ALDUNDIAK BERRETSI EGIN DAU EZ DAUELA “EZELANGO” ERLAZINORIK BERNEDOKO KANPAMENTUAK ANTOLATZEN DITUAN ENPRESEAGAZ

  • Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta, araudiak barrikuspena behar dauela onartuz, udalekuen eskaintza anitza dala eta “ez dalako nahikoa”.
     

(Bilbon, 2025eko azaroaren 12an). Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta, Sarea Euskal Udalekua Elkarteak antolatutako Bernedoko kanpamentuan salatutako gertakarien ondorioz udalekuetan jarduketa-protokoloei buruzko galderei erantzuteko. Arrizabalaga diputatuak modu kategorikoan adierazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak “ez dauka ezelango erlazinorik” enpresa horregaz. Erlazino falta horrek esan gura dau ez dagoala indarrean dagoan hitzarmenik, kontraturik, babesletzarik edo dirulaguntzarik, ez iraganean, ez gaur egun. Ganera, ez jako foru instalazino publikoak erabilteko lagapenik egin erakunde horri, eta ukatu egin dau erakunde horrek hiru Foru Aldundiek alkarregaz antolatutako Udalekuak kanpainan parte hartzen dauenik. 

Foru Aldundiak indarrean dagoan erreglamentua eta araudia “zorrotz” beteten dituan arren, foru diputatuak autortu dauenez udalekuei eta kanpamentuei jagoken legedia “aspaldikoa da eta ez da nahikoa gaur egun”. Gabezia hori umeen eta gazteen opor-egonaldien bilakaerearen ondorio da, bai eskaintzea anitza dalako, bai aukera publikoak eta pribaduak ugaldu egin diralako.

Bizkaiko Foru Aldundiak badaki legedia “lehenbailehen eta eraginkortasunez” eguneratu behar dala. Araudiaren eguneratze hori Bernedoko kasua argitara atera baino lehen astiro aurreratzen ari bazan be, gaia “modu aktiboagoan” suspertu da, gertakarien ondorioz. Gaur egun, astero bilerak egiten ari dira hiru administrazinoetako –Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Eudel– arduradun politikoen eta teknikarien artean, umeen eta gazteen alkarte-aisiari buruzko legeria guztia barrikusteko eta eguneratzeko. 

Gaur egun arlo horretan aplikau beharreko araudiak honeek biltzen ditu: kanpaleku, udaleku eta ibiltaldi ibiltarien araubidea arautzen dauen bagilaren 25eko 170/1985 Dekretua; Gazteriari buruzko martiaren 10eko 2/2022 Legea, eta umeen babeserako beste lege batzuk. Protokoloei jagokenez, Bizkaiko Foru Aldundiak “indarrean dagoan araudia beteten dau eta hobetzen jarraitu dau”, umeak eta nerabeak hezkuntza-aisialdian babesteko prozedurak eta jarduketa-protokoloak eguneratuz. Prozedura eta protokolo horreek udako kanpaina baino lehen argitaratu ziran. Diputatu andreak, holango udalekuak antolatzeko araudiak ezarten dituan baldintzen errepasoa egin dau. 

Bernedoren kasuan biktimei emon jaken arreteari jagokonez, diputatuak argitu dau bere sailak ez dauela zerbitzu hori zuzenean emongo. Arreta integrala Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailaren bidez eskaintzen da. Sail horrek sexu-indarkeria jasan daben personei arretea emoteko zentro bat dau. Zerbitzu horrek egunean 24 orduz jarduten dau, urtean 365 egunez, eta 18 urte arteko umeei zein 18 urtetik gorako emakumeei emoten deutse arretea. Arretea “integrala” da eta “akonpainamentua, arreta psikologikoa eta terapia” estaltzen ditu, profesionalek zehazten dabenaren arabera. Arrizabalagak baieztu dauenez, Bernedo auzian salaketea jarri daben Bizkaiko familietako batek eskatu dau zerbitzu hori. 

Agerraldia eskatu dauen Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroalearen eretxiz, “albiste ona” da Aldundiak orain urte bi Bizkaian zabaldu zan zerbitzu horren bitartez adinbakoei arretea emotea. Bere hasierako esku-hartzean, Gonzálezek adierazo dauenez udaleku horretan egon diran adinbakoen senideek salatu dituen gertakariak “larriak” dira, eta “preminaz” bilatu behar da kanpamentu horreek kontroletako formula bat, holango gertakariak barriro gertau ez daitezan. 


HITZARMENA EUSKAL PILOTA FEDERAZINOAGAZ 2030EKO MUNDUKO TXAPELKETARAKO 

Beste agerraldi batean, diputatu andreak Nazinoarteko Euskal Pilota Federazinoari (NEPF) hitzarmen bidez emondako dirulaguntzeari buruzko azalpenak emon ditu. Bizkaiko Talde Popularrak azaldu dauenez, azkenengo zenbatekoa 250.000 eurokoa izan zan, txapelketearen oinarriek 50.000 euroko gehieneko aurrekontua ezarten eben arren, eta aldaketa hori “ez da justifikau”. 

Diputatu andreak berretsi dauenez, prozesu osoa “legaltasun, zorroztasun eta gardentasun osoz” egin zan, eta Aldundiak ohiko prozeduren arabera jokatu dau. Aurrekontuen igoereari buruzko desadostasunari erantzunez, Arrizabalagak azaldu dau onartutako ekarpen ekonomikoa NEPFak 2030eko Euskal Pilotako Munduko Txapelketearen egoitzea izentatzeko ezarritako kanon ofizialari jagokola. Zenbateko hori Gobernu Kontsejuak aldeko txosten tekniko eta ekonomiko guztiakaz negoziau, juridikoki barrikusi eta onartu eban. Hitzarmena 2023ko bagilean sinatu zan, eta ordainketea “modu publiko eta trazagarrian” egin zan. 

Diputatu andreak azpimarratu dauenez, alderdi administratiboetatik harago, hautagaitzea, nazinoarteko ekitaldiak hartzeko eta Bizkaia modu globalean proiektetako estrategia “koherentearen” barruan dago. Txapelketearen antolakuntzari esker, “gazteen artean kirola sustatuko da, emakumeen parte-hartzea ikusiarazoko da eta euskal pilotea ondare immaterial lez bultzatuko da”, esan dau.