ETXANOBEK ZIURTATU DAUENEZ, MUTUALISTEI MILIOI ASKO ITZULTZEAK EZ DAU ERAGINIK IZANGO ALDUNDIAREN PROIEKTU ESTRATEGIKOAK GAUZATZEKO ORDUAN

  • Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, berak eskatuta, Finantzen Euskal Kontseiluaren eta Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren azkenengo bileren eukiaren barri emoteko.
     

(Bilbon, 2024ko urriaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, urriaren 15ean Finantzen Euskal Kontseiluak (FEK) egin eban bilerearen eukiaren barri emon dau gaur Bizkaiko Foru Aldundiak. Bertan, besteak beste, euskal administrazinoen aurtengo eta hurrengo urteko diru-sarreren aurreikuspena eta lurralde bakotxak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuei egindako ekarpenak ezarri ziran. Batzar Nagusietako taldeen aurrean bilera horretatik urtendako magnitude nagusiak azaldu eta gero, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak esan dau mutualistei egindako milioi askoko itzulketak (407 milioi aurton eta 100 milioi 2025ean) ez dauela eraginik izango Aldundiaren proiektu estrategikoetan. “Proiektu estrategiko guztiak egingo dira”, esan dau. 

Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran zerga itunduen bidez 2024ko ekitaldirako batutako zenbatekoaren likidazino-aurreikuspenak onartu ziran. 19.000 milioi euroraino igongo dira. Urtea ixteko, aurtengo aurrekontuagaz alderatuta diru-bilketak % 0,5eko hazkundea izango dauela aurreikusi da; Bizkaiari jagokonez, 9.457 milioikoa izango da.

Ganera, Etxanobek jakinarazo dauenez, bilera haretan datorren urterako zerga itunduen bilketearen aurreikuspenak be onartu ziran, Bizkaiko aurrekontuak egiteko oinarria. Kopuru absolutuetan, kalkuletan danez Foru Aldundiek 19.718,6 milioi batuko ditue zerga itunduen bidez 2025ean, 2024ko Aurrekontua baino % 7,7 gehiago, eta horreetatik erdia baino gehiago –10.182,3 milioi– Bizkaiari jagokoz.

Zifra horreetan, 200 euroko ezohiko kenkariaren luzapenak datorren urteko bilketan izango dauen eragina jasoten da. Mutualistei egindako itzulketek pisu handia izango dabe aurtengoetan, 2019tik 2023ra bitarteko ekitaldiei jagokezan eta ekitaldi honetako diru-bilketearen aurreikuspenetan jasoten diran “407 milioi euro” ordainduko jakezalako, baita 2025ekoan 100 milioi baino apur bat gehiago be.

Egokitzapenerako Funts Orokorra Arabako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen artean banatuko da. Lurralde horreei 100,4 milioi eta 77,6 milioi jagokez, hurrenez hurren. Bizkaiak 26,2 milioi jarriko ditu funts horretan. Bizkaia izango da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei ekarpen handiena egingo deutsen lurraldea, 2025erako onartutako koefiziente horizontala % 50,37koa izan dalako, kopuru hori 0,12 puntu gitxiago dan arren.

Ahaldun Nagusiak, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren atzoko bilerearen eukiaren barri emoteko be aprobetxau dau Batzar Nagusietako agerraldia. Saio horretan ikusi zan udalek 1.130,8 milioi euro jasoko dituela 2025ean, aurton jasotakoa baino % 3,47 gehiago. Aldiz, aurreikuspenen arabera, 40,9 milioi itzuli beharko ditue diru-bilketearen jatsierarengaitik. Ekarpen horretan oinarrituta, bizkaitar bakotxak 947 euro jasoko ditu.

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEN ERETXIA

Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, diru-bilketearen jatsieran jarri dau arretea, ez mutualistei itzultzearen eraginagaitik bakarrik, baita BEZaren sarreren jatsiereagaitik be. Bere berbetan, “366 milioi euro” izan dira, eta horrek kontsumoak behera egin dauela erakusten dau. Ganera, datorren urteko diru-bilketearen aurreikuspenei buruz eta aurreikusi daiteken “erreforma” fiskala kontuan hartu ete dan galdetu dau. Bukatzeko, diru-sarreren aurreikuspena ez beteteagaitik hemendik urte amaierara “doikuntzarik” egongo ete dan galdetu dau.

Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, espero dau 2025ean Soziedadeen (+% 9) eta PFEZren (+% 10,5) diru-bilketan etorriko diran igoerak “beste zaplazteko” fiskal baten ondorioz ez izatea, jarduera ekonomikoaren hazkundearen ondorioz baino.

Oposizinoko talde nagusiak, EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak egin dauen lez, diru-bilketearen jatsieran jarri dau arretea, batez be mutualistei egindako itzulketea baino “handiagoa” dan BEZren bilketearen jatsieran. Horrek, Arantza Sarasolaren berbetan, igaz aurreikuspen “baikorregiak” planteau zirala esan gura dau. Udalkutxa funtsa dala-eta udalek jasango daben % 3,7ko beherapena be kritikau dau.

Foru Gobernuari eusten deutsien taldeen aldetik, José Alberto Álvarez Castrejón Euskal Sozialistak taldeko batzordekideak be Aldundiak 2024ko eta 2025eko aurreikuspenak prestetako orduan erakutsi dauen kontua aitatu dau. “Behar dan moduan beteko diralakoan gagoz”, esan dau.

Euzko Abertzaleak taldeak, bere aldetik, aurreikuspenak “positiboak” dirala azpimarratu dau. Auzitegi Gorenak mutualisten inguruan emon eban epaia betearazoteak eragin dauen diru-sarreren gitxitzeak ez dau “ezelango murrizketarik” ekarri kalidadeko zerbitzuak emoten jarraitzeko, eta horrek Bizkaiko sistema fiskalaren sendotasuna erakusten dau. 2025era begira, Mikel Baganek diru-bilketearen martxa ona azpimarratu dau. Izan be, elementu positiboen artean udalen finantziazinoa 1.130 milioi eurora arte handitzea ahalbidetuko dau.