GERNIKAKO BATZARRETXEAK EUSKAL ZUZENBIDEAN EMAKUMEAREN BABESAREN JATORRIARI BURUZKO UDAKO IKASTAROA JASOKO DAU
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak zabaldu ditu saioak, Itziar Alkorta Idiakez (UPV/EHU), Mikel Mancisidor de la Fuente (Deustuko Unibersidadea) eta Gregorio Monreal Zia Iura Vasconiae Fundazinoko presidenteagaz batera.
(Gernikan, 2025eko bagilaren 19an). Gernikako Batzarretxeak, gaur hasi eta bihar arte, Bizkaiko Batzar Nagusien lankidetzea dauen UPV/EHUren “EMAKUMEA EUSKAL ZUZENBIDEAN” Udako Ikastaroa hartuko dau. Prestakuntza akademiko hori Euskal Herriko Unibersidadearen Udako Ikastaroen barruan dago, eta emakumeen eskubideak babesteko eta autortzeko euskal zuzenbideak bere garaiari aurrea hartzen jakin eban moduaren inguruan hausnartzen dau aditu talde zabal eta ospetsu bategaz. Udako ikastaroak Gernikako Batzarretxean egiten diran hirugarren aldia da.
Ikastaroa gaur goizean inaugurau dau Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, eta azpimarratu dauenez, Bizkaiko Foru Barria (1526) onetsi zanetik datorren urtean beteko dan V. mendeurrenaren aurrerapena izango da. Testu juridiko horrek daborduko “transmitiduten eban emakumeak Euskal Zuzenbidean eukan bardintasuna, legeek sexuarengaitiko diskriminazino-printzipiorik jasoten ez eben garaian”. Gaia “oso egokia da Batzar Nagusi honeetarako, kontuan hartuta 2017tik lantzen gabilzan Bardintasun Planaren bitartez gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde behar egitea jarri dogula helburu lez”, azpimarratu dau Otaduik.
Ikastaroari hasierea emoteko ekitaldian zuzendari biek, Itziar Alkorta Idiakezek (UPV/EHU) eta Mikel Mancisidor de la Fuentek (Deustuko Unibersidadea) hartu dabe berbea, eta Gregorio Monreal Zia, Iura Vasconiae Fundazinoko ohorezko presidentea, izan dabe lagun. Ikastaroak aditu talde garrantzitsua izango dau, euskal testu arauemoile guztietan, Euskal Zuzenbide Zibil Historikotik hasi eta gaur egungo legeetaraino, emakumearen garrantzi juridikoa ezagutarazoteko.
Programautako saioetan honeek arituko dira: Mikel Prieto Gil San Vicente (Historia irakaslea), María Rosa Ayerbe Iribar (UPV/EHUko Zuzenbidearen Historiako irakasle titularra), María Begoña Cava Mesa (Deustuko Unibersidadeko Historia irakaslea), Javier García Martín (UPV/EHUko Zuzenbidearen Historiako irakaslea), Marie Pierre Arrizabalaga (CY Cergy Paris Unibersidadeko Soziologia irakaslea), Alberto Santana Ezkerra (Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko burua), Maitena Arakistain Arriola (UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle laguntzailea), Janire Castrillo Casado (UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakaslea), Roldan Jimeno Aranguren (NUPeko Zuzenbidearen Historiako irakaslea), Elena Llorente Arribas (Artxibo Historiko Nazionala – UPV/EHUko Ikertzailea), Leire Gorostiza Etxeberria (UPV/EHUko doktoretza aurreko ikertzailea), Leire Imaz Zubiaur (UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakaslea) eta Leire Irazabal Basabe (Euskal Herria Museoko zuzendaria).
Ikastaroa Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan izateak Batzarretxeko Hemizikloaren buru dan Mendietaren “Fernando Katolikoaren zina bizkaitarren aurrean 1476an” margolanaren testuingurua azaltzeko aukerea emongo dau gaur arratsaldean. Esaten dabenez Europako artearen historian emakumeak irudi politiko batean agertzen diran lehen aldia dan margolan horri buruzko azalpenak Alberto Santana Ezkerra historialariak emongo ditu.