ALDUNDIAK ADIERAZO DAUENEZ, ESTALTZE-LANAK AMAITU OSTEAN AVANZADAN EZ DAGO ZARATA-MAILA HANDIAGOAK JASATEN DITUAN “ERAIKIN BAKAR BAT BE”

  • Carlos Alzaga Sagastasoloa diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, estaldurak, batez beste, zaratea 20 dezibelio ingurutan murriztea lortu dau.

 

(Bilbon, 2025eko azaroaren 25ean) Carlos Alzaga Sagastasoloa Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da gaur arratsaldean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Leioa parean Avanzada (BI-637) estaltzeko eta egokitzeko obren egoerearen barri emoteko. Foru diputatuak azpimarratu dauenez, lanak amaitu ostean Avanzada inguruan ez dago zarata-maila handiagoak jasaten dituan “eraikin bakar bat be”.

Alzagak azpimarratu dauenez, estaldurak inguruko zaratea batez beste 20 dezibelio inguru murriztea lortu dau. Tunelaren ahoetatik hur dagoan zarateari jagokonez, inguruko eraikin guztiek hobetu ditue euren soinu-mailak, eta eremu pantailatuetatik oso urrun dagozanek bakarrik jarraitzen dabe aurreko maileagaz. Alzagak adierazo dauenez, datu hori “objektiboa da, eta ez inpresino subjektiboa”, eta etorkizuneko neurketek berretsiko dabe.

Obra horri esker, tunela Tunelen segurtasunari buruzko dekretura egokitu ahal izan da, eta udalerriaren zatiketea desagertuarazo da. Leioako herritarrek 18.000 m²-ko bulebar barria irabazi dabe, eta orain mobikortasun arinagoa dabe, biribilune bi eregi eta oinezkoen ibilpideak hobetu diralako.

Diputatuak baieztu dauenez, Avanzada estaltzeko eta egokitzeko lanak “amaituta eta martxan” dagoz. Irailaren 31n, lanen % 99,3a eginda eta ziurtatuta egoan, eta, beraz, ondorio guztietarako bukatutzat jo daitekez. “Seinaleztapenagaz, balizamenduagaz, pantaila akustikoagaz eta urbanizazinoagaz lotutako erremate batzuk” geratzen dira, eta lan horreek “unean uneko” trafiko mozketakaz egiten dira, gauez inguruaren konplexutasunak erabateko mozketak eskatzen ditualako. Kalkuluen arabera, lan horreek “aste bi barru” amaituko dira.

Azkenean, inbertsinoa “63,3 milioi eurokoa” izan da, hasieran iragarritakoa (63 milioi) baino apur bat gehiago. Onartutako aldaketek ez dabe aurrekontu-esleipen handiagorik behar izan. Lanen betearazpenerako epea ia urtebete murriztea lortu da, erabiltzaileenganako eragina txikituz, eta estalitako metro gehiago lortu dira, galeriak orain daukazan “800 metro linealak” osatu arte.

Pantaila akustikoei jagokenez, argi gehiago jarri da pantailetan, eta “erraz landareztatzeko moduko” pantaila tipologia aukeratu da. Oinean landare ugari jarri dira, hilebete batzuetan itxura ez daiten hain inbaditzailea izan.

Leioako Udalagazko koordinazinoari jagokonez, Diputatuak adierazo dau hartu-emona “erabateko lankidetzakoa” izan dala, eta horrek urbanizazinoagaz erlazionautako udalaren eskaerei erantzutea ahalbidetu dauela.

Eta energia barriztagarriaren sorkuntzeari jagokonez, Alzagak baieztu dau instalazinoen kontsumorako beharrezkoak diran panel fotovoltaikoak instalau dirala. 1.388 paneletako hasierako kopurua “% 30” murriztu da, errazoi teknikoak eta indarrean dagoan araudi elektrikoa dirala-eta, Herri Administrazinoak kontsumiduko dauen energia bakarrik produzidu daikelako (tunela egunez argiztatzeko) eta ezin dalako energia merkaturatzaile bihurtu. Produkzino elektrikoko materialaren aurrezte hori “estaldura, estalgiko metro karrau, balizamendu eta ganbera dual gehiagogaz” konpentsau da.

Beste alde batetik, Richar Vaquero Moreno Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak, bisita pertsonalean oinarrituta, esan dau obrek aurrera jarraitzen dabela (makinak beharrean eta ingurua konoz beteta), horreek “obra txiki” moduan sailkatzen diran arren, eta bere harridurea adierazo dau, Leioako Udalagaz egon dan ustezko koordinazinoarengaitik, zinegotziek esan deutsielako Aldundiak ez deutsela informazinorik emoten. Azkenik, lurperatzearen bigarren fasea aztertu behar dala uste daben herritarren eretxia azaldu dau. Izan be, bere berbetan, Leioako herrigunean eragozpenak dagoz oraindino, eta beharrezkoa da ikusmeneko oztopoak, oztopo fisikoak eta akustikoak kentzea.

Bukatzeko, Bizkaiko Talde Popularrak errepide horretan, batez be Getxorako noranzkoan, antzemandako zirkulazino arazoei buruz galdetu deutsonean, diputatuak denporea eskatu dau egoerea ebaluetako, obretan “pilaketa arazo batzuk” gertatu dirala onartuta. Obrea bukatu ostean, bere sailak “6 edo 7 hilebeteko” epea planteau dau hobekuntzek eguneroko trafikoan daben eragina aztertzeko.