ALDUNDIAK AHTren BILBOKO OPERAZINOAREN ZATI BAT FINANTZAUKO DAUELA BERRETSI DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAN
- Ahaldun Nagusiak berak berretsi egin dau gai hori, Bizkaiko Talde Popularrak egindako ahozko erantzun-eskean.
- Gernikako Batzar Etxean egin dan kontroleko urteko bosgarren osokoak bost itaun eta ahozko bost erantzun-eske jaso ditu.
- Batzar Nagusietako taldeek Aldundiak gizarte zerbitzuen, energiaren tributazinoaren eta azpiegitura estrategikoen arloetan egin dauen kudeaketea fiskalizau dabe.
(Gernikan, 2026ko maiatzaren 27an). Gernikako Batzar Etxeak, Bizkaiko Foru Aldundiak oposizinoko taldeen ekimenei erantzun deutsien kontroleko urteko bosgarren osoko saioa jaso dau gaur. Eguneko gai zerrendak oposizinoko hiru taldeek –EH Bildu, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia– egindako bost itaun eta ahozko bost erantzun-eske jasoten ebazan, baliabide publikoen kudeaketea eta erakundeek krisi egoerei emon beharreko erantzuna ardatz hartuta.
Diego Pagadigorria Wickek (Bizkaiko Talde Popularra), AHTren Aldundiak Bilboko sarrerea finantzetearen inguruan erespidea aldatzeari buruzko azalpenak eskatuz aurkeztu dauen itaunari erantzunez, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak baieztu dau Aldundiak proiektu “estrategiko” hori zati baten finantzauko dauela, eta ukatu egin dau bere Gobernuaren finantza-laguntzearen inguruan eretxia aldatu danik. Etxanobek esan dauenez, proiektua ezagutu eta gero hartu da erabagi hori, azkenengo urteotan esan izan dan lez.
Ahaldun Nagusiak azpimarratu dauenez, AHT ez da garraio azpiegitura hutsa, bizkaitarren mobikortasuna hobetzeko, Estaduko eta Europako ganerako lekuakaz komunikazinoak hobetzeko eta enpresen lehiakortasuna handitzeko funtsezko tresnea be bada. Horrez gain, energia-trantsizinoan eta deskarbonizazinoan “funtsezko palanka” lez dauen funtsezko zeregina aitatu dau, beste garraiobide batzuen aurrean trena bultzatzen dauelako.
Etxanobek azpimarratu dauenez, proiektuak tren geltoki hutsaren kontzeptua gainditzen dau: “Lehen mailako proiektu eraldatzailea da, eta mobikortasuna, konektibidadea, etxebizitzea eta personentzako espazio publikoa berreskuratzea batzen ditu”. Azpiegiturak daukan atzerapenari jagokonez –37 urte hasi zanetik–, Ahaldun Nagusiak esan dau atzerapen horreek ez dirala euskal erakundeen konpromiso faltarengaitik izan, erakunde horreek etenik barik egin dabelako behar eta aurreko faseetan finantzaketea Kupoaren bitartez aurreratu dabelako.
Oposizinoaren kritiken aurrean, Etxanobek argi eta garbi esan dau ez dagoala kontraesanik edo eretxi aldaketarik Aldundiaren jarreran. Azaldu dauenez, 2023an konpromisoa hartu ebanetik, hilebeteetako lan teknikoaren eta adostasun instituzionalaren ondorioz planteamendu “helduagoa, zehatzagoa eta aurreratuagoa” izan arte itxoin dau, analisian eta zorroztasunean oinarritutako erabagia hartzeko
KIROL EGOKITUA
Saioa, Raquel Goñi Lácarren (EH Bildu) Itaunagaz hasi da. Desgaitasuna daben personek kirola egiteko daukiezan aukeren ganean itaundu deutso Foru gobernuari, familiek, eskolako etaparen ostean baliabide eta jarraitutasun faltea egon dirala salatu eta gero. Goñik esan dauenez, baliabideak kendu dira, eta beste erakunde batzuekaz koordinauta egoera horri urtenbidea emoteko eskatu dau.
Gai horri jagokonez, Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak azaldu dauenez, Aldundiak “inor baztertuta ez geratzeko” estrategia “aurreratua” dauka. Holan, adierazo dauenez, eredua aldatu egin da azkenengo urteotan, kirol egokituaren aldeko laguntzak dibersifikau egin diralako, beste erakunde eta entidade batzuek parte hartzen dabelako, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazinoan bakarrik oinarritu beharrean. Aldundia kirol ekosistema inklusiboa zabaltzen dabil, partaide barriak batuta: Eskola Kirola, klubak, hirugarren sektoreko erakundeak, udalerriak eta federazinoak. 21 urtetik aurrerako kirol egokituari jagokonez, lurraldeko 18 udalakaz dagoan laguntza teknikoa azpimarratu dau, eskaintza zabaltzeko helburuagaz egiten ari dan lankidetzarako eredu komunitarioaren bitartez.
ENERGIA FISKALIDADEA
Beste Itaun batean, Arantza Sarasola Lartategik (EH Bildu) gaur egungo krisiaren testuinguruan energia enpresen ezohiko irabazien ganeko zergea ezartearen aurrean Aldundiak daukan jarreraren inguruan galdetu dau. Koalizino abertzaleko batzarkideak “itsutasun instituzionala” aitatu dau, sektore batzuk etekinak modu esponentzialean handitzen dabilzalako, eta aparteko neurriak ezarteko orduan familiak “bigarren mailan” ixten diralako. EH Bilduk azaldu dauenez, Europako hainbat herrialde badabiz daborduko energia enpresei aparteko irabazien ganeko zergea ezartea bultzatzen, Espainiako Estadua, besteak beste.
Gai horretan, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak esan dau Bizkaiak fiskalidade “erabilgarri, adimentsu eta koherentearen” aldeko apustua egiten dauela, eta araugintzarako gaitasun propioko eskeman, modu orokorrean zigortuko dauen karga barria ez sartzearen aldeko apustua egiten dauela, energiaren sektorean inbertsinoak oso bolumen handikoak diralako. Europan karga berezia ezarteari jagokonez, Berrojalbizek adierazo dau Aldundiaren jarrerea “tentuzkoa” izango dala. “Zuhurtasunez” aztertuko da, “eraginaren ebaluazinoa” eginda, Foru gobernuaren helburua “zergapetze bikotxa” eta inbertsino berdea zigortuko ez dauen diseinu fiskala saihestea dalako. Holan, argitu dauenez, Bizkaiak badaukaz daborduko enpresen mozkinen arabera tasak apurka-apurka handitzeko zerga-tresnak (Soziedadeen ganeko Zergearen 59 bis artikulua). Tasea % 24tik % 28ra pasau daiteke. Energia barriztagarrietan eta deskarbonizazinoan inbertidutea sustatzeko tresnak be baditu.
MENDEKOTASUN ZERBITZUAK
Beste gai batean, Raquel González Díez-Andinok (Bizkaiko Talde Popularra), Gizarte Ekintza Sailaren esku dagozan zerbitzuetan balorazinoen atzerapenei eta baliabide nahikorik ez egoteari buruzko azalpenak eskatu ditu. PPko bozeroalea Arartekoak egin dituan salaketetan eta familia askoren kexetan oinarritu da, izan be, Bidaideak zerbitzuaren eta etxez etxeko laguntzen egoerea lako kasu zehatzetan itxaron-zerrendak murrizteko neurriak eta konponbideak eta konpromisoak eskatu ditue.
Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatua datuetan oinarritu da, argitu aurretik Arartekoaren txostenak ez dauela “sistemearen egiturazko desorekarik” aitatzen, biztanleriaren zahartzeak eragindako “gero eta presino handiagoa” baino. Aldundiko arduradunak, Foru Aldundiak erabilten dauen guztiaren % 44,7ra heltzen dan bere sailaren aurrekontuaren igoerea aitatu dau, edo mendekotasunaren balorazinoa jasoteko “70 eta 80 egun bitarteko” itxaronaldia, legezko mugea 180 egunetakoa danean, eta PPk kudeatzen dituan Autonomia Erkidegoetan epeak urtebete baino “askoz be” luzeagoak diranean. Gai batzuetan, inoren laguntza behar daben adinekoen preminazko egoeretan, adibidez, itxaronaldi hori 30 egunekoa da Bizkaian, esan dau Antxustegik.
BISOI EUROPARRAREN EGOEREA
Beste Itaun batean, Aitor López Vázquezek (EH Bildu) bisoi europarraren egoera larria eta bisoi amerikarraren hedapena azaldu ditu. Txosten batzuen arabera, Bizkaian iraungi da daborduko, eta Espainiako Estaduan “142 ale” baino ez litzatekez geratuko. Europan, murrizketea % 95ekoa izango litzateke.
Arantza Atutxa Lejarreta Jasangarritasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak baieztu dauenez, Bizkaiko lurraldean bisoi europarra desagertu egin da (azkena 2021ean ikusi zan), eta espezie horrek Europa osoan izan dauen gainbeherea be egiaztau dau, izan be gaur egun “oso eremu mugatuetan” baino ez dago, 2006. urtean “gainbeheran” deklarau zanetik. Aldundia espezie hori birpopulatzeko aukerea aztertzen dabil orain, ugalketa-teknikan aurrera egin dalako, baina argi itxi dau lurraldea bere lehiakide nagusia dan bisoi amerikarretik libre egon behar dala. Holan, Aldundiak “300 animalia baino gehiago” kendu ditu Bizkaiko ibaiertzetatik 2014tik, azkenengo biak Busturian eta Arratian.
EGUZKI PLAKAK LA AVANZADAN
Saioaren azkenengo Itaunean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Ricardo Vaquero Morenok, Leioako La Avanzadako tunelaren estalgietan autokontsumo partekatuari zergaitik egin jakon uko argitzea eskatu dau. Hobekuntzarako proiektuan hasieran aurreikusita egoana baino eguzki plaka gitxiago instalau dira, Vaqueroren berbetan “logika mugatuko” erabagia, Aldundiak instalazinoaren kostuari eta berehalako errentagarritasunari erreparau deutselako, zeharkako beste gai batzuk alde batera itxita.
Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak adierazo dauenez, libre dagoan eta ibilteko moduko estalgia ez dan espazioaren “% 95a” aprobetxau da. Plaka gitxiago instaletako erabagia, herritarrentzako lekua irabazi gura izan eban Leioako Udalak oinezkoak ibili ezin diran azalerea murrizteko hartu dauen erabagiaren ondorio da. Ibili ezin daiteken espazioa 5.000 metro karratukoa izatetik 3.000koa izatera igaro zan, eta horrek nabarmen murriztu eban energia barriztagarrien ekoizpen-iturriak instaletako espazioa. Dana dala, Alzagak iragarri dauenez, 387 eguzki-panel instalauko dira HSMko Peñascaleko kontrol zentroan, eta beste energia-iturri bi AP8ko Iurretako zentroan, panelak eta haize-sorgailu bat instalauta.
BIZKAIKO ERREPIDEEN FINANTZAKETEA
Beste puntu batean, Raúl Méndez Urigoitiak (EH Bildu) AP-68aren emakidearen amaieraren aurrean gaitasun handiko sarearen finantziazino sistemea eguneratzearen inguruan galdetu deutso Foru gobernuari.
Carlos Alzaga diputatuak erantzun dauenez, finantziazino sistemea une honetan indarrean dagoan bera izango da, eta bidesaria, orain egiten dan lez, erabilten diran bideen ustiapen gastuei aurre egiteko erabiliko da. Garagarrilean hasiko da AP-68a erabilteko kanona arautu behar dauen dekretua izapidetzen, behin errepide hori Aldundiak kudeatzen dauenean.
GENERO-ERAGINA PFEZ-N
Beatriz Ilardia Olanguak (EH Bildu), PFEZren arautegiak banandutako personen familia unidadeetan sortzen dauen genero eraginaren balorazinoa eskatu dau, batez be indarkeria matxistearen biktima dirala egiaztau ezin daben personen kasuan.
Teresa Laespada Martínez Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatu andreak esan dau 98. artikuluan ezarten dan zerga horren erregulazino barria “positiboa eta beharrezkoa” dala, hirugarren modalidade bat gehitu dalako, genero-indarkeriaren biktima diran eta egotzi daikien zenbatekoa murrizteko euren aitorpenak batera egin daikiezan emakumeak jasoteko. Bere eretxiz araudi barriak babes handiagoa emoten dau eta segurtasun juridiko handiagoa eskeintzen deutse guraso bakarreko familiei.
IKUSKAPEN MEKANISMOAK
Eneritz de Madariaga Martínek (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) erakunde pribaduek kudeetan dituen zerbitzuetan laneko araudia beteten dala bermatzeko ikuskapen mekanismoei buruzko informazinoa eskatu dau.
Amaia Antxustegi diputatuak gogora ekarri dauenez, laneko kontrola ez dago Aldundiaren esku, baina gogorarazo dau Gizarte Ekintzarako sailak, ikuskaritzako foru zerbitzuen bitartez, beharginen ratioak eta hitzarmenetan eta kontratuetan ezarritako baldintzak kontroletako lanak egiten dituala.
ADINBAKO ATZERRITARRAK
EH Bilduko Urtzi Ostolozaga Arrienek El Vivero egoitza-zentroaren etorkizunaz galdetu dau, bagilean salbuespen-dekretua bertan behera geratu eta Aldundiak zentroa ixteko erabagia argitaratu ostean.
Antxustegik gogora ekarri dauenez, El Vivero zentroa 2024an zabaldu zan, inoren kargura ez dagozan adinbakoak heltzeagaitiko “salbuespeneko” egoerea zala-eta. Larrialdiko dispositibo lez aurreikusita egoala esan dau, eta ez zala azken baliabide lez zabaldu. Barriro esan dau, egoera orain hain larria ez dan arren, harrerako zifrak estaduko araudiak ezarten dauenaren ganetik dagozala. Beraz, erantzunkidetasuna eta adinbakoak babesteko konpromisoa eskatu ditu.