ESTALDUREARI ESKER, DABORDUKO 20 DEZIBELETAN ARINDU DAITEKE AVANZADAKO TRAFIKOAREN ZARATEA

  • Leioako Avanzada estaltzeko proiektua aurrera doa, hobekuntza akustiko nabarmenak sartuta eta uri espazio barriak sortuta, auzotarren eta Aldundiari gai horren inguruan galdetu deutson Bizkaiko Talde Popularraren kezkak hor dagozan arren.


(Bilbon, 2025eko bagilaren 26an). Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, Avanzada estaltzeko lanek eragin positiboak ditue Leioako zaratearen murrizketan. Trazadurearen puntu batzuetan instaletan ari diran 1.505 metroko pantailei esker, murrizketa hori “20 dezibelera” iritsi da, bai egunez, bai gauez. 

Bere berbaldian, Alzagak kontra egin deutso auzotarren kezkak jasoz obrek zaratea igoten ari dirala defendidu dauen Raquel González Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleari. Diputatuak azpimarratu dauenez, lanak ez dira amaitu, eta, beraz, ez dira oraindino egokitu Avanzada inguruan zaratea saihesteko proiektuan aurreikusitako neurri guztiak. Holan, erantzun-eskean aitatzen ziran kokalekuak –Bilboko noranzkoan dagoan tunel faltsoaren amaierea– aurreikusitako pantailak oraindino jarri ez diran lekuak dirala adierazo dau.

Murrizketa hori, adierazo dauenez, orain arte ezarritako neurrien arrakasta parzialaren adibide argia da. Berretsi dauenez, “eregiko diran konponbide guztiak azterlan akustikoetan oinarrituta dagoz”, eta “azterlan horreek ikusita esan geinke ez dagoala onurarik jaso ez dauen eraikin bakar bat be jarduketa eremuaren inguruan”. Ganera, adierazo dauenez, behin lan guztiak amaitzen diranean egingo da “benetako egiaztapena”, emaitzak azterlan akustikoaren modelizazinoagaz bat datozala egiaztetako”.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako batzordean egindako ahozko beste erantzun-eske batean, PP taldeak pantailetan margotu ziran eta “36 ordura” ezabatu ziran grafitien kostuari buruz galdetu dau. Alzagak baieztu dauenez, lan horreek “ez dabe ezelango kosturik eragin” Aldundiarentzat, obrea ez dalako entregau. Azpiegiturea kontratistaren esku dago oraindino. Dana dala, azaldu dauenez, etorkizunean pantailek garbiketea errazteko pelikula berezia eroango dabe, eta alde teknikotik posible dan lekuetan landare pantailak instalauko dira.


EHU-RAKO ERREPIDEAREN BIKOIZKETEA ETA IBAI-AZPIKO TUNELA

Beste alde batetik, eta oraingoan EH Bilduk eskatuta, Alzagak errazoi bikotxak eragindako agerraldia egin dau, Avanzada eta EHUko campusa lotzen dituan errepidearen bikoizketa-proiektua azaltzeko, eta Itsasadarraren alde bien arteko mobikortasunerako alternatibei buruz BGPk egin dauen txostenaren barri emoteko.

BI-747 errepidea Leioako campuserantz bikoizteko proiektuari jagokonez, Aldundiko arduradunak adierazo dau Aldundia unibersidaderako irisgarritasuna hobetzeko “funtsezko” proiektu batean aurrera egiten ari dala, Uribe Kostarako ahalmen handiko bide azpiegituran funtsezko pieza lez ikusten dalako, fase luzeak eta eragindako herritarrakazko eta erakundeakazko eten bako alkarrizketea eskatuko dituan prozesuaren erdian. “Maratoi baten 0 kilometroa da”, esan dau.

Oposizinoagaz izandako eztabaida nagusia obra horren beharrari eta justifikazinoari buruzkoa izan da. Soilik unibersidaderako sarbidea hobetzea bilatzen dan ala eskualdeko iparralderako bide-ahalmena handitzeko asmo handiko plan handiagoaren parte dan izan da eztabaiaren gai nagusia. Foru Aldundiak azpimarratu dauenez, proiektua oso hasierako fasean dago, “hasibarri” edo “ingurumen aldetik zero puntu” lez kalifikauta. Horrek esan gura dau hasierako dokumentuan planteautako alternatibak gorabehera, oraindino zehaztu barik dagozala bikoizketaren behin betiko trazadurea, ingurumen arloko inpaktu espezifikoak, lizitazino- eta egikaritze-epeak eta kostu osoa.

BI-747 errepidearen bikoizketa-proiektua ez da ekimen isolatua; aitzitik, Bizkairako lurralde-plangintzako tresna bitan sendo jasota dago: orain dala aste gitxi behin betiko onartu zan Bilbo Metropolitarreko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Parzialean (LPP), eta gaur egun behin-behineko onarpen-fasean dagoan Bizkaiko Errepideen Bigarren Lurralde Plan Sektorialean (LPS).


SESTAO-AREETA LOTUREA ITSASADARRAREN AZPIAN

Beste agerraldi batean, diputatuak zehatz-mehatz azaldu dau Bizkaiko Garraio Partzuergoak, aurreko Foru gobernuak eskatuta egin eban “Lamiakoko ibaiazpiko tunelaren azpiegiturearen multimodalidadearen azterketea”. Sener ingeniaritzak egindako 120 orrialdeko txostenean, ibaipekoaren etorkizuneko bide-azpiegiturea aprobetxetako aukerea aztertzen da, itsasadarraren alde bien arteko garraio publikoko soluzinoa eskaintzeko.

Diputatuak trazadurarako hainbat aukera eta azpiegiturak gainditu beharko leukezan baldintza geologikoak eta erronka naturalak eta azpiegiturak aitatu ditu, maiatzeko kontroleko osokoan egin eban lez, txostenean behin betiko soluzinoa zehazteko egiten ari dan Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbideen Lurralde Plan Sektorialaren ondorioei “itxarotea gomendatzen dala” azpimarratu aurretik. Ondorio horreetan oinarrituta aukera onena hautatu ahal izango da, eta gauzatu beharreko azkenengo soluzinoa zehetasunez definiduteko beharrezkoak diran azterlan eta ikerketa geoteknikoei ekin ahal izango jake, baieztu dauenez.

Txostenean, bide-zolaren azpian mikropiloteak jartean oinarrituko dan inbersino gehigarri txikia eginda Sestaoko eta Areetako metro-geltokiak lotuko dituan eta bide- eta trenbide-lanak hainbat denpora-fasetan egiteko aukerea emoten dauen soluzinoa proponiduten dauen alternatiba bat aurreikusten da. Aukeratutako moduari jagokonez, ezinbestekoa da material mobikorrak malda handiei aurre egiteko gaitasuna izatea. Ondorioetan APMren (Pertsonen Garraiorako Sistema Automatizaua) edo metro “aldatu” baten aukerak aitatzen dira.