ALDUNDIAK BALDINTZA BAT JARRI DAU METROAREN 4. LINEA FINANTZETAKO: PROIEKTUAK LOTUREA IZATEA ENKARTERRIGAZ ETA BILBOKO HEGOALDEKO AUZOAKAZ

  • Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Gernikan gaur egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan egin dauen Itaunean, Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak, Eusko Jaurlaritzagaz azpiegitura horren trazauari, finantziazinoari eta epeei buruzko akordioa laster lortzea espero dauela esan dau, Aldundiaren konpromisoa “erabatekoa” dala azpimarratuz


(Gernikan, 2025eko zemendiaren 26an). Gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Kontroleko Osokoak metroaren 4. linearen proiektuari heldu deutso, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako Itaun baten ondorioz. Elixabete Etxanobe Landajuela ahaldun nagusiak azpiegitura horren etorkizunaren inguruan planteautako kezkei erantzuteko hartu dau parte. Aldundiaren jarrerea kontuan izanda, eta Osokoan azpimarratu dan lez, metroaren 4. linearen baterako finantzaketea lortzeko, proiektuak Enkarterriko eskualdea Bilboko hegoaldeko eta erdialdeko auzoakaz lotuko dauen loturea jaso beharko dau. 

Ahaldun Nagusiak azpimarratu dauenez, Foru Aldundiak ez dauka “ezelango eskumenik” trenbide lineen plangintzan, diseinuan, egikaritzean edo jardunean. Halanda be, erakundeak “erabateko konpromisoa” dauka 4. lineagaz, metroaren 3. eta 5. lineetan emon eban bultzadeagaz jarraituz. Holan, Aldundiak berretsi egin dau proiektua batera finantzetako konpromisoa, aspalditik erakutsi dauen lez, 2008tik metroari eta trenbideari “1.000 milioi euro” emon deutsaz-eta. 

Aurrera egitea eragozten daben gaiztasunei jagokenez, Etxanobek ukatu egin dau “blokeoa” dagoanik, eta adierazo dau gaiztasunak ez dirala finantzarioak –Aldundiak lineari diruz laguntzeko dirua “prest” daukalako–, ezta politikoak be, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak bat egiten dabelako Irauregi eta Matiko arteko linea garatzeko borondateagaz. Atzerapenak, “konplejutasun tekniko handia” eta Foru gobernutik kanpoko faktoreak dirala-eta jazo dira. 

Azken faktore horreen artean, Etxanobek Zorrotzan trenbidea lurperatzeko beharra aitatu dau (ADIF eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmena), Irauregitik maiztasunak eskini ahal izateko ezinbesteko jarduketea dalako. Etxanobek aitatu dauen beste gai bat Enkarterritik eta Bilboko hegoaldetik igaroten diran FEVEren lineen trenbide-azpiegituraren transferentzia osotzeko beharra da. 

Ahaldun Nagusiak barriro esan dau “erantzukizunez” ari dirala beharrean gaiztasunak konpontzeko, eta hurrengo pausua erakunde bakotxaren erantzukizunak islatuko dituan lankidetza hitzarmena ixtea izango dala. Modu berean, guzurtau egin dau orain arte arlo horretan “ezelango akordiorik” egon danik.

Bere erantzunean, Eneritz de Madariaga Martín Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia Taldeko bozeroaleak “ziurtasun” eta “segurtasun” faltea aitatu ditu, erantzunak bera eta bere taldea “nahiko hotz” itxi dituala esanez. Batzarkideak barriro galdetu dau herritarren plataformak aitatutako finantziazino akordioa (% 45ekoa Aldundiaren eta % 55ekoa Eusko Jaurlaritzaren kontura) itxita egoan ala ez, eta adierazo dau tamalgarria dala Ahaldun Nagusia osokotik “albiste onakaz” urten ez izana. De Madariagak Ahaldun Nagusiaren eta sailburuaren diskurtsoaren arteko “kontraesana” eta “anbibalentzia” kritikau ditu, eta zazpi urte galdu izana leporatu deutse erakundeei.


BESTE GAI BATZUK

Gernikako Batzar Etxeak, itaunen eta ahozko galderen artean eguneko gai zerrendan beste gai batzuk izan dituan kontroleko osokoa jaso dau. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren jarraipenari buruzko erantzunak be eskatu ditu. Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, huts egin eban Lemoizko zentral nuklearraren aurrien etorkizuna aztertu gura izan dau osokoan. Eta, bukatzeko, EH Bilduk Elkartegiak programearen, Bizkaibus zerbitzuaren elektrifikazinoaren, euskerearen erabilerea normalizetako planaren indartzearen, Urduñako estrategia agroekologikoaren eta La Argañedako putzuaren inguruko informazinoa eskatu dau.

Elkartegiak programeari jagokonez, Carlos Alzaga Sagastosoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak Elkartegien okupazino modular globala gaur egun % 77koa dala esan dau. Alzagak uste dau okupazino maila hori “kopuru ona” dala, kopuru txikiak “jarduerearen nolabaiteko porrota” erakusten dauelako eta oso kopuru handiak enpresei eskintzeko lekurik ez dagoala esan gura dauelako. Bere lau hamarkadetan zehar, Elkartegiak programak “1.470 enpresa baino gehiago” sortzea, ezartea eta garatzea erraztu dau, 4.100 enplegu sortuz.

Gaur egun, zentro horreetan 2.638 enpresa eta 1.742 behargin dagoz. Erabiltzaileen batez besteko asebetetze maila orokorra “altua” da, 10etik “7,55” puntugaz, eta inkestan parte hartu daben personen % 71k barriro Elkartegi berean instalauko zala esan eban. 

Bizkaibuseko zerbitzuaren elektrifikazinoari jagokonez, Sonia Pérez Ezquerra Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak azaldu dauenez, jarduketa nabarmenenak karga azpiegiturea garatzean eta Aparkabisatik behar egiten dauen emakidan flotea atoan barriztetean oinarritzen dira. Gaur egun, 21 karga-badia ezarteko obrearen lehenengo fasea egiten ari dira. Ganera, hurrengo faserako proiektuaren idazketarako lizitazinoa egingo da, eta 42 karga-badia gehigarri aurreikusten dira. Martxan dagoan floteari jagokonez, daborduko 15 autobus elektriko lizitau dira Ezkerraldea-Meatzaldea emakidarako, eta sei autobus elektriko gehiago lizitauko dira emakida horretarako 2026ko barritze planean. Pérezek gogora ekarri dauenez, 2027ra arte 142 autobus dagoz lizitazinoan, 26 autobus elektriko, 38 termiko eta 81 hibrido. 

Diputatu andreak adierazo dauenez, Aldundiaren epe luzerako apustuak Europak ezarritako gitxieneko helburuak gainditzen ditu. Helburu horreetan 2030eko abenduaren 31rako 1. klaseko autobus guztien % 32,5 zero emisinoko ibilgailu astunak (propultsino elektrikoa edo hidrogenozkoa) izatea eskatzen da. Bizkaibusek legezko baldintza hori bikoiztea aurreikusten dau, urte horretarako ibilgailuen % 64,71k baldintza horreek beteko ditualako. 2027tik 2035era bitartean, “212 autobus” barrizteteari buruzko erabagiak hartu beharko dirala onartu dau, erabilgarritasun teknologikoa, fidagarritasun operatiboa eta trantsizinoaren kostu osoaren optimizazinoa lako erespideetan oinarrituta. 

EH Bilduk galdetu dau ea Aldundiak Euskerearen Normalizazino Plana egokitu dauen, indartzeko eta baliabide gehiago emoteko, hizkuntza eskakizun jakin batzuen derrigortasun datea aldatu eta atzeratzeko erabagia ikusita. Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak erantzun dauenez, Aldundiak neurri “puntuala” hartu dau, hau da, hizkuntza eskakizun jakin batzuen derrigortasun datea atzeratzea, eta argitu dau ez dala inoiz aldatu lanpostu horreetarako eskatzen dan hizkuntza eskakizuna.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Ricardo Vaquero Morenok, bere aldetik, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren jarraitutasunaren inguruan galdetu dau, proiektua ingurumen eta garapen jasangarriaren printzipioen kontrakoa dala eta lizitazino epeen luzapena lizitatzailerik ez egotearen ondorioa dala esanez. Carlos Alzaga foru diputatuak modu kategorikoan ukatu ditu baieztapen horreek, balorazinoa “proiektuaren kudeaketearen eta tramitazinoaren errealidadearen guztiz kontrakoa” zala esanez. Alzagak ziurtatu dauenez, bere garrantzi estrategikoa dala eta, proiektua zehatz-mehatz ebaluau dau jagokon ingurumen-erakundeak, eta aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) dauka.

Lizitazino prozesuari jagokonez, Alzagak guzurtau egin dau lizitatzaile faltea, eta azaldu dau atzerapena dokumentazino konplejua aztertzeko beharrak eragin ebala, aurrekontua aldatu barik. Izan be, lizitazino-prozesuak ez eban eskaintza-faltarik izan, eta, ganera, zazpi eskaintza aurkeztu ziran, guztira 23 enpresa tartean zirala. Alzagak baieztu dauenez, bigarren lizitazinoa martxan dago daborduko, eta asmoa “hurrengo asteetan” obra zibilagaz jarraitzea da, proiektuak legezko baldintza guztiak gainditu ditualako.

Lemoizko zentralaren instalazinoei jagokenez, 2022an Eusko Jaurlaritzak lurren zati bat Sprilurri atxiki ostean, Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko diputatuak Bizkaiko Talde Popularrari azaldu deutso urtegian mantentze lanak egin dirala eta Kostaldeko zerbitzuagaz kudeatu dala dikearen ganeko emakidea, bertan jardun ahal izateko. Proiektu nagusia akuikultura-industria jasangarria, espezializaua eta kalidadezko produktua dauena garatzera dago bideratuta, Bizkaiko itsasertzeko eremu horretan dibersifikazino ekonomikoa ahalbidetzeko helburuagaz.

Ganera, espazio zabal hori beste erabilera batzuekaz bateragarria izan daitekenez, Aldundia beste industria-proiektu bat hartzeko aukerea aztertzen dabil. Une honetan guztiz konfidentziala da, sustatzaileak halan eskatuta. Foru Aldundia eten barik dago ekimen horreen barri jasoten, eta bere eskumenen barruan proiektuetan laguntzen ari da. Hori dala eta, diputatuak ondorioztatu dau ez dala beharrezkoa jarduketa propiorik hastea daborduko beste sail bati atxikita dagoan industria-eremuaren ganean.

Ahozko beste erantzun-eske batean, EH Bilduk Urduñako Belardi proiektuaren aldeko apustu “sendoagoa” eskatu dau, Aldundiak 80.000 euro baino ez ditualako jarri 1,7 milioi euroko inbertsinorako. Arantza Atutxa Lejarreta diputatuak argitu dauenez, abereak hiltea eta haragia eraldatzea ahalbidetzen dauen eta eskualderako pentsauta dagoan proiektu pribadua da. Atutxak azpimarratu dauenez, Aldundiak bere garapenean parte hartu dau, proiektuaren diseinurako eta garbiketa zentrorako diru-laguntzak emonez, horreek bere eskumen zuzena ez diran arren. Ganera, Belardik Eusko Jaurlaritzaren laguntzea jaso dau, baita Udalarena berarena be.

Koalizino abertzaleak, kasu honetan La Argañedako putzuaren ganean egin dauen beste erantzun-eskeari jagokonez, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu andreak baieztu dau hitzarmen barria lantzen ari dirala udalerriagaz, Karrantzako uraren ziklo osoa aztertzeko eta hornikuntzeari eta saneamenduari helduko deutsen konponbide “orokor eta planifikaua” bilatzeko, hurrengo 50 urteetarako epe luzerako ikuspegiagaz. Gogora ekarri dauenez, txosten geotekniko batek urmaela konpontzeko ezintasuna zehaztu dau, eta putzua erabiltea ezinezkoa zala jakin zanetik, Aldundiak, Ur Partzuergoagaz lankidetzan, agorraldian ur hornidurea eskini deutso udalerriari, herritarrak horniduteko arazoak saihesteko. Halanda be, diputatuak azpimarratu dauenez, herritarrei eta abeltzainei ura bermatzeko erantzukizun nagusia udalerriarena da, Toki Araubidearen Oinarrien Legean adierazoten danez, eta Aldundia “laguntzeko eta alkarlanean aritzeko dago, ez udalaren eskumenak bere gain hartzeko”.