BIZKAIKO GARDENTASUNAREN ARLOKO ERREKLAMAZINOEN BATZORDEAK BEDERATZI ERREKLAMAZINO EBATZI ETA 113 ESKAERA IZAPIDETU DITU 2025EAN
- Organu independenteak Batzar Nagusietara bialdu dau urteko txostena, eta herritarren informazinorako hiru eskaeretatik bi onartu egin zirala nabarmendu dau.
- Herritarren informazino-eskaerak % 60 hazi dira 2022tik 2025era, 71tik 113ra.
- Batzorde berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Aldundiak Urdaibaiko Guggehheim proiektuari lotutako gastuen ganeko auditoretzea egin behar dauenik.
- Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen ekimenak Bizkaiko Talde Popularraren aldeko botoa baino ez dau jaso, EH Bildu abstenidu egin da, eta Foru gobernuari eusten deutsien taldeek (EAJ-PNV eta PSE-EE) kontrako botoa emon dabe.
(Bilbon, 2026ko zezeilaren 26an). Bizkaiko Gardentasunaren inguruko Erreklamazinoen Batzordeak 2025. ekitaldiari jagokon jarduerearen memoria aurkeztu dau gaur Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean. Dokumentuan informazino publikoa eskuratzean inparzialtasuna eta objektibotasuna zaintzeaz arduratzen dan organu independente horren jarduerea zehazten da. Batzordearen lanak gora egin dau, ebazpenek eta informazino eskaerek “goranzko” joerea erakusten dabelako.
2025. urtean, informazino publikoa eskuratzeko 113 eskaera erregistrau ziran, aurreko hiru urteetan (2022, 2023 eta 2024, hurrenez hurren) kontabilizautako 71, 64 eta 95 eskaerak baino gehiago. Igazko eskaeretatik 79 osorik onartu ziran, bi modu parzialean, zortziri ezezkoa emon jaken eta 13 ez ziran tramiterako onartu. Horrez gain, sei eskaera beste administrazino eskudun batzuetara bideratu ziran, eta ekitaldia ixtean, 2025eko gabonilaren 31n, bost ebazteko egozan.
Batzordeak bederatzi ebazpen emon ebazan igaz, María Eugenia Maté Mendieta batzordeburuak eta Nerea García Rodríguez eta Unai Aberasturi Cantera batzordekideek osotutako ebaluazino-organuak jakinarazo dauenez. Horreei, urte amaieran aurkeztu ziranez oraindino ebatzi barik geratzen diran beste bi gehitu beharko litxakiez.
Arloka, 11 espediente horreen artean, lau erreklamazino Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailaren ebazpenen kontra aurkeztu ziran (bi pendiente dagoz); hiruk Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko arloan eben eragina; bik Ogasun eta Finantzetan; batek Ekonomia Sustatzeko sailean eta beste batek Enplegu, Gizarte Kohesino eta Berdintasun Sailean.
Aurreko txostenakaz erlazionautako barrikuntzen artean, Garbiker foru soziedadearen jarduketea dala eta norbanako batek aurkeztu eban salaketea ebaluau behar izan dau batzordeak, izan be, eskatzaileak adierazo ebanez, aukeraketa prozesu batean ez ebazan publizidade aktiboko betebeharrak bete. Batzordeak ondorioztatu eban demandatzaileak ez ebala errazoirik, hautapen-prozesuaren aurretiazko informazinoa baegoala eta informazino hori gardentasun-atariaren bidez eskuratu eitekeala egiaztau eta gero.
EZEZKOA URDAIBAIKO GUGGENHEIMI BURUZKO AUDITORETZA BATI
Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Urdaibaiko Guggenheim Museoaren proiektuagaz erlazionautako funts publikoakaz finantzautako gastu, kontratu, enkargu eta jarduketa guztien, Aldundiak zuzenean gauzatu dituan zenbatekoak eta beste erakunde publiko edo pribadu batzuetatik etorri diranak barne, auditoretza osoa eta zehatza egiteko eskatuz aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.
Talde morearen asmoa gehienez be sei hilebeteko epean auditoretza horren emaitzea Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztea zan, txosten banakatua gehituz. Arauz besteko proposamena ez da onartu, kontrako 9 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), 4 abstentzino (EH Bildu) eta aldeko boto 2 (Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra) jaso ditualako.
Eztabaidan zehar, Foru gobernuari eusten deutsien taldeek defendidu dabenez, badagoz daborduko aparteko auditoretzen beharrik barik gastu publikoaren legezkotasuna bermatzen daben barruko kontrolerako eta fiskalizazinorako mekanismoak, kontu-hartzailetzeari jagokon egitekoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia (HKEE), adibidez. Proposamena aurkeztu dauen taldeak eta PP taldeak, euren aldetik, azpiegitura estrategiko hori bertan behera itxi ostean gizarteak eskatzen dauen gardentasunaren aurrean informazino osoa eta egiaztagarria emoteko beharra azpimarratu dabe.
Eneritz de Madariaga Martín, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroalea eta ekimenaren proposamena aurkeztu dauena, proiektua bertan behera ixteak instituzinoetan eta gizartean daukan eraginaren aurrean kontuak gardentasunez emoteko beharraren alde agertu da. Azpimarratu dauenez, urteetako ahaleginaren eta baliabide publikoen ostean gauzatu barik amaitu dan proiektuaren “benetako” kostua ezagutzea “erantzukizun politiko” eta “kudeaketearen zorroztasun” kontua da.
Beste alde batetik, Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroalea auditoretzaren alde agertu da, “erakundeen higienerako” eta “administrazino onerako” tresna lez, funts publikoen kudeaketeari buruzko edozein susmo argitzeko. Adierazo dauenez, huts egin dauen proiektu “izarra” danez, ezinbestekoa da gastuak zehatz-mehatz ebaluetea, “frustrazinoa eta banaketa soziala” sortzen daben kudeaketa ereduak errepiketea saihesteko.
Oposizinoko talde horreena ez dan beste jarrera bat defendidu dau Aitor López Vázquez EH Bilduko ordezkariak, eta bere taldearen abstentzinoa justifikau dau, bere eretxiz, lehenengo, joan dan zezeilaren 12an erregistrau ziran idatzizko erantzun-eskeen bidea agortu behar dalako. Adierazo dauenez, aurrekontuko partidei eta kontratuei buruzko informazino hori jasotakoan, urtetik urtera datuak nahikoak diran edo auditoretza bat edo beste kontrol neurri batzuk eskatu behar diran balorauko dabe. Aldundiak Batzar Nagusietan emon dauen datu bakarra “2.349.650,83” euroko gastuari buruzkoa izan da, eta kopuru hori Elixabete Etxanobe Landajuela ahaldun nagusiak emon eban urtarrilaren 13an egindako agerraldian, koalizino abertzaleko ordezkariak gogora ekarri dauenez.
Goyo Zurro Tobajas Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak, bere aldetik, proposamena baztertu dau, kontrol politikoa eta legezkotasunaren kontrol teknikoa ez dirala nahastu behar esanez, kontrol sistema publikoa hainbat mekanismoren bitartez (Kontuhartzailetzea, HKEE edo Foru Kontratazino Zentrala) dagoalako bermatuta daborduko. Esan dauenez, ezohiko auditoretza batek, irregulartasun zantzuen aurrean baino ez leuke zentzunik, eta “ez dago holangorik”, eta gobernantza onak ohiko fiskalizazino mekanismoak errespetetea dakar.
Bere aldetik, Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga Euzko Abertzaleak taldeko bozeroalea proposamenaren kontra agertu da, bere eretxiz gaur egungo kontrolerako tresnak Gobernuaren jarduerea gainbegiratzeko “guztiz baliozkoak eta nahikoak” diralako. Adierazo dauenez, salbuespenezko neurriak ezarteak mezu negatiboa bialduko leuskie herritarrei, erakundearen proiektu guztietarako kontuak emoteko indarrean dagoan sistemea “justifikazinorik barik” zalantzan jarriz.