ALDUNDIAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAN ADIERAZO DAUENEZ, KONTROLA INDARTU ETA IKUSKATZEKO GAITASUNA HOBETU DALAKO IGON DA EGOITZETAKO ESPEDIENTEEN KOPURUA

  • Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzarako diputatuak Batzar Nagusietako osokoan defendidu dauenez, administrazinoaren azkartasun handiagoak eta araudi barriek erabiltzaileen eskubideak bermatzeko gainbegiratze “zehatzagoa” ahalbidetzen dabe.
     
  • EH Bilduk ez dau bat egin Foru gobernuaren irakurketa positiboagaz, eta argudiatu dau administrazinoaren funtzionamendu egokiak arau-hausteak eta zehapenak murriztea izan beharko leukela helburu, zerbitzua hobetzearen erakusgarri.
     
  • Gernikako Batzar Etxean egin dan urteko kontroleko laugarren osokoak, gai honeen inguruko itaunak (3) eta ahozko erantzun-eskeak (5) jaso ditu eguneko gai zerrendan: tokiko merkataritzarako laguntzea, etxebizitzen edukitzaile handien identifikazinoa, BI-630 errepideko lanen amaierea, desgaitasuna daben personentzako balioztatze bikotxa garraio publikoan, euskerearen erabilera okerra Bizkaibusen kanpaina batean, Errentaren kanpainarako “familia unidadearen” beste definizino bat sartu izana eta BEZaren frankizia erregimenaren ezarpena.


(Gernikan, 2026ko jorrailaren 29an). Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzarako foru diputatuak Gernikako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien kontroleko osokoan parte hartu dau gaur, EH Bilduk eskatuta, lurraldeko egoitzetako zigor espedienteen igoerea azaltzeko. Bere esku-hartzean, diputatu andreak igoera hori zuzen-zuzenean lotu dau ikuskapen mekanismoen hobekuntzeagaz eta administrazino izapideak egiteko gaitasun handiagoagaz, eta baztertu egin dau datuek zerbitzuaren narriadura orokorrari erantzuten deutsienik. 

Izaskun Duque Santocoloma EH Bildu taldeko batzarkideak egindako itaunak, erregistrautako espedienteen kopururen igoeran jarri dau arretea, izan be, 2024an 28 izatetik 2025ean 214 izatera pasau dira. Azkenengo urte honetan “egoitzen % 70 baino gehiagok” espedienteren bat izan dabe zabalik. Kopuru horreek ikusita, Antxustegi Ziardak azpimarratu dau igoera horrek ez dauela esan gura lehen baino arau-hauste gehiago dagoanik, sistema “zorrotzagoari” esker Foru Aldundia orain urraketa “guztiak” detektetako eta izapidetzeko gai dala baino. 

Diputatu andreak gaur egungo egoerea azaltzen daben funtsezko hainbat faktore zehaztu ditu. Lehenik eta behin, egoitza-zentroei buruzko 126/2019 Dekretua indarrean sartu zala eta zentroetara egokitzeko epea 2021ean amaitu zala aitatu dau. Horrez gan, euskal administrazino publikoen zehatzeko ahalmenari buruzko 1/2023 Legea aplikau da. Lege horrek ikuskapen zehatzagoak egitera behartzen dau, kalidade-estandarrak beteten dirala eta egoiliarren eskubideak babesten dirala ziurtatzeko. 

Arlo operatiboan, Aldundiak bere egitura teknikoa indartu dau, ikuskapen taldean lau espezialista sartu dituan bitarteko funtzionarioen programea sortuz. Ganera, espediente horreen kudeaketea errazteko eta arintzeko beren beregi prestatutako programa informatiko barria ezarri da. 

Egoitzen egoereari jagokonez, Antxustegi Ziardak sektoreak Bizkaian dauen errealidadea testuinguruan jarteko datuak emon ditu. Baimendutako 157 egoitza-zentroetatik, 58k ez eben zehapenik jaso, erregistratutako 49 etxebizitza komunitarioetatik 37k lez. 

Diputatu andreak argitu dauenez, urraketa guztiak ez dira larritasun berekoak. Kasu gehienak mantenidute-beharren edo beharginen ratioetan ez-betete puntualen inguruko “kontu txikiei” jagokez. Azken horreek gero eta gitxiago dira. Oso larritzat jo diran zehapenei jagokenez, diputatuak zehaztu dauenez, danak egon dira lotura fisikoen erabilereagaz erlazionauta, baimen informaurik edo erregistrorik ez egoteagaitik, eta Gizarte Ekintzarako Sailak plan zorrotza dauka arlo horretan, apurka-apurka desagertu daiten. 

Bere erantzunean, EH Bilduko batzarkideak ez dau bat egin Foru gobernuaren irakurketa positiboagaz, eta argudiatu dau administrazinoaren funtzionamendu egokiak arau-hausteak eta zehapenak murriztea izan beharko leukela helburu, zerbitzua hobetzearen erakusgarri. Modu berean, salatu dauenez, espedienteen kopurua “laukoiztu egin da” urtebetean (2024tik 2025era bitartean), antzeko ikuskapen kopurua egin dan arren, eta administrazino prozesuen moteltasunak –urte bi arte iraun daikienak– eskubideak urratzen diran egoerak kronifiketan dituala kritikau dau. Bukatzeko, Duquek esan dau gaur egungo isunak ez dirala disuasinozkoak enpresa kudeatzaileen etekinen aurrean, eta, horregaitik, ikuskapen eta zehapen sistemea aldatzea proponidu dau. 


ALDAKETAK ZERGA ARAUDIAN 

Bizkaiko zergen araudian egin diran aldaketek oposizinoko taldeen interesa piztu dabe kontroleko osoko honetan. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak etxebizitzearen edukitzaile handiak zelan atzemon daitekezan itaundu deutso Aldundiari. Eneritz de Madariaga Martin batzarkideak, lurraldean jaube handi horreek identifiketako eta politika fiskal eta publiko hobeak garatzea galarazoten dauen datu faltea –ez beste lurralde batzuetan– arintzeko Ogasun Sailak hartuko dituan neurrien inguruan galdetu dau. 

Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak erakundeen arteko lankidetzea aitatu dau gai horretan zorrotzak izateko, izan be, une honetan, Ogasunaren esku dagozan katastroko datuak erabiliz jaube handi horreek ondo definiduteko eta auziak saihesteko “oztopoak” dagoz. Oztopo horreen artean, Berrojalbizek jaube bat baino gehiago daukiezan etxebizitzak edo herentzia bidez iritsi diran jaubetzak manejetako moduak aitatu ditu. Dana dala, positiboa izan da, “bide onera heltzeko pausuak egon badagozalako”. 

Bere esku-hartzean, diputatu andreak alokairurako erreferentziazko prezioen indizeen sistemea eguneratzeko ebazpena joan dan apirilaren 20an Estaduko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzea ahalbidetu eban erakundeen arteko lankidetzea azpimarratu dau, “arrakasta handiko” pausu horreen artean. Bizkaiko Foru Ogasunaren, Eustaten eta Etxebizitza Ministerioaren arteko alkarlanari esker, Barakaldo, Bilbo, Getxo, Portugalete eta Santurtzi lehenengoz sartu dira etxebizitzen alokairuaren prezioaren erreferentziako estaduko sisteman (SERPAVI), eta lurraldean tentsionautako eremu izentau dira. Zerrenda ofizialean sartzeari esker, errentatzaileek zein errentariek erreferentziazko prezioei buruzko datu-base publikoa dabe, eta jaubeek Bizkaian egin barri dan zerga-barrikuspenean onartutako zerga-pizgarriak aplikau ahal izango ditue. 

Berrojalbiz, errenta aitorpenean “familia unidade” izenaren erespide aldaketea azaltzeko be igon da atrilera, izan be, EH Bilduren eretxiz, azkenengo zerga barrikuspenean preminazkoa izan dan aldaketa horrek seme-alabak dituen familia bananduak “pobretu” egingo ditu, batez be emakumeak. Diputatu andrearen eretxiz, aldaketa hori “neutraltasun fiskala” bilatzearen eta familia ereduen aniztasunera egokitzearen ondorioa da, gura ez ziran ondorioak sortzen ebezan batasun formalizauen eta ez formalizauen arteko justifikazinorik bako aldeak ezabatuz. 

Diputatu andrea generoaren araberako eragin negatiboaren argumentuaren kontra agertu da, genero ikuspegiari buruzko bere sailaren txostenaren datuak emonez. Adierazo dauenez banandutako personak Bizkaiko zergadun guztien % 5,59 dira, ia % 50 gizonak eta beste horrenbeste emakumeak. Ganera, aitatu dauenez, Eustaten 2024ko datuen arabera, zaintza partekatua kasuen % 64,6an emon zan Euskadin. Hori dala eta, zalantzan jarri dau zaintzea emakumeei bakarrik jagokela. Bukatzeko, azpimarratu dauenez, erreformak “guraso bakarreko benetako 2.100 familiei” egiten deutse mesede lurraldean, zerga bateratuagaitiko murrizketea “4.800 eurotan” handitu dalako.

Osokoa, Bizkaiko Talde Popularrak BEZaren frankiziaren erregimenari buruz egindako ahozko erantzun-eskeagaz bukatu da. Europako zuzentarau bati jarraituz, urtean 85.000 euro baino gitxiago fakturetan daben autonomoak Bizkaian BEZetik salbuesteko aukerea emongo dauen sistemea ezarteko balorazino bat egin daiala eskatu deutso Ogasuneko diputatuari. Aldundiak “modu positiboan” balorau dau erregimen hori, eta, Ekonomia Itunaren arabera derrigorrezkoa danez, Kongresuan onartzen bada Bizkaiak aplikauko dau, besteak beste, “burokrazia murriztea” ahalbidetuko dauelako, Berrojalbizen berbetan. 


ERREPIDEAK, GARRAIO PUBLIKOA ETA TOKIKO MERKATARITZA 


Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, BI-630 errepideko lanen amaierearen inguruan galdetu dau. Talde horrek errepide horretan amaitu barik dagozan tarteen egoereari eta amaitzeko epeei buruzko informazinoa eskatu dau, eta lanak 2025ean amaitzeko konpromisoa ez dala bete salatu dau. Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak baieztu dauenez, obrearen bost faseetatik bakarra amaitu da (21 kilometrotatik 5), eta Aldundiak aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa dau, baina onartu dau zailtasunak dagozala amaitu barik dagozan faseak “bideragarri bihurtzeko”. Errepidea Ingurumen Babeseko eremu batetik doa eta “oso fin harilkatu behar da”; beraz, proiektuen “aurrekontuak eta epeak bikoiztu egiten dira”, adierazo dau data zehatza zehaztu gura izan barik. 

Horrez gain, EH Bilduk itsuak edo gurpil-aulkian doazenak balioztatze bikotxeko sisteman sartu ahal izateko egingo diran ekintzen inguruan galdetu dau, euren laguntzaileak arazorik barik doban bidaiatzea ahalbidetuz. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bitartez atzemondako gorabeherak zuzenduko dira, lurraldeko operadoreei zuzendutako sentsibilizazino kanpaina baten bitartez, Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzarako diputatuak erantzun dauenez. 

Euskerearen erabileran akatsak saihesteko EH Bilduk egindako ahozko erantzun-eske batean, Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak parkamena eskatu dau, gizalegearen kontrako jokabideak dirala eta errespetua sustatzeko kanpaina baten itzulpen akatsa dala eta. Diputatu andreak jakinarazo dauenez, “hizkuntzea kontroletako eta balioztatzeko mekanismoak indartu dira”. EH Bilduk esan dau ez dala Bizkaibus zerbitzuan hori gertatzen dan lehenengo aldia, foru kanpainetan euskerearen erabilera egokia ziurtatzeko dagozan kontrol mekanismoak zalantzan jarriz. 

Bukatzeko, beste itaun batean, koalizino abertzaleak eskaria egin deutso Aldundiari, tokiko merkatarien alkarteentzako, autonomoentzako eta mikroenpresentzako laguntza espezifikoak prestetako asmoa daukan argitu daian, tokiko kontsumoa eta sektorearen modernizazinoa sustatzeko. Ainara Basurko Urkidi Ekonomia Sustatzeko diputatu andreak, hiru sailetatik (Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna; Ogasuna eta Finantzak; eta Ekonomiaren Sustapena) gertuko merkataritzari laguntzeko egiten ari diran jarduketen errepasoa egin dau.