ALDUNDIAK ZIURTATU DAUENEZ, “BERANDU BAINO LEHEN” 4. LINEAREN BEHIN BETIKO TRAZAUARI BURUZKO BESTE AKORDIO BAT EGINGO DA EUSKO JAURLARITZAGAZ
- Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Batzar Nagusien Osokoan baieztu dauenez, Gasteizko Jaurlaritzagaz izaten ari diran negoziazinoak “gehiago ari dira zentretan” obraren plangintzan, Alonsotegi, Bilboko hegoaldeko auzoak (Zorrotza, Basurtu, Errekalde eta Irala) eta erdiunea “metro maiztasunagaz” lotuz “ahalik eta arinen” egin behar dan proiektuaren ibilbidean baino.
(Gernikan, 2025eko apirilaren 30ean). Gernikako Batzarretxeak urteko kontroleko laugarren osokoa hartu dau gaur goizean, oposizinoko taldeek erregistrautako zazpi gai jaso dituan gai zerrendeagaz, 3 Itaun eta ahozko 4 erantzun-eske, hain zuzen be. Gai horreetako baten, EH Bilduk metroaren 4. linearen behin betiko ibilbideari buruz galdetu deutsonean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak adierazo dau bere Gobernuak ez daukala “ezelango arazorik” trazaua Moyuatik badoa, Abandotik joan beharrean, hasieran aurreikusita egoan lez. Aldundiko arduradun nagusiak barriro ekarri dau gogora konpromiso sendoa dagoala lana Eusko Jaurlaritzagaz batera finantzetako, baina finantzaketearen % 50 bere gain hartzeko baldintzak, Enkarterriko, Bilboko hegoaldeko auzoetako (Zorrotza, Basurtu, Errekalde eta Irala) eta Bilboko erdiuneko (Moyua edo Abando) herritarren mobikortasunari “kalidadezko” zerbitzuaren bitartez “ahalik eta arinen” erantzutea dirala.
Gernikako Batzarretxean egindako osokoan Etxanobek azaldu dauenez, berak zuzentzen dauen erakundea “negozietan ari da” Eusko Jaurlaritzagaz, obraren plangintzea zehazteko, izan be, gogora ekarri dauenez, Eusko Jaurlaritza da trenbide azpiegiturea planifiketako, gauzatzeko eta ustiatzeko eskumena dauen erakundea, eta Aldundiak, ezelango betebeharrik ez daukan arren, obraren kostuaren erdia hartu gura dau bere gain, 1.,2.,3. eta 5. lineetan egin dauen lez. Hori bai, horretarako hainbat baldintza bete beharko dira, besteak beste, lehen aitatutako auzoei zerbitzua emotea, “metro maiztasunak” sartzea eta obra “ahalik eta arinen” egitea. Eskaeren artean, Aldundiak, Irauregi eta Balmaseda arteko zerbitzua hobetzea eta Zorrotzako trenbide-pasagunea lurperatzea be aitatu dau.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan dauenez, Aldundiak “dirua prest dauka atoan jarduteko” Metroaren 4. linean, eta, etorkizunean AHTa puntu horretara helduko dala-eta Abandoko konexinoak zentzun handiagoa daukala uste dauen arren, Eusko Jaurlaritzak planteautako Moyuako aukerea “guztiz onargarri” ikusten dau, “Abandoko lanek martxan jartea atzeratuko badabe”.
Raúl Méndez EH Bilduko batzarkidearen eretxiz, Aldundiak emondako erantzunak ez dau argitzen zein dan 4. linearen behin betiko trazauari buruzko erabagia. Foru gobernuari epeei, kostuei, faseei eta aukeratutako ibilbideari, eta Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren adierazpenakaz bat etorriko litzateken ekimen parlamentarioa baztertzeari buruz galdetu ostean, koalizino abertzaleko batzarkideak Bizkaiko eta Euskadiko oposizinoko talde nagusiagaz akordioa lortzeko eskatu dau, azpiegiturea “arinago” gauzatu ahal izateko. “Garrantzitsuena proiektua bera da, trazau hori definidutea, aurrera egitea eta, ahal bada, ekarpen ugari egin dituen eta trazau hori zein izan beharko litzateken argi daben eragileakaz eta inguruko bizilagunakaz adostea”, ziurtatu dau Mendezek, eta “gitxieneko lidergoa” eskatu deutso Foru gobernuari.
ITAUNAK
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren beste Itaun bati erantzunda, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak ekosistemak osasuntsu eta giza jarduereagaz bateragarri mantentzeko Aldundia gauzatzen ari dan ekintzak azaldu ditu. Richar Vaquero batzarkideak eskatu deutso informazino hori, erakundeak otsoak Bizkaian dauen presentzia ezabatzeko interes talde eta lobby jakin batzuen interesak lehenesten ari dirala kritikau ostean.
Diputatu andreak adierazo dauenez, Aldundiak ez dauka arauzko gaitasunik arriskuan egoteagaitik babestu behar diran espezieen babesa planifiketako, baina Eusko Jaurlaritzak egiten dituan planak kudeatzeaz arduratzen da. Otsoari jagokonez, Bizkaian, Gorbeian eta, batez be, Karrantzan, otsoaren presentziaren eta abeltzaintzako jarduereari eustearen artean “orekea” gordetearen aldeko apustua egin dau Atutxak. Holan, Aldundiaren zeregina Karrantzako ardi arpegi baltza babestea be badala azaldu dau, otsoa lez administrazinoak babestu behar dauen animalia dalako. “Erraza bat beste baten ganetik jarten dituen jarrera maximalistak” atzean ixteko eskatu deutso talde moreari.
Osokoaren beste une batean, EH Bilduk eskualdeko plan estrategikoei, gizonen eta emakumeen bardintasunerako Foru Arauaren ebaluazinoari, Esperanza y Cía enpresak Ogasunagaz ustez dituan zorrak kobreteari eta beharginen murrizketearen ondorioz 2024ko Errenta kanpainan herritarrek gestoritan izandako gastuak “handitzeari” buruz galdetu deutso Aldundiari.
Azkenengo gai horretan, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak ukatu egin dau errentaren kanpaina honetan beharginen kopurua murriztu danik. Igazkoagaz alderatuta zerbitzua indartzeko “54” persona kontratau dira, eta horreetatik 46 sailean geratuko dira. 2023ko kanpainan “53” izan ziran. Berrojalbizek adierazo dauenez, Ogasunean “400” persona ari dira une honetan 2024ko Errentaren arreta-eredu presentziala eta pertsonala sendotzen.
Arantza Sarasola EH Bilduko batzarkideak, bere aldetik, Bizkaiko herritarrek errenta aitorpena aurkezteko gestorietara gehiago joan behar dabela salatu dau, eta horrek zerbitzuaren “pribatizazinoa” gertatzen ari dala erakusten dauela. Bere berbetan, “90 euroko” gastua daben “50.000” persona dira, eta horrek, guztira, “4,5 milioi euroko” gastua dakar. Kopuru horregaz, 83 administrari eta 61 likidatzaile kontratau leitekez, batzarkidearen esanetan.
Konpainiaren likidazino prozesu baten ostean Foru Ogasunagaz izandako ustezko zorraren ondorioz Esperanza y Cía enpresari egin ez jakozan bahiturei jagokenez, Berrojalbizek “argi eta garbi” esan dau Aldundiak ez kobretako beste alde batera begiratu izanaren salaketak “guzur hutsak dirala”. Enpresa horrek 1991n ordainketen etete eta porrot prozesua aurkeztu ebanean hasi zan espedientea errepasau ostean, Aldundiko arduradunak esan dau Ogasunak “zorroztasun osoz eta zuzenbideagaz bat etorrita” jokatu dauela.
Bere esku-hartzean, Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dituen informazino eskariak barriro baloretea eskatu deutse oposizinoko taldeei, enpresa horrek ez daukalako zorrik Aldundiagaz, konkurtsoa likidetako batzordeak berak adierazo eban lez. “Foru Aldundiaren aldeko hipotekea agertzen jarraitzearen errazoia ez da, inondik inora, Administrazino honek ardurabakokeriaz jokatu izana, ezta inongo persona edo erakunderen aurrean mesede-tratua egotea be, komunikabideren batean eta batzorderatze-eskaera batzuetan iradoki dan lez, eta gaur Batzar Nagusietako taldeek barriro baloretea espero dot”, esan dau.
Bukatzeko, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, Aldundiak, gizarte zerbitzu jakin batzuk eskaintzeko diru-laguntza izendunak ez diran beste formula batzuk bilatuko dituan ala ez galdetu dauenean, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak, 2015etik aurrera beste erakunde batzuekaz egonkor dagoan lankidetzarako esparrua defendidu dau. 38 kontsignazio izendun dira, 14,8 milioi eurokoak. Antxustegik 2024an esleipen horreen batez besteko igoerea “% 5ekoa” eta 2025ean “% 2,5ekoa” izan daben irabazi asmorik bako erakundeakaz dagoan lankidetza esparru horren egonkortasuna defendidu dau.