BIZKAIKO BASOGINTZARAKO AZTERLAN-BATZORDEAK FORU ARAUA EGITEKO 17 GOMENDIO PROPONIDU DITU
- Legegintzaldiko lehenengo batzorde bereziak ondorioen dokumentua onartuta amaitu dau ibilbidea. Bertan, kudeaketa jasangarriagoa, integralagoa eta XXI. mendeko erronketara egokituagoa eskatzen da, klima-aldaketea eta ingurumen, gizarte eta ekonomia alderdiak orekatzeko beharra barne.
- Batzar Nagusietako taldeek, ia urtebetez Basoei buruzko etorkizuneko Foru Arauak jaso behar dauenari buruzko batzorde berezian euren eretxia emon daben dozena bat adituk egindako ekarpenak hartu ditue oinarritzat.
- Erespena Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoagaz helduko da osokora, abstenidu egin dan eta boto partikularra aurkeztuko dauela iragarri dauen EH Bildurena izan ezik.
(Bilbon, 2025eko martiaren 20an). Bizkaiko Basogintzarako Azterlan-Batzordeak gaur itxi dau bere ibilbidea Batzar Nagusietan, orain osokora eroan behar dan erespena onartuta. Boto partikularra aurkeztuko dauen EH Bilduk ez beste talde guztiek ontzat emon dabe orain dala 30 urte baino gehiago onetsi zan Basoei eta Naturgune Babestuen Administrazinoari buruz indarrean dagoan araudia ordezteko Foru Araua egiteko Aldundiari zuzendutako 17 gomendio jasoten dituan testua.
Azkenengo dokumentuan, “Bizkaiko basoen osasuna, gizartearen ongizatea eta lurraldearen garapen jasangarria bermatuko dauen” basogintzarako eredua finkatzeko hainbat gomendio jasoten dira. Gomendioakaz batera, testuingurua azaltzen dauen atal bat eta igazko maiatzetik Batzordetik pasau diran 12 adituen txostenen laburpena gehitu dira.
Batzordeak Bizkaiko zugaztien azaleraren diagnostiko zehatza egin dau, basoek lurraldearentzat daben garrantzia eta basogintzaren ikuspegi “holistikoa eta integrala” behar dala azpimarratuz. “Epe luzerako” baso plangintzea proponiduten da, “basoen erresilientzia, aniztasuna eta konektibidadea” sustatuko dituan lurraldea antolatzeko tresna lez.
Basogintza Jasangarria ardatz nagusi lez hartzen da, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren zutabeen arteko orekea bilatuz eta baso-ziurtapenaren zeregina autortuz. Modu berean, “kudeaketa aktiboaren” alde egiten da, Bizkaiko baso multifuntzionalaren ereduari eutsita, egurraren produkzinoa aisialdiko, ingurumen-hezkuntzako eta biodibertsitatearen kontserbazinoko jarduerakaz konbinauz.
Basogintzarako hainbat eredu batera egotea planteetan da, basogintza erregularra, irregularra eta kontserbazino-basoak barne, eremu bakotxaren berezitasunetara egokituta. Basoen erresilientzia areagotzeko funtsezkotzat joten da espezieen aniztasuna, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldagaien arteko oreka bilatuz.
Modu berean, lurzoruaren babesa funtsezko osogaia da, lurzoruaren egoera ona eta erabilera jasangarria sustatuz. Eta basogintzea funtsezko tresnatzat hartzen da basoko suteen prebentzinorako eta horreen kontrako burrukarako, batez be klima-aldaketaren eta landa-ingurunea bertan behera ixtearen testuinguruan.
Batzordeak azpimarratu dau beharrezkoa dala basogintza-sektorean belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, prestakuntzea eta profesionalizazinoa bultzatuz. Basoko ustiategien eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzeko kudeaketa alkartua eta profesionalizaua sustatzea proponiduten da, basogintza-sektoreak Bizkaiko ekonomian dauen zeregin garrantzitsua autortuz.
Ondorioen dokumentuaren beste puntu batean, basoko inbertsinoetarako laguntza-planakaz jarraitzea eta horreek indartzea planteetan da, bai eta ikerketa, garapena eta barrikuntza bultzatzea be basoen osasuna, espezie alternatiboak eta egurraren kalidadea lako arloetan. Zerbitzu ekosistemikoen garrantzia eta horreek ordaintzeko edo konpentsetako formulak bilatzeko beharra nabarmentzen dira.
Beste gai batean, bioekonomia zirkularra lurraldearen garapen sozioekonomiko jasangarrirako aukera lez aurkezten da, egurraren eta basogintzako beste produktu batzuen balorizazinoa sustatuz petrolioaren deribaduen alternatiba lez. Basogintza-sektorera egokitutako fiskalidadearen alde egiten da, jarduerea sustatzeko eta basogintzako beharginek zerbitzu ekosistemikoen horniduran daben zeregina autortzeko.
Azkenik, batzordeak azpimarratu dau beharrezkoa dala itun handia egitea inplikautako eragileakaz eta basoen arloko foru eskumenak zabaltzea, identifikautako erronkei aurre egiteko.
Batzar Nagusietako taldeak “ahalik eta adostasun handiena” izango dauen araua onartzearen alde agertu dira. EH Bilduk, Iratxe Arriola batzordeko bozeroalearen berbetan, ganerako taldeek (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) onartutako erespenaren aurrean boto partikularra aurkeztuko dauela iragarri dau. Horretarako epea 7 egunekoa izango da, batzordeko presidenteak, Jesús Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak, adierazo deutsonez.