ALDUNDIAK BALIABIDE GEHIAGO IRAGARRI DITU ADINBAKOEN BABESBAKOTASUN KASUEN HAZKUNDE ESPONENTZIALAREN ETA ARTATUTAKO PROFILEN KONPLEJUTASUNAREN AURREAN
- Amaia Antxustegi Ziarda diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian ohartarazo dauenez, Umeen Zerbitzua “ezin da hazi sortzen ari diran beharren abiadura berean”.
(Bilbon, 2026ko otsailaren 16an). Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeen preminazko agerraldi eskaerei erantzuteko. Urtarrilean Umeen Zerbitzuko beharginakaz ateak itxita egindako batzordearen ostean, talde biek babesbakotasun egoeran dagozan adinbakoei “larri” eragiten deutsen zerbitzu horren “kolapso sistemikoa” adierazo dabe gaur. Batzorde haretan, foru zerbitzu horretako beharginek baliabide faltea dagoala eta itxaron zerrendan arretea jaso arte urtebete arte itxaron behar daben 171 adinbako dagozala azpimarratu eutsen Batzar Nagusietako taldeei.
Bere erantzunean, diputatu andreak Ume eta Nerabeen Arretarako Sistema Integrala jasaten ari dan “tentsinoa” autortu dau, eta “zintzotasunez” ohartarazo dau baliabide publikoak ezin dirala behar sozial barriak eta konplejuak sortzen diran bizkortasun beragaz zabaldu. “Ezin gara abiadura berean hazi”, esan dau. Hori dala eta, kasuen hazkunde esponentziala eta artatutako profilen konplejutasuna dirala eta, baliabide gehiago sartuko dirala iragarri dau.
Antxustegik presino asistentzialaren igoera nabarmenak marketan dauen errealidade soziala zehaztu dau. 2022tik 2024ra bitartean, edegitako babes-espedienteak 2.432tik 2.592ra igon ziran, eta egoitzako harreran hartutako adinbakoen kopurua, barriz, 668tik 1.006ra igon zan. Egoera horri harrerako familien beherakadea (epealdi berean 101 izatetik 52 izatera igaro dira) eta daborduko 688 baino gehiago diran familiako erreferenterik bako adinbako migratzaileen gorakadea gehitu behar jake.
Ustezko kolapso horren eta arreta eraginkorrik barik itxaron zerrendan dagozan adinbakoen inguruan oposizinoak egin dituan kritiken aurrean, diputatuak zehaztu dau 2026ko urtarrilaren 30ean esleitzeko dagozan espedienteak 112 dirala, eta ez 171. Modu berean, arrisku handieneko egoerei emoten jakela lehentasuna azpimarratu dau, berehalako arretea bermatzeko. Antxustegik baieztu dauenez, kasuen esleipenaren batez bestekoa 38 egunekoa izan zan 2023an, 65 egunekoa 2024an, eta 39 egunekoa 2025ean.
Umeen Zerbitzuaren esku-hartze programen bilakaeran azkenengo urteetan babestu beharreko kasuen hazkunde “esponentziala” be aitatzen da. Hain zuzen be, familian esku hartzeko programea “% 64” hazi da 2018tik 2025era. Sexu-abusu kasuetarako laguntza psikologikoa “% 123” eta nerabeen programa espezializaua “% 152”. Beraz, behar horreetara egokitzeko Aldundia egiten ari dan ahalegina defendidu dau. “Adinbakoen prebentzinoaren eta familiako zaintzearen aldeko apustua egiten da, eta aurrerantzean be holan jarraituko da, programak une bakotxean antzematen diran beharretara egokituz”, esan dau.
Zerbitzua indartzeko, Gizarte Ekintzako foru arduradunak iragarri dau daborduko aurrekontuetan jasota dagoan gizarte arloko behargin bat sartuko dala laster eta gizarte arloko behargin batek eta psikologo batek osatutako errefortzu talde gehigarria sortuko dala. Ganera, plazak egonkortu egingo dira etxeetako buruzagitzetarako eta zuzendaritzetarako lehiaketen bidez, eta Arreta eta Harrera Unitatea (AHU) psikologo plaza bategaz indartuko da, kasuen konplejutasunari erantzuteko.
Beharginen eskaerak kontuan izanda, laneko osasunaren arloan diputatuak kanpoko indarkeriaren kontrako protokoloak, laguntza psikologikorako programak eta espediente judizialetan beharginen anonimotasuna bermatzeko neurriak ezarri izana azpimarratu ditu. Amaitzeko, Antxustegik berretsi egin dau Foru Aldundiak umeen babesagaz daukan konpromisoa, eta azpimarratu dau azkenengo lau urteetan “8 baliabide barri” zabaldu eta “365 plaza barri” sortu dirala babes sisteman.
Eneritz de Madariaga Martín Batzar Nagusietako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak salatu dauenez, Umeen Zerbitzuaren krisia ez da oraintsuko egoerearen ondoriozko arazoa, hamar urtetik hona beharginek salatu daben egoera “estrukturala” baino. Bere esku-hartzean zehar, zalantzan jarri dau iragarritako beharginen errefortzua nahikoa ete dan dagozan espedienteak xurgatzeko, eta “botila-lepo” bat dagoala ohartarazo dau, eta horren ondorioz kasu larriak ez dirala zerbitzura bideratzen, linbo administratiboan geratu ez daitezan. Horrez gain, De Madariagak kritikau egin dau Aldundia, azpiegitura barriak sortu beharrean, daborduko dagozan baliabideetan plaza kopuruak handitzera mugatzen dala, eta, hori dala eta, benetako diagnostikoa eta gaur egungo profilen konplejutasunera egokitutako giza baliabideen plana egiteko eskatu deutso erakundeari.
Ildo berean, Bea Ilardia Olangua EH Bilduko batzordekideak “larritzeko moduko” planifikazino eta aurreikuspen faltea leporatu deutso Gizarte Ekintzako Sailari, eta adierazo dau sistemearen kolapsoak bere horretan jarraitzen dauela, diputatu andreak ezarri dituan neurriak gorabehera. Ilardiak “ikaragarritzat” jo dau 112 espediente “moteltze” egoeran egotea, eta esku-hartze tekniko eraginkorrik eta erreferentziazko koordinatzailerik ez daukien eta “arrisku larrian” dagozan adinbakoak dirala gogorarazo dau. Bere esku-hartzean, berehalako hiru konpromiso eskatu ditu: datu eguneratuak argitaratzea, egutegi eta zuzkidura zehatza izango dituan errefortzu plana, eta “zero itxaron zerrendea” lortzeko zehaztutako epea.
IRREGULARTASUNAK ADINEKOEN ETXEBIZITZA KOMUNITARIOETAN
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta egin dauen beste agerraldi batean, Antxustegik, LAB sindikatuak jentaurrean salatu dituan Bilboko etxebizitza komunitarioetan ustezko lan-esplotazino egoerei eta adinekoei emoten jaken arretan egon daitekezan gabeziei erantzun deutse.
Antxustegik bere esku-hartzean baieztu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 2025ean egindako ikuskapenen ostean zentro horreetako beharginen ratioak beteten dirala berretsi da, kontroleko azkenengo osokoan jakinarazo eban lez. Diputatu andreak adierazo dauenez, ez da gai horretan urraketarik hauteman, ezta erabiltzaileei emondako arretan akats larririk be. Horrez gain, bere sailaren ardurea egoiliarren ondoizatea jagotea dala azpimarratu dau, eta ez daukala beharginen lan baldintzak baloretako edo zigortzeko eskumenik, hori Lan Ikuskaritzari bakarrik jagokon gaia dalako.
Diputatu andreak jakinarazo dauenez, Gizarte Ekintza Sailak ez dau jaso baliabide horreetako lan ustiapenari buruzko “keja edo salaketa formalik”, eta horreen barri komunikabideen bitartez baino ez dau izan. Halanda be, zehaztu dauenez, 2024-2025 epealdian aitatutako enpresearen bederatzi etxebizitzetatik biri buruzko lau kexa erregistrau ziran: bi artxibau egin dira eta beste biri jagokezan txostenen ostean erantzun jake, lan arloko gaiei buruzko ezelango aitamenik egin barik. Ganera, adierazo dauenez, mantentze-lanengaitik eta lotzeengaitik enpresa horri aurretik edegi jakozan hiru zehapen espedienteak zuzendu dira daborduko.
Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, bere aldetik, lan baldintzen eta asistentziaren kalidadearen artean berezko loturea dagoala defendidu dau, Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak administrazinoa behar besteko eta legez kontratautako beharginak dagozala egiaztetara behartzen dauela esanez. Premisa horregaz, aitatutako enpresari lotutako zentro guztiak zehatz-mehatz ikuskatzea eta zainketa-eredua modu estrategikoan barrikustea eskatu dau.
Erantzuteko txandan, Antxustegik ikuskapen-prozedurearen zorroztasuna defendidu dau, kontratuen barrikuspena ez dala bisitaren unera mugatzen zehaztuz, kontrolaren zorroztasuna bermatzeko aurreko asteko egoera dokumentala egiaztetan dala. Diputatu andreak azpimarratu dauenez, inoiz ez da ikuskapen bisiten barri emoten joan aurretik, eta beharginek alkarrizketa kanal konfidentzialak daukiezala edozein irregulartasun salatzeko. Modu berean, espedienteetako pasibotasun-salaketak baztertu ditu, eta argitu dau araudiak finkatzen dituala ebazpena emoteko denporak, eta errekurso horreek behin betiko arautzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dala.