ALDUNDIAK % 9 HANDITUKO DAU BARDINTASUNERAKO AURREKONTUA, INDARKERIA MATXISTEAREN BIKTIMEN BABESA INDARTZEKO

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025eko Aurrekontuak azaltzeko hirugarren jardunaldia egin dabe, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuen agerraldiakaz.
     
  • Teresa Laespada buru dauen sailak 86,6 milioi euroko aurrekontua izango dau, eta Arantza Atutxaren sailak 77,6 milioikoa.
     
  • 2025eko Kontuen azalpena astelehen goizean amaituko da, Gizarte Ekintza eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako sailen aurrekontuen zehetasunakaz. Arratsaldean, Aldundiak egin gura dauen barrikuspen fiskalaren barri emongo jako Ogasun eta Finantzetako batzordeari.

 

(Bilbon, 2024ko azaroaren 8an). Bizkaiko Batzar Nagusietan 2025eko Aurrekontuen Proiektua azaltzeko gaurko saioak Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako foru diputatuaren agerraldiagaz hasi dira. Azaldu dauenez, bere sailaren aurrekontua % 1,76 handituko da datorren urtean, 86.563.871 eurora heldu arte. Sailaren buru danetik, sail horren aurrekontua “% 61,5” igon da, azpimarratu dau. 

Laespadaren sailak gehien azpimarratuko dauen gaietako bat “emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren aldeko konpromisoa areagotzea” izango da. Horri jagokonez, Aldundiaren konpromisoa “indarkeria matxistea eta patriarkaduak desagerrarazotea eta biktimak babestea eta horreei laguntzea” izango da. Indarkeria matxistearen tasek gora egiten jarraitzen dabenez, 2025ean Aldundiak 11,6 milioi euro bideratuko ditu arazo larri horretara, hau da, % 9,26 gehiago.

Gizarte-bazterkeriako arriskuan dagozan personei arretea emotea izango da Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako sailaren beste arreta-guneetako bat. Gizarteratzea izeneko programak 28 milioi euro izango ditu –milioi bat gehiago– “zero kotako” programetan eta balorazino desbardinetan dagozan profil “konplexuetarako” programetan eragina izango daben ekimenak gauzatzeko.

Sailaren beste lehentasunetako bat enpleo-programak indartzea izango da, lehenik eta behin gizarteratzeko elementu lez eta, modu berean, sailaren ekimenak talentua sartzera eta garapen ekonomikoa bultzatzera bideratuz. Gazte migratzaileei eta lurraldean ekintzailetzea sendotzeari begirada berezia emongo jake. Ekimen horreek batuko dituen programea “Enplegua eta Ekintzailetza” da, eta 25.441.730 euroko aurrekontua izango dau, hau da, % 0,67ko igoerea.

Eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundia izango da Garapenerako Lankidetza gehien indartuko dauen euskal erakundea. Programa solidario hori % 1,92 haziko da.

 

ALDUNDIAK LEHEN SEKTOREARI LAGUNTZEKO AURREKONTUA INDARTU DAU

Arantza Atutxak eguerdian aurkeztu ditu Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatu lez dituan bigarren aurrekontuak, 77,5 milioi euro guztira. Beharginen gastua kontuan hartuta, aurrekontua % 2,5 igoko litzateke.

Foru diputatuak partidaka aletu ditu bere saileko kontuak, baina aurrekontua bloke handi bitan banatuta. Alde batetik, lehen sektoreagaz erlazionautako proiektuek eta jarduketek aurrekontuaren % 33a hartuko dabe, eta ingurumen arloko ekimenek % 45a. Gainerakoak zerbitzu orokorren gastuak litzatekez.

Atutxak laburtu dauenez, lehen sektoreagaz erlazionautako ekonomiak “2,8 milioi” gehiago jasoko ditu “Suspertze Plana” indartzeko laguntzetan hainbat programaren bitartez. Lehen sektorea suspertzeko plana martxan jartea da, eta orain dala gitxi aurkeztu da. Azpisektoreetako aurrekontuek nabarmen egin dabe gora, eta gehienek hainbat laguntza jasoten ditue. 17,7 milioi (+%7,4) nekazaritzearen garapenerako; 4,9 milioi abeltzaintzarako (+%18,4); 10 milioi basogintza-sektorerako (+%3,8); eta 2,9 milioi nekazaritzarako (+%7,65).

Ingurumenari jagokonez, Aldundiak ez dau ia aurrekontua aldatuko, 38.000 euro baino ez dalako murriztu. Sailerako erabilgarri dagoan guztiaren % 45a hartzen dauen kapitulu horren barruan ingurumen-azpiegituretara bideratutako 27,3 milioi euroak nabarmentzen dira. Hor sartzen dira Bizkaiko hondartzetako kudeaketea, garbiketea eta inbertsinoak edo Ur Partzuergoagaz sinatutako hitzarmenaren bidez gauzatuko diran inbertsino hidraulikoak. Beste alde batetik, ondare naturalak (Natura Sareko Parke Naturalak) beste 5,3 milioi hartuko ditu, % 1,96 gehiago; eta energia-eraginkortasuna bultzatzeko laguntzek 2,14 milioi izango ditue.

Proiektu horreetako asko sail honen esku dagozan foru erakunde biek kudeatuko dituen aurrekontuetan sartzen dira. Bere esku-hartzean Atutxak baieztu dauenez, Basalanek 13 milioiko aurrekontua izango dau, eta Garbikerrek 53 milioikoa.