GERNIKAKO BATZAR ETXEAK FORU BARRIAREN 500 URTEURRENARI BURUZKO EHU-REN UDAKO IKASTAROA HARTU EBAN

  • Foru parlamentuaren egoitza historikoa Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) “Bizkaia eta bere askatasunak: Eraberritutako Foruaren 500 urte” udako ikastaroa hartzeko erdigune akademiko bihurtu zan.

  • Gernikako Batzar Etxeko Liburutegiak Foru Barria-ri buruzko erakusketea jasoko dau hilebete bitan. Erakusketa hori apiriletik Aldundiaren Bilboko Foru Liburutegian egon da.

 

(Gernikan, 2026ko irailaren 4an). Gernikako Batzar Etxeak irailaren 3an eta 4an hartu eban Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) “Bizkaia eta bere askatasunak: Eraberritutako Foruaren 500 urte” udako ikastaroa. Prestakuntza akademiko horrek Bizkaiko Batzar Nagusien bultzadea eta Iura Vasconiae Fundazinoaren lankidetzea ditu, eta lurraldearen nortasuna eregiteko testu juridiko erabakigarrienetakoa dan 1526ko Foru Barria edo Eraberritua onartu zaneko bosgarren mendeurrena ekarri gura dau gogora. Ekimena Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia Foru Barria onartu zaneko V. mendeurrena gogora ekarteko aurton antolatzen dabilzan ekitaldien barruan dago.

Ikastaroaren edegiera instituzionalean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Idoia Otaegui Aizpurua EHUren Udako Ikastaroen zuzendariak, eta Itziar Alkorta Idiakez mintegiaren zuzendarikide eta Iura Vasconiaeko presidenteak esku hartu eben. Hiru hizlariek Bizkaiko lurraldearen nortasuna eta askatasunak eraikitzeko funtsezko zutabe lez joten dan 1526ko lege-testu horrek zenbaterainoko garrantzi historiko, juridiko eta politiko handia daukan nabarmendu eben Beirategiaren Aretoan.

Eguen eta barikuko jardunaldi bikoitz honetan, izen handiko dozena bat adituk lege-testu horretatik sortu ziran funtsezko printzipioak, horreen artean kaparetasun unibertsala, ordezkaritza-sistemak eta Bizkaiko antolaketa komunitarioa Europako beste eredu batzukaz konparauta, aztertu eta ikuspegiak trukau ebezan lau mahai-ingurutan.

Ganera, lehenengo saioan dokumentu-aurkikuntza parebako bat aurkeztu zan: “Commentaria ad veram intelligentiam legum fori de Vizcaya” (1725). Orain dala gitxi aurkitutako XVIII. mendeko iruzkin juridiko baliotsu hori Jon Arrieta eta Imanol Merino adituek aztertu eben, Jose Luis Aurtenetxe Batzar Nagusietako legelari nagusi izandakoak moderauta.

Eztabaidakaz batera, bertaratutakoak zuzenean gozatu eben foru ondareagaz. Batzar Etxeko Liburutegiak Foru Aldundiaren Foru Liburutegitik aldi baterako ekarritako dokumentuak dituan oroitzapenezko erakusketea hartzen dau. Erakusketa teknikoa eta zorroztasun zientifikokoa da, eta hilebete bitan egongo da zabalik.

Prestakuntza-programea barikuan itxi zan, hitzordu berezi bategaz: “Haretxaren azpian” kontzertua. ESAS sareko Alara harizko laukoteak interpretautako lan horrek Gernikako Batzar Etxea eregiten hasi zaneko bigarren mendeurrena eta Pablo Sarasatek 1894an Bizkaiko askatasunen alde leku horretan bertan emon eban kontzertu historikoa omendu zituan.