BARAKALDOKO BEC-EN ONDOKO LURSAIL BATEN ERABILERA EGOTALDI “LABUR ETA ERTAINEKO” OSTATUETARAKO ERABILIKO DALA BAIEZTU DAU ALDUNDIAK

  • Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak ziurtatu dauenez, lursaila igazko irailean esleitu eben, “hotel” erabilerarako, eta baztertu egin dau bertan “mini-etxebizitzak” egiteko aukerea.
     
  • Elkarrekin Bizkaiaren ahozko galdera bati erantzunez, diputatuak Bilbo-Bizkaia turismo-bonuen azken kanpainari buruzko balantze ezkorra egin dau, kanpaina horretan eskinitako bonuen % 27a baino ez zalako saldu


(Bilbon, 2022ko irailaren 29an). Ainara Basurko Ekonomi Sustapenerako foru diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, baieztu dauenez, BECeko Administrazino Kontsejuak orain dala urtebete esleitu eban azoka-gunearen ondoko lursail bat, “600 estudio/apartamentu inguru” eregiteko, “hotel-apartamentu formatuan”, “aldi baterako” “egotaldi labur eta ertainetarako”, eta hiru tipologia arkitektoniko desbardinakaz, “estudioak, logela bakarreko bizitokiak eta logela biko bizitokiak” barne. Diputatuak ukatu egin dau, beraz, saldutako partzelan “mini-etxebizitzak” eregiko diranik, eta “hotel erabilerea” emongo jakola esan dau. 

Elkarrekin Bizkaia taldeak diputatua batzordean egotea eskatu eban, Barakaldoko BECen kudeaketaren inguruko azalpenak emoteko, eta, zehatzago esanda, espazioen egokitzeari eta eraikinaren barruan gimnasio bat jarteari buruzkoak, bai eta ondoko lursail batean “mini-etxebizitzak” eregitearen ingurukoak, besteak beste.

Basurkok, bere berbaldiaren zati handian, BECeko Administrazino Kontsejuak orain dala urtebete saldutako espazio hori, batez be bere jarduereagaz erlazionautako hotel erabileretara bideratzeko emon diran pausuak azaldu ditu, Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusita dagoan moduan.

Lursaila saltzeko ahalegina 2004an BEC edegi zan une berean hasi zan. Lehenengo ahaleginean “ez zan egon” hirigintza-proiektu hori bere gain hartu gura izan eban “inbertitzailerik”, eta higiezinen krisiaren ondorioz lurzorua saltzeko asmoa gelditu egin zan, diputatuak azaldu dauenez. 2019an, BECeko administrazino-kontsejuak beste salmenta-prozesu bati ekitea erabagi eban, eta irailaren 26an amaitu zan, lursaila lehiaketara aurkeztu zan enpresa “bakarrari” esleituta. Ondoren, abenduaren 17an, aldeek salerosketa-eskriturea sinatu eben.

Basurkok jakinarazo dauenez, idazkian bertan jasota geratu da eregiko dan azpiegiturak “hirugarren sektoreko hotel-erabilerea” izan behar dauela, eta jakinarazo dau salmenta-eragiketa hori “puntuala eta bakarra” dala, azokaren hasieratik kontuan hartutakoa, eta “etorkizunean ez dala errepikauko”. Erabilera “osagarria eta onuragarria” da, eta “sinergia garrantzitsuak” sortuko ditu BECen jarduereagaz, azaldu dau.

Argibide horren ostean, Basurkok BECen 2017-2020 epealdi estrategikoko zenbait datu ekonomiko emon ditu. Lortutako emaitzetan oinarrituta, ustiapeneko diru-sarrerak “% 6,93” handitu ziran, proiektauta egoanaren aldean. Konbentzinoen bidezko diru-sarrerek “bikoiztu” egin ditue aurreikuspenak, eta Bizkaia Arenari lotutako diru-sarrerek “% 18,9” egin dabe gora. 2018an, azokak 2 milioi euroko emaitza positiboa lortu eban. Diputatuak baieztu dauenez, 2023-2026 aldirako plan estrategiko barria egiteko hausnarketa-aldia edegi da.

Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak zalantzan jarri ditu datu horreek, eta BECeko zifrak Makina Erremintaren Biurtekoa dagoanean “baino ez dirala salbetan” adierazo dau. Izan be, ganerako aldietan “oso arraroa” da pabiloi guztiak erabiltea. Escalantek ez dau ukatu azoka-azpiegitura bat izateko beharra, baina zalantzan jarri dau horren “neurribako” tamainua. “Bilbainada bat izan zan”, esan dau.


BONU TURISTIKOEN SALMENTAK “EZ EBAN HELBURURIK BETE”

Ahozko erantzun-eske baten bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak ostatuetarako, jardueretarako eta turismo-agentzietarako BilbaoBizkaia bonuen kanpainaren ebaluazinoa egitea gura eban talde moreak. Bilboko Udalagaz batera gauzatutako kanpaina horrek, martiaren 31ra arte atxikitako establezimenduetan erosketak egiteko diru-laguntzea emoten eban.

Basurkok adierazo dauenez, kanpainak “ez ebazan aurreikusitako helburuak bete”, momentu haretan pandemiak sortutako “ziurbakotasun” egoerea zala eta. Horrek eragina izan eban bai eskaintzan bai eskarian. 2021eko iraila eta 2022ko martia bitartean, “47.698 bonu” eskini ziran, eta horreetatik “12.733” saldu ziran –guztizkoaren “% 27a–, “928.010 euroren” truke.

Erakunde biek mahai gainean jarri eben aurrekontua 2 milioi eurokoa izan zan, eta helburua, atxikitako establezimenduen ekarpenagaz kopuru hori bikoiztea zan, 4 milioiko inpaktu ekonomikoa lortzeko. Azkenean, Basurkok baieztu dauenez, “284” saltoki batu ziran. Bonuen salmentak portaera “hobea” izan eban kostaldean (1.500 bonu trukau ziran) eta barrukaldean (1.397).


ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Beste alde batetik, Ekonomi Sustapenerako Batzordeak ez dau onartu Bizkaiko Foru Aldundiari Bizkaiko ostalaritza-alkarteakaz lankidetzan aritzeko bideratu jakon arauz besteko proposamena, ostalaritzako lokaletatik apustu- eta joko-makinak kentzen laguntzeko, ludopatiak sortzen dituan “arazoak” ikusita. Talde moreko ahaldun biek bakarrik bozkatu dabe ekimenaren alde. EH Bildu eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin dira, eta Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeetako ordezkariek kontra bozkatu dabe.

Ekimen horren bidez, makina horreek kentzea konpentsetako funts bat martxan jarten laguntzeko, eta jokorik bako ostalaritzako lokalei balioa emongo eutsen katalogoa prestetako eskatu gura jakon Aldundiari. Talde guztiak proposamenaren espirituaren alde agertu dira, baina Foru Gobernua eusten daben talde biek eskaerea Aldundiaren eskumen-eremutik kanpo geratzen dala ohartuarazo dabe.