ALDUNDIAK ZIURTATU DAUENEZ, ARTE EDERREN MUSEOA HANDITZEKO LANAK AMAITZEKO EPEAK HIRU HILEBETETAN LUZATZEAK “EZ DAU ALDAKETARIK ERAGINGO” OBRAREN AZKENENGO ZENBATEKOAN

  • Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua Batzar Nagusietara etorri da, EH Bilduk eskatuta, Arte Eder Museoa handitzeko lanen atzerapena azaltzeko.

 

(Bilbon, 2025eko urtarrilaren 10ean). Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur goizean, EH Bilduk eskatuta, Bilboko Arte Eder Museoa handitzeko lanen inguruan iragarritako atzerapena dala-eta. Museoaren patronatuak emondako informazinoan oinarrituta Aldundiko arduradunak Euskara, Kultura eta Kiroleko batzordean baieztu dauenez, Arte Eder Museoaren handitzeko lanak bukatzeko onartutako hiru hilebeteko “gehieneko” aldi baterako eteteak ez dau obraren azkenengo zenbatekoa aldatzea ekarriko. 

Agerraldiko idazkian, koalizino abertzaleak Miguel Zugaza museoko zuzendariaren adierazpen batzuk azaleratu ditu. Adierazpen horreetan, abenduaren 12an egindako agerraldi publikoan, Bilboko pinakotekako instalazino barrien entregea 2025eko zemendira arte atzeratuko zala iragarri eban, hasieran aurreikusitako epea garagarrila zan arren, esleipena lortu eban ABEEko azpikontratetako bat –Inbersa– hartzekodunen konkurtsoan sartu dalako. Enpresa hori eraikinaren egitura barrietako bat egiteaz arduratzen zan.

Aldundiko arduradunak baieztu egin dau ABEEak eskatuta lanetan gertatu dan geldialdia, eta bere agerraldian azpimarratu dauenez, “kontratistak ez dau eskubiderik izango kostuak, gastuak, kalte-ordainak edo zehapenak eskatzeko”. Patronatuak, abenduan, “aldi baterako eta zati baterako” etete eskaria onartzea erabagi eban, “hiru hilebeterako gehienez be, luzatzeko aukera barik”, eraikin barriaren “xafla nagusiak” jarten amaitu behar ziran unean. “Lanak etetearen eraginik jasaten ez dauen guztian” obrak jarraitu egingo dau, azaldu dauenez. Geldialdia “ez da gure gustukoa”, gehitu dau Arrizabalagak, “baina gertatu da eta egoereari sendotasunez egin beharko deutsagu aurre”.

Bilboko Arte Eder Museoa barriztetako proiektua nazinoarteko lehiaketa baten bitartez definidu zan, eta bertan Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoen “Agravitas” proposamena nagusitu zan. Arrizabalagak gogora ekarri dauenez, proiektuak 6.743 metro karratu barri eta lehendik dagozan 8.000 metro karratu egokituko ditu museorako. Handitzeko lanen lehenengo harria 2022ko zemendian jarri zan.

 

84.000 EURO BIKEE PROIEKTURAKO

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak BIKEE - Bizkaian Kirolean Ere Euskaraz proiektuaren garapenaren inguruko azalpenak eskatu deutsaz Aldundiari Batzar Nagusietan. Hain zuzen be, proiektuaren aurretiazko azterketeari eta emaitzei, proiektuaren helburuei eta aurrekontuko partidei buruzko datuak eskatu ditu.

Eskola kirolean euskerearen erabilerea sustatzeko 2017an sortu zan programa horri jagokonez Aldundiko arduradunak gogora ekarri dau urriaren 21ean aurkeztu zala eskolako kirol komunidade osoa umeak euskeraz berba egitera animetako konpromisoa hartzea bilatzen dauen hizkuntza dekalogoa. Ekimenean parte hartzeari buruzko daturik emon ezin izan dauen arren, “balorazino batzordea oraindino ez dalako eratu”, foru diputatuak aurreratu dau BIKEE programea ezarri eta gauzatzeko orduan federazinoen eta kirol kluben erantzuna “bikaina izaten ari dala”. Aurton programea gauzatzeko dagoan aurrekontua “83.860,50 eurokoa” da.

Popularren eretxiz, proiektua, orokorrean, “ondo dago”, baina Diego Pagadigorria batzarkideak adierazo dauenez, bere taldea “ez dago eroso” epaileek euren hizkuntza lehentasunak erakutsi ahal izan daiezan banatu diran 7.000 besokoen erabilereagaz. Besokoa erabiltea “ez da positiboa, diskriminazino negatiboa eragin leiken markea dalako”, esan dau. Diputatu andreak ukatu egin dau neurri hori diskriminatzailea danik. “Aurreretxiak eta mamuak alde batera itxi behar dira. Batez be eskualde euskaldunetan laguntzeko balio dau”.