ALDUNDIAK KALKULAU DAUENEZ, ERMUKO MENDEBALDEKO SAIHESBIDEA EGITEKO LANAK 2026AREN AMAIERAN HASIKO DIRA
- Carlos Alzaga Sagastasoloa diputatuak, ingurumen eta administrazino izapideek baldintzatuko daben saihesbide horren lehenengo fasearen kronograma barria emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
- Iragarpenak oposizinoaren eta Foru gobernuko bazkidearen, Batzar Nagusietako Euskal Sozialistak taldearen, kritikak jaso ditu, izan be, azken talde horrek programan Ermurako hartutako konpromisoa “atxaki eta atzerapen gehiagorik barik” bete daitela eskatu dau.
(Bilbon, 2026ko urriaren 15ean). Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordearen aurrera etorri da gaur, EH Bildu taldeko Raul Mendez Urigoitia batzarkideak eskatuta, Ermuko Mendebaldeko Saihesbidearen proiektuaren (1. Fasea Urtia) eguneratzearen egoerearen barri emoteko.
Foru Diputatuak baieztu dauenez, proiektuak hainbat atzerapen izan ditu. Proiektuaren idazketarako laguntza teknikoko kontratua (2022ko bagilaren 30ean sinatu zan hasieran, 32 hilebeteko epeagaz) aldatu egin behar izan zan. Ganera, 2025eko maiatzaren 29an onartutako kontratuaren lehenengo aldaketak 243.785 € handitu eban aurrekontua eta 12 hilebete luzatu eban egikaritze-epea, eta 2026ko maiatzaren 14rako ezarri eban idazketea amaitzeko data barria. Besteak beste, biribilune bi aldatu ziralako eta lan teknikoakaz jarraitu behar zalako jazo zan aldaketa hori.
Carlos Alzagak zehaztu dauenez, “zero bersinoa” izeneko dokumentazino teknikoa eta ingurumenekoa 2025eko garagarrilean entregau zan, eta dokumentazino hori Ingurune Naturaleko Sailera eroan zan, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazino Sinplifikauari ekiteko. Prozedura hori derrigorrezkoa da epeak murrizteko. Aldundiko arlo horrek 2025eko abenduaren 11ra arteko epea dauka prozedurea ebazteko eta proiektuaren behin betiko bersinoak aldeko ingurumen txostenean adierazoteko zein elementu jaso beharko dituan erabagiteko. Egokitzapen horrek 2026ko zezeilerako aurreikusten dan proiektuaren “bat bersinoa” sortuko dau.
Prozesuak Gobernu Kontseiluaren behin-behineko onarpenagaz eta jente-aurrean jartzeko beste aldi bategaz jarraituko dau aurrera. Alegazinoak ebatzi eta gero, eregite-proiektuaren behin betiko bersinoa (“bigarren bersinoa”) 2026ko bagilaren inguruan egongo da eskuragarri. Obraren hasierako aurrekontua 16,6 milioi eurokoa da, eta egikaritze-epea 30 hilebetekoa.
Alzaga diputatuak ondorioztatu dauenez, behin betiko eraikuntza proiektua eskura egonda kontratazino pleguak idatziko dira eta lizitazino faseari ekingo jako. Eskaintzak aurkeztu eta esleipen prozesua amaitu eta gero, zuinketaren aktea sinatzeko “gitxi gorabeherako datea”, obraren hasiera ofiziala, 2026aren amaierea izango da. Alzagak baieztu dauenez, Interbiakek 5 milioi euroko konpromisoa hartu dau datorren urtean lanak hasteko.
GANERAKO TALDEEN KEZKA
Raul Mendez EH Bilduko batzordekideak hasi dau eztabaidea, Interbiak taldeak 2023an emondako hasierako egutegiak lanen hasierea 2025eko negurako aurreikusten ebala gogora ekarriz. Koalizino abertzaleko batzordekideak, bere eretxiz “Ermuko herrian zehaztasun faltea eta kezkea” sortzen ari dan proiektuaren atzerapena deitoratu dau.
Oraingo honetan, gobernukideak, Euskal Sozialistak taldeak, bat egin dau kritika horreekaz. José Alberto Álvarez Castejón ordezkariak bere kezka sakona eta atsekabea adierazo ditu proiektua gauzatzean izandako atzerapen nabarmenak dirala-eta. Tamalgarria izan da aldi baterako konpromisoa eta konpromiso politikoa, “koalizinoko foru gobernua eusten dauen programa-akordioa”, ez dala beteten ari ikustea. Akordio horrek argi eta garbi ezarten eban azpiegitura osorik egingo zala eta Urtia Fasea 2025. urtearen amaieran hasi behar zala. Ordezkari sozialistaren eretxiz, azpiegiturea ez da “kapritxo bat”, mobikortasunaren eta bizi kalidadearen arloan “hainbat hamarkada justiziaren zain egon dan udalerriagaz dagoan zorra” baino.
Álvarez Castejónek “printzipio kontu” bategaz lotu dau atzerapena, lurralde orekearen defentsea aitatuz, Ermuari emon beharreko tratua Bizkaiko beste herri batzuetakoaren bardina izan behar dala adierazoz. Ermuko herritarrek “aide garbia arnasteko, trafiko astunaren zaratarik barik atseden hartzeko eta ingurune seguruan eta osasungarrian bizitzeko” eskubide bera dabela ekarri dau gogora. Hori dala eta, hiru puntu zehatz eskatu deutsaz Azpiegitura Sailari: data egiaztagarriak izango dituan eta fase guztiak jasoko dituan kronograma eguneratua aurkeztea berehala; Udalagaz alkarrizketa arina eta errespetuzkoa bermatzea; eta programa-akordioa “atxakia eta atzerapen gehigarririk barik” osorik beteko dala berrestea.
Horri erantzunez, Foru diputatuak “goitik behera” ukatu dau lanak “posta kodea” dala-eta egin diranik, Bizkaiko geografia osoan egiten ari diran jarduketa ugari aitatuz, lurralde banaketa “zabal eta intentsuaren” froga lez. Alzaga enpatikoa izan da Ermuko arazoagaz, saihesbidea “jatea besteko beharrezkoa” dala esanez. Atzerapenak gaur egungo administrazino prozedurearen konplexutasunari egotzi deutsaz, “oso bermatzailea” dalako eta, hori dala-eta, erabagiak proiektuaren sustatzailearengandik kanpo hartzen diralako. Bultzada politikoa “argia eta sendoa” da, eta obrea “bai edo bai egingo da, kosta ahala kosta”, erantzun dau.
ALDAKETA “ARINAK” ITSASADARREKO BULEBARRAREN PROIEKTUAN
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak iragarri dauenez, bere saila aldaketa “txikiak” diseinetan ari da Itsasadarreko bulebarraren proiektuan, Erandio-Altzaga parean. Erandioko Udalagaz eta Uraren Euskal Agentziagaz (URA) egindako bileren ondorioz, “aldaketa gitxi batzuk” planifikau dira “zintarrietan, peralteetan eta espazioen birbanaketan”, eta horri esker “kotak apur bat handituko dira”.
Neurri horreen helburua itsasoko ura sartzea eragoztea da, aldi berean euri-ura kanporatzea eragotzi barik. Modu berean, pasabideak ez diran eremuetan estetikearen aldetik jarleku jarraitu bategaz konbinauko dan hesi bat integretea aurreikusten da, bai eta lorategi-guneak igoteko aukerea be.
Diputatuak behin baino gehiagotan azpimarratu dauenez, azterketa-fasean dagozan aldaketak “arinak” dira, eta irisgarritasun unibersala bermatu beharko dabe. Erandioko errepidea, zenbait puntutan etxebizitzen eta negozioen atarien ganetik dagoan plataformaren ganetik doanez, ingurua handitzeak “eraikin batzuk zenbait lubakitan lurperatzea” ekarriko leuke. Horregaitik, arrapalek neurrikoak eta eskilara-mailarik bakoak izan behar dabe, lokal, etxebizitza eta kaleetarako irisgarritasunari eutsiz.
Bukatzeko, inguruko enpresen behar logistikoei jagokenez, diputatuak baieztu egin dau hartu-emonak egon dirala eta Metalúrgica Marina enpreseagaz sortu dan arazoa “alde guztiak pozik geratuta” konpondu dala, eta Aldundiak proponidutako diseinuagaz enpresea beren beregi ados dagoala adierazoten dauen 2025eko iraileko idazki bat egon dala.
Raul Mendez (EH Bildu) batzordekideak, gai horri buruzko agerraldi eskaerea, oraintsu egin dan Erandio-Altzaga inguruko arriskugarritasun eta uriola arrisku mapen barrikuspenean eta eguneratzean oinarritzen zala esanez hasi dau bere berbaldia. Bere datuak kontuan izanda, probabilidade ertaina izatetik (100 urteko itzulera-aldia) probabilidade handia izatera (10 urteko itzulera-aldia) igaro da. Mendezek galdetu dau ea Aldundiak Erandioko Udalaren edo URAren jakinarazpen ofizialak jaso dituan, eta zer aldaketa planteetan diran bulebarraren proiektuan zein BI-711 errepidean.
Carlos Alzagak azpimarratu dauenez, foru administrazinoak ez dauka “uriola-arriskuaren” kontrako neurriak hartzeko eskumenik, eta erantzun dau ez dagoala horri jagokon URAren eskaera zehatzik. Testuinguru horretan, proiektua 2024ko martian izandako urioletatik bereizteko hainbat azterlan aitatu ditu Alzagak.
Diputatuak aitatu dau erakunde arteko lantalde bat dagoala Euskadin uriola-arriskuaren kudeaketea eta klimaren aldaketara egokitzea lantzeko, eta adierazo dau Bizkaiko Foru Aldundia ez dagoala talde horretan.
TRAPAGA ETA ORTUELLA ARTEKO BIDEGORRIRAKO ADOSTASUNA
Foru Diputatuak bidegorriaren 4. lineako Trapaga-Ortuella tartea lotzeko 2. Alternatibearen (Azaleko Plataformaren) inguruan lortutako adostasuna baieztu dau batzordearen aurrean. Tartea udalen eskumenekoa dan arren, Aldundia modu aktiboan ibili da beharrean trazadurarako alternatiben azterlan bat egiteko (lau dira guztira), eta 2025eko maiatzean bukatu ebazan lanak, udalei eta herritarren plataformari entzun eta gero.
Aukeratutako alternatibak adostasun zabala dauka lurraldeko eragileen artean (Ortuellako eta Trapagako udalak eta herri plataformea). Alzaga diputatuak adierazo dauenez, Aldundiak “modu positiboan” baloretan dau udalaren jarrera hori, eta 2. Alternatibea hartzen dau konponbide “onargarrien” lez.
Herritarren plataformak proponidutako aldaketek konplexutasun teknikoa eta kostua nabarmen handitzea dakarre. Aldaketa horreen artean dagoz plataforman 5 metroko zabalereari eustea (metro bi oinezkoentzat eta 3 metro txirrindularientzat) eta BI-3748 errepidea egokitzea eta handitzea, puntu batzuetan plataforma osoa 15-16 metrora eroanez.
Alzagak, egin beharreko aldaketen konplexutasun teknikoari lotuta egongo dan hurrengo mugarrien gitxi gorabeherako programazinoa jakinarazo dau, eta 2028aren amaieran amaituko litzatekela esan dau, obrak amaitzen diranean.



