EMAKUME HAUTETSIEN BATZARRAK BIZKAIKO EMAKUMEEN PARTAIDETZA KONTSEILUAREN LANA OMENDU DAU BERE HAMARGARREN EDIZINOAN
- Martiaren 8a dala eta Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan ezohiko batzarrean euskal alderdi politiko guztietako emakume alkate, zinegotzi, batzarkide, kongresukide, senatari, europarlamentari eta liderrak alkartu dira, Bizkaiko Batzar Nagusiek be sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpenaren irakurketan.
(Gernikan, 2026ko martiaren 6an). Gernikako Batzar Etxea beste behin be –eta hamar edizino doaz– Bizkaiko Emakume Hautetsien Batzar Berezi barri baten agertokia izan da. Batzar horretan, sentsibilidade politiko guztietako emakumeek egin dabe bat, M8rako egun bi falta diranean, gizarte bardinzaleagoa eskatzeko. Ekitaldiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpena irakurteko balio izan dau barriro, eta, aldi berean, arlo batzuetan nabarmendu diran emakumeen eta erakundeen lana aintzatetsi da. Aurton, Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluak jaso dau aintzatespena.
Aintzatespen ekitaldiak beste batzuetan izandako liturgia bera izan dau. Jai giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) eta Emakunderen laguntzeagaz, antolatutako Batzarra Beti Jai Alai taldearen emonaldiagaz hasi da. Dantzariek, jantzi tradizionalak jantzita, “Lekeitioko eguzki dantza” aurreskua dantzatu dabe.
Horren ostean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Batzar Nagusietako Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko presidentea, Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendaria eta Keila Vizarraga Motos Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluko presidentea hemiziklora sartu dira, askatasunaren eta bardintasunaren sinbolo diran oroitzapenezko zapiakaz. Adarraren soinuak –Batzar Nagusietarako antxinako deia– Gernikako Batzar Etxeko batzar aretoan jesarteko eta ezohiko saioari ekiteko dei lez balio izan dau.
Bizkaiko herritarrek hautatutako emakumez betetako hemizikloan (gizonak konbidauen lekuan egon dira gaur), Foru parlamentuko Lehendakaria hemiziklora zuzendu da, ezohiko batzarra hasitzat emoteko. Ana Otadui Biterik azpimarratu dauenez, “hamar urte daroaguz sareak ehuntzen, esperientziak partekatzen, lidergoak indartzen eta ardura publikoak hartzen doguzan emakumeak ahalduntzen. Eta, ganera, Foru Barriaren 500. urteurrena ospatzen dogun urtean egiten dogu. Gure historia instituzionalaren parte da, eta gaur be etorkizuna zelan eregi gura dogun hausnartzera konbidatzen gaitu: etorkizun bidezkoagoa, bardintasunezkoagoa eta demokratikoagoa.”
Bizkaiko beste horrenbeste udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilidade politiko guztiak ordezkatuz (Naia Landa Bilbao, Sondikako alkatea, EAJ-PNVtik; Maite Ibarra Goti, Arrigorriagako alkatea, EH Bildutik; Isabel Cadaval Vélez de Mendizabal, Basauriko zinegotzia, PSE-EEtik; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia Alderdi Popularretik; eta Inmaculada Arias Ergueta, Sestaoko zinegotzia Elkarrekin Podemosetik), EUDELek egindako Martiaren 8ko Erakunde Adierazpena (ikusi erantsitako dokumentua) irakurri dabe.
Emakumeen Nazinoarteko Eguna dala eta, EAEko udalek bardintasunagaz daben konpromiso “benetakoa eta eraginkorra” berretsi dabe, printzipio demokratiko “ukatuezina” dalako, eta sendotasunez salatu dabe indarkeria matxisteari zilegitasuna emoten eta daborduko konkistauta dagozan giza eskubideak zalantzan jarten ahalegintzen diran diskurtso “erreakzionarioak eta misoginoak”. Erasoaldi horren aurrean, Adierazpenak tokiko eremutik erantzun aktiboa emotea proponiduten dau, mobimentu feministeagaz "erresistentzia aliantzak" sustatuz, bardintasunera zuzendutako baliabide publikoak blindauz eta “maskulinidade toxikoak desmontetako” lan espezifikoa eginez. Dokumentuaren amaieran, martiaren 8an mobilizetako dei egiten jake herritarrei, emakumeen askatasunetan atzerapausurik egongo ez dan “estereotiporik bako” gizartea defendiduz.
Horren ostean, Batzar Nagusietako lehendakariak Jaione Agirre García historialari eta BIBAT (Arabako Arkeologia Museoa) museoko arduradunari emon deutso berbea, eta harek gizarte bardinzaleagoa eregitearen garrantziari buruzko berbaldi pertsonala emon dau, Bizkaiko andren zeregina ikusarazoz eta erakundeak ikerketa historikoa sustatzera bultzatuz.
Horren ostean, Keila Vizarraga Motos, Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluko presidentea igon da atrilera, erakunde horren ordezkari lez, Batzar Nagusietako lehendakariaren eskutik jaso dauen aintzatespena eskertzeko. “Gaur, hemen, kalearen eta administrazinoaren arteko topaketea antzeztuko dogu. Gizarte zibilaren eta erakundearen artean. Erakusten dogu ez dirala gurutzatzen ez diran espazio paraleloak. Gauzak aldatu daikeguzala eta alkarregaz aurrera egin daikegula erakusten dogu. Gure alkarteetan, Kontsejuan, emakume hautetsien eta gizarte zibilaren arteko topaketa honetan lez”, esan dau.
Bizkaiko Emakumeen Partaidetza Kontseiluak, euren helburuak edo eginkizunak dirala-eta emakumeen eta gizonen bardintasuna lortzen laguntzen daben alkarte feministek, emakumeen alkarteek eta beste erakunde eta organismo batzuek parte hartzeko organuak, eskubide horreen defentsan nabarmendu diran beste emakume edo kolektibo batzuen lekukoa jasoten dau saridun lez. Beste urte batzuetan, ESAS Emakume Artisten eta Sortzaileen Sare Profesionalak, Bilboko San Luis zentroak edo 1979an egin ziran lehen udal-hauteskundeetatik urtendako Bizkaiko emakume alkateek jaso dabe aintzatespen hori, azkenengo hiru edizinoak aitatzearren.
Tradizinoa dan lez, ekitaldi berezia Gernikako Arbolearen aurrean egindako argazki bategaz eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ohorezko liburuan omendutako emakumeen sinadureagaz amaitu da. Aurretik, Zoe Igartiburu Rodrigo abeslari elorriarrak nota artistikoa jarri deutso ekitaldiari, “Gernikako arbola” interpretauz.