengo urteetan. Urriaren 6ko matxureari jagokonez, anulazinoek edo atzerapen garrantzitsuek “13.966 bidaiarirengan” izan eben eragina goizez eta “7.085 bidaiarirengan” arratsaldez. Gertakari horri jagokonez, 219 erreklamazino, kexa eta iradokizun izapidetu ziran guztira. Horreetatik, 105 erreklamazino formalak izan ziran (horreetatik lau baino ez dira ebatzi barik geratu), eta ganerako 114 kexa eta iradokizunak daborduko izapidetu eta ebatzi dira.

Metro Bilbaok ahalegin handia egiten dau urtero mantentze-lan prediktiboa eta prebentiboa egiteko (30 milioi euro inguru), eta bere plantillako 200 persona baino gehiago eta kanpoko beharginen errefortzuak bideratzen ditu zeregin horretara. Arruebarrenaren berbetan, inbertsino hori “bikoiztu egin da” azkenengo 10 urteetan.

Trenen barriztapena eta metroko komunikazino sistemea Bizkaiak datozan urteetan garraio publikoan egingo dauen inbertsino publikorik handiena da, 700 milioi eurotik gorakoa, “gero eta handiagoa dan eskariari aurre egiteko eta segurtasun handiagoa eta zerbitzuaren kalidade hobea bermatzeko”, ahaldun nagusiak azpimarratu dauenez. 37 unidade barri erosteaz gain, aldi berean Aginte-postua barrituko da, eta 1. lineako katenaria konbentzionalaren ordez 2. linean daborduko instalauta dagoan katenaria zurruna jarriko da, Metroko zuzendariak gaineratu dauenez.


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariaga Martínek ez dauka oso argi Metro Bilbaok mantentze prebentibo eta zuzentzailerako behar diran baliabideak daukazanik. Azpimarratu dauenez, metroa zerbitzu ona da, eta etenbako inbertsinoa eskatzen dau, baina arduratuta agertu da Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) aurrekontuko 9 milioi euroak dirala eta, bere azterketaren arabera 2025ean gauzatu barik geratu diralako, Metro Bilbaon zuzeneko eragina izanda eta beharrezkoak diran hobekuntzak atzeratuz, 4. linearen aurrerapena, adibidez. Ganera, Foru Aldundiak informazino kanal espezifikoak kontuan hartu beharko leukezala iradoki dau, “eragin handiko” jazoeretan herritarrei jakinarazoteko.

Horren ostean, EH Bilduko Aitor Llano Lanak onartu dau gorabeherak saihestezinak dirala, baina matxurak herritarrengan izan eban eragin handia azpimarratu dau, egun horretan 40.000 bidaiari inguruk kalteak jasan ebezala kontuan izanda. Talde abertzaleak azpimarratu dauenez, beharrezkoa da hiru zutabetan oinarritutako kontingentziei aurre egiteko jarduketa protokolo eguneratua: zuzenean kaltetutako erabiltzaileei instalazinoetan eta trenetan informazino argia eta etenbakoa emotea, intzidentzia larrialdi lez tratetea, eta beste operadore batzuekaz dagozan garraio alternatiben koordinazinoa hobetzea. Horrez gain, Llanok funtsezko azpiegituretan “talka plana” egitea eskatu dau, zerbitzuaren fidagarritasuna handitzeko eta Metro Bilbaok Euskadiko beste zerbitzu batzuen antzeko “narriadurea” jasatea saihesteko.

Raquel Gonzalez Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak adierazi dauenez, orandino zalantzak dagoz matxurea aurreikusi edo saihestu ahal ete zanaren inguruan, eta mantentze-lanetan “zuzendu beharreko gap” bat dagoala azpimarratu dau, Metroko Zuzendariak berak azaldu dauenez, kanpoko zerbitzuak erabili behar izan ziralako. PPren eretxiz, gakoa ez da Metroaren zerbitzua bera, huts egiten dauenean zelan kudeatzen dan baino, “informazino okerra” eta “kanpoko beste baliabide batzuekaz koordinazino faltea” aitatuz. Horri jagokonez, auditoretza independente baten proposamena ez onartzea penagarria izan dala esan dau, konponbideak batzen eta akatsak modu errazagoan atzemoten lagundu leikelako.

Euskal Sozialistak taldeak “erreserbarik barik” babestu dau unidade mobikorrak eta seinaleztapen sistemea modernizetako plana, zerbitzu eraginkorragoa eta biztanleriaren hazkundera eta metroaren hedapenera egokitua bermatuko dauen proiektu estrategikotzat joten dauelako. Inbertsino horren tamainea (700 milioi euro baino gehiago) eta Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak BGPren bitartez partekatzen daben finantziazinoa dirala eta, Goyo Zurro Tobajas bozeroaleak prozesuari plangintza errealisteagaz, gardentasunagaz eta erakundeen erantzunkidetasunagaz heltzeko beharra azpimarratu dau. Hori dala eta, beharrizan-azterlanei, eskuratu beharreko trenen definizinoari eta inbertsinoaren banaketea eta proiektuaren gobernantzea jasoten dituan plan ekonomiko-finantzarioari buruzko informazino zehatza eskatu dau.

Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga Euzko Abertzaleak taldeko bozeroalea modernizazinoaren alde agertu da erreserbarik barik, eta urriaren 6ko matxureari buruz emon diran azalpenak “soberakoak eta guztiz zehatzak” izan dirala adierazo dau. Intzidentziek persona askorengan eragina izan eben arren, datu objektiboek adierazoten dabe zirkulazinoan eragina daben matxura gitxi dagozala (intzidentzia guztien % 0,4a) eta zerbitzua % 99,6an beteten dala. Matxurearen aurrean modu “kontrolauan eta protokoloen arabera” jokatu zala defendidu dau, eta “kontrol faltearen” idea baztertu dau. Azkenik, Lekerikabeaskoak garraio alternatibei buruzko itxaropenak zehaztu ditu, eta adierazo dau kaltetutako 20.000 persona artatzeko 300 autobus baino gehiago beharko litzatekezala, eta ibilgetu kopuru hori larrialdietarako immobilizauta eukitea itxarotea ez dala errealistea.