BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETA UNRWA EUSKADIK GAZAKO EMAKUMEEI LAGUNTZEKO HITZARMENA SINATU DABE

  • Akordioak lehentasuna emoten deutse genero-bardintasuna eta bidebakokeria-egoeretan emakumeen eta nesken garapen integrala sustatzen daben lankidetza-proiektuei.
     
  • Hitzarmenak lankidetza, ekintza humanitario eta sentsibilizazino proiektuetarako 60.000 euroko ekarpena jasoten dau. Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planeko ekintzen barruan dago.

 

(Bilbon, 2025eko martiaren 11ean) Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UNRWAko Espainiako Batzordea Alkarteak (UNRWA Euskadi) lankidetza-hitzarmena sinatu dabe, nazinoarteko lankidetzea, ekintza humanitarioa eta gazatarren aldeko sentsibilizazinoa indartzeko, emakumeei eta neskatoei laguntzeko batez be. Akordioa Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Barbara Ruiz Balzola UNRWA Euskadiko arduradunak sinatu dabe, Bizkaiak nazinoarteko alkartasunagazko, bardintasunagazko eta justizia globalagazko dauen konpromisoa indartu dauen ekitaldian. 

Akordioak kontzientzia solidarioak gizartean izan dauen hazkunde nabarmenari erantzuten deutso. Izan be, Nazino Batuek adierazotako % 0,7a betetea eskatzen deutse erakunde publikoei, bai eta garapenerako lankidetza-programak eraginkortasunez kudeatzeko beharra be. Bizkaiko Batzar Nagusiak bardintasunagaz konprometiduta dagoz, eta hitzarmen horren bitartez baliabideak lehentasunez emakumeen eta neskatoen mesederako proiektuetara helduko dirala bermatu gura da, askotan horreek diralako gerra egoeretan bidebakokerien eta desbardintasunen eragina gehien jasaten dabenak. Akordioa Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planean adostutako ekintzen barruan dago.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren eretxiz “hitzarmen honek genero bardintasunagaz eta emakumeen eta nesken ahalduntzeagaz dogun konpromisoa indartzen dau. Gure laguntza gehien behar dabenengana modu eraginkorrean iristea bermatu gura dogu, batez be garapen integrala sustatzen daben proiektuetara zuzenduz”.

Barbara Ruiz Balzolak, bere aldetik, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu dau, emakumeen eta nesken bizitzetan benetako eragina lortzeko. “Akordio horrek eskualdean egiten dogun lana indartzeko eta gure proiektuek Palestinako errefuxiatuen alde daben eragina handitzeko aukerea emongo deusku”.

Bizkaiko Batzar Nagusiek 60.000 euro bideratuko ditue 2025ean UNRWA Euskadiren proiektuak finantzetara. Ekarpen hori Gazan laguntzea emoteko eta berreregiteko ekimenak ezarteko lagungarria izango da, bai eta Euskadin biztanle palestinarraren egoereari buruzko sentsibilizazino-kanpainak egiteko be.

Hitzarmenak printzipio honeetan oinarritutako epe luzerako lankidetza-esparrua ezarten dau: alkartasuna, jaubetzea, laguntzea, koordinazinoa, erantzukidetasuna eta egiturazko laguntzea, zeharkako genero-ikuspegiagaz. Erakunde biek alkarregaz behar egiteko konpromisoa hartu dabe, komunidade onuradunetan emakumeen eta nesken premina espezifikoei erantzungo deutseen lankidetza-proiektuak identifiketako eta babesteko.