BIZKAIKO BIZIKLETA BIDEEN FORU ARAUAREN PROIEKTUAREN ONARPENAK BIZIKLETAREN ERABILERA KUOTEA % 7,7RA IGOTEA BULTZATUKO DAU
- Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da 10/2014 Foru Araua barritzeko eta birformuletako asmoa dauen eta Bizkaiko Batzar Nagusietan zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdian dagoan arauzko proiektuaren eukia azaltzeko.
- Aldundiak Las Carreraserako (Abanto) saihesbidearen proiektu barria aurkeztuko dau Batzar Nagusietan, trazadurarako 10 alternatiba barri gehitu eta gero.
(Bilbon, 2025eko urtarrilaren 28an). Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Bizkaiko Bizikleta Bideen Foru Arau Proiektuaren barri emoteko. 56 artikulu dituan arau-moltsoa da, 4 titulutan banatuta, eta azken zatian hainbat xedapen eta 3 eranskin ditu. Aldundiaren asmoa testu juridiko horren bitartez 2035. urterako bizikletearen eguneroko erabilerea bultzatzea da, zortzi kilometro baino gitxiagoko ibilbide laburretan % 7,7ko kuotea lortu arte, gaur egungo % 0,7tik abiauta.
Bere berbetan, Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari dan foru arau proiektuak bizikleta-bidearen aintzatespena indartzen dau, beste bide azpiegitura batzuakaz dauen erlazinoaren eta bere ezaugarrien arabera lau tipologia desbardin sartuz. “Bidegorrien” definizino barri horretan bide honeek sartzen dira: bizikletentzako bideak, bizipistak, bidegorri babestuak eta bidegorriak besterik barik. Testu barriak 2014ko urritik indarrean dagoan foru tresna arauemoilea eguneratzeko asmoa dau, Aldundiari bizikleten mobikortasunagaz dituan konpromisoetan “eraginkortasun handiagoa” emoteko.
Alzagaren berbetan, arau barriak “jasangarritasun politikek ordezkatzen daben paradigma barriaren arloan aurrez ezarritako helburuak lortzen lagunduko dau, eta, ondorioz, deskarbonizazinoa, gure gobernu ekintzaren helburu lez”.
Modu berean, une honetan Bizkaiko Batzar Nagusietan zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdian dagoan arauak 2023ko martian onartutako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren printzipioaren arabera arautuko ditu Foru Aldundiko bizikleta-bideak, eta “foru eskumeneko bizikleta-bideen plangintzea, finantziazinoa, proiekzinoa, eraikuntzea, aldaketea, kontserbazinoa, ustiapena, erabilerea eta defentsea” jorratuko ditu.
HAMAR AUKERA GEHIAGO LAS CARRERASERAKO
EH Bilduk eskatuta, Azpiegituretako diputatuak, Abantoko Las Carreraseko saihesbidearen alternatiben azterlanaren gaur egungo egoerea azaldu dau. Alzagak iragarri dauenez, azterlana amaituta dago, eta daborduko erregistrau dau Bizkaiko Batzar Nagusietan batzorderatzeko eskaria, proiektuaren lehenengo bersinoan errepiderako mahai ganean jarri ziran bost alternatibei beste hamar alternatiba gehitzen deutsezan azkenengo txostena azaltzeko.
Jatorrizko proiektuaren alegazinoei buruz galdetuta, Alzagak baieztu dau norbanakoek eta hainbat erakundek aurkeztu ebezan “132” alegazinoei banan-banan erantzungo jakela, eta etorkizunean aurkezten diranakaz gauza bera egingo dala, proiektuaren bigarren bersinoa be jente aurrean jarri beharko dalako, bai sektoreari bai ingurumenari jagokenez.
PREZIO BARRIAK
Horrez gan, Alzagak, Bizkaiko Lurralde Historikoko errepide jakin batzuk erabilteagaitik merkantziak garraiatzen dituen ibilgailu astunei jarten jaken kanonaren zenbatekoa eguneratzen daben foru dekretuen barri emon dau, eta baita 2025erako errepide azpiegitura sarearen tarte jakin batzuen ganeko bidesariaren zenbatekoen barri be.
KAMIOIEN IGAROTEA USANSOLOTIK
Bukatzeko, metroaren 5. lineako lanak dirala eta Unkina eskolearen ondotik kamioiak etenik barik igaroteagaitik haserre egozan Usansoloko biztanleen kexea jaso dauen Bizkaiko Talde Popularrari erantzunez, Alzagak adierazo dau Aldundiak ez dauela eskumenik aitatutako bideetan, Udalarenak diralako.