KERRY KENNEDYK GERNIKAKO BATZARRETXEA BISITAU DAU

  • RFK Human Rights Fundazinoko presidentea Euskadin da, euskal erakundeakaz hartu-emonak estutzeko eta giza eskubideen eta justizia sozialaren inguruko konpromisoa sendotzeko.

 

(Gernikan, 2024ko urriaren 25ean). Kerry Kennedyk, Robert F. Kennedy Human Rights Fundazinoko Presidenteak, Gernikako Batzarretxea bisitau dau gaur. Giza eskubideen aldeko aktibista eta idazle amerikarra Euskal Herrian egotearen helburu nagusia nazinoarteko erakundearen eta euskal erakundeen arteko etenbako lankidetzaren oinarriak sendotzea da. Giza eskubideen defendatzaileari Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Idoia Buruaga Barcena Mahaiko Bigarren Lehendakariordeak egin deutsie harrerea. 

Euskal erakundeakaz izandako topaketak –Kennedy Bilboko udaletxean eta Bizkaiko Foru Aldundian izan zan atzokoan– Bizkaiko lurraldeak giza eskubideakaz eta justizia sozialagaz konprometidutako leku lez dauen garrantzia indartzen dau. Kennedyk berbaldi bat emon dau gaur goizean Deustuko Unibersidadean. Bertan, bera buru dan fundazinoak egiten dauen lanaz egin dau berba, besteak beste, gobernuei giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoen aurrean erantzukizunak eskatzea.

Mujer Siglo XXI alkarteak babestuta, Robert F. Kennedy senatari estatubatuar ezagunaren alaba eta aktibista amerikarrak, bakearen eta askatasunaren sinboloa dan Gernikako Batzarretxea bisitau dau gaur. Kennedy Maria Diaz de la Cebosa Espainiako RFKko presidenteagaz etorri da.

Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan, taldeak Gernikako Arbolearen historiari eta Batzar Nagusien gaur egungo egitekoei buruzko azalpenak jaso ditu. Bisitarien taldea Aldundiaren egoitzetatik ibili da, osokoen aretotik, beiratearen gelatik edo liburutegitik, besteak beste. Bukatzeko, lehendakariaren bulegoan, Kennedyk bere presentziaren lekukotza itxi dau, Batzar Nagusietako Sinadura Liburuan sinatuz.