GERNIKAKO BATZAR ETXEAK SEI UNIBERSIDADETAKO IKASLEAK BATU DITUAN EZTABAIDA AKADEMIKOKO XXV. LIGAKO FINALA JASO DAU

  • Ehun ikasle inguruk genozidioaz eta Gazaz eztabaidau dabe Foru parlamentuan


(Gernikan, 2025eko urriaren 25ean). Gernikako Batzarretxeak Deustuko Unibersidadeak antolatutako Hermano Garate Eztabaida Akademikoko XXV. Ligaren finala hartu dau gaur, ikasleen artean pentsamentu kritikoa, argumentazino zorrotza eta ideen alkartrukean errespetua sustatzen dituan hitzordua. Oraingo honetan, parte hartu daben taldeek galdera honen inguruan eztabaidau dabe: “2023ko urriaren 7tik aurrera Israelgo estaduak Palestinan egindako ekintzak genozidioa al dira?” 

Sei unibersidade-zentrotatik (Deustu, Pontificia Comillas, ESADE, Balear Uharteak, CEU Cardenal Herrera eta Santiagoko San Agustin Ikastetxe Nagusia) etorritako ia ehun ikaslek hartu dabe parte edizino honetan, lau-bost laguneko taldeetan antolatuta. Sailkatze fase baten ostean, talde bi heldu dira txapelketaren araudi ofizialaren arabera gauzatutako finalera. Araudi horrek eztabaidearen ekidadea eta kalidadea bermatzeko egiturea, denporak eta txandak ezarten ditu.

Topaketan, parte-hartzaileei ondoetorri instituzionala emon deutsen Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta ekitaldiari amaierea emon, eta txapelketako epaile eta arduradunakaz batera sariak banatu dituan Juan Jose Etxeberria Sagastume Deustuko Unibersidadeko errektorea izan dira. 

Jardunaldian zehar, talde finalistek edizino honetarako proponidutako gaiari buruz eztabaidatu dabe, azterketa, adierazpen eta talde-lan maila altua erakutsita. Epaimahaiaren deliberazinoaren ostean, talde irabazlea Deustuko Unibersitatea izan da, eta ondoren ESADE sailkatu da. Ganera, aitamen bereziak emon jakez hizlari - Antonio Platero Comesaña- eta argumentazino onenei.

Hermano Garate Eztabaida Ligak 25 urte bete ditu, eta gazteen artean errespetua, entzute aktiboa eta erantzukizun soziala sustatzen dituan hezkuntza-ekimen aitzindaria da.

Ekitaldiari amaierea emoteko, taldeko argazkia atera dabe balio demokratikoen eta alkarrizketearen sinbolo dan Gernikako Arbolearen aurrean, alkarbizitzako, ikaskuntzako eta konpromiso zibikoko jardunaldiari amaierea emonez.