BATZAR NAGUSIEK BIZKAIKO ZERGA SISTEMAN MULTINAZIONALEN GITXIENEKO ZERGEA ETA BANKUKO INTERESEN ETA KOMISINOEN GANEKO ZERGEA SARTZEN DITUEN FORU ARAU BI ONARTU DITUE
- Zerga horreek jasoten dituen arauzko testu biak gaur onartu ditue Bizkaiko Batzar Nagusiek, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko diran zergaldietan izango dabe eragina.
(Gernikan, 2025eko gabonilaren 12an). Ohiko osokoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko tributu sisteman sartuko diran tributu barri biren Foru Arauak onetsi ditue: enpresa eta multinazional handientzako zerga osogarria eta interesak eta komisinoak kobreteagaitik banku jakin batzuek ordaindu beharreko zergea. Lehenengoa, “bankuen ganeko zerga” ezagunaren testu arauemoilea, ia osorik onartu da aho batez. Banku komisinoak arautzen dituan foru arauari jagokonez, Batzar Nagusietako talde guztiek zuzenketa-eskerik jaso ez daben artikuluak onetsi ditue, abstenidu egin dan PP taldeak izan ezik. Erespen bietan zuzenketa-eskeak egozan erreserbauta (22 eta 10, hurrenez hurren), baina Foru gobernuari eusten deutsien talde biek –EAJ-PNVk eta PSEk– euren botoak batu ditue atzera botateko.
Eguneko bigarren saio parlamentarioan –lehenengoan 2026ko Bizkaiko Aurrekontuen kontra oposizinoak aurkeztutako Osotasunezko zuzenketa-eskeak baztertu dira–, Finantza Erakundeen Interesen eta Komisinoen Marjinaren ganeko Zergeari buruzko Foru Araua eztabaidatu eta bozkatu da lehenengo. Testu horrek kreditu-erakundeek, kredituko finantza-establezimenduek eta Espainian ezarritako atzerriko kreditu-erakundeen sukurtsalek izandako interesen eta komisinoen marjina zergapetzen dauen zuzeneko zergea (IMIC izenekoa) sortzea jasoten dau. Karga-eskalea % 1 eta % 7 artekoa da, murrizketa eta kenkari jakin batzuk aplikau eta gero.
Foru Arau proiektu honek Soziedadeen ganeko Zergeari, Ez Egoiliarren Errentearen ganeko Zergeari eta Balio Erantsiaren ganeko Zergeari jagokezan Ekonomia Itunaren aldaketak jasoten ditu, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2024ko zemendiaren 13ko Lehenengo Akordioan jasotakoak, hain zuzen be. Ganera, testuak joan dan jorrailean onartutako zerga-barrikuspenaren aldaketa teknikoak gehitzen ditu.
“2. ZUTABEAREN” ONARPENA
Beste alde batetik, talde multinazional eta nazional handiei gitxieneko % 15eko tributazinoa bermatzeko “2. zutabea” izeneko proiektuak Batzar Nagusietako bost taldeen aldeko eretxia jaso dau, ñabardura batzuekaz, erespena oposizinoaren 22 zuzenketa-eske parzialegaz heldu dalako osokora.
Foru Arau horren helburu nagusia Bizkaian talde multinazionalentzako gitxieneko zerga-maila orokor hori bermatzeko zerga osogarria arautzea da. Foru arauak Europako 2022/2523 Zuzentarauaren transposizinoa egiten dau, eta nazinoarteko edo nazinoko talde bateko kide diran eta gitxieneko % 15eko kargea jasan ez daben erakundeek lortutako errentei apliketako gitxieneko kargea jasoten dau, ehuneko hori bete arte.
Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak gogora ekarri dauenez, gitxieneko zergapetze global hori (2. zutabea), talde multinazional handiei etekinak zerga gitxiko edo zergarik bako jurisdikzinoetara eroateko aukerea emon deutsen digitalizazinoaren eta globalizazinoaren erronkei erantzuteko sortu da. Helburua fiskalidade “bidezkoagoa eta ekitatiboagoa” lortzea da, zerga-oinarriaren higadurea eta etekinen lekualdaketa artifiziala saihestuz.
Zerga Osogarria arautzeaz gain, Foru Arau Proiektuak aldaketak sartzen ditu Soziedadeen ganeko Zergan eta Persona Fisikoen Errentearen ganeko Zergan (PFEZ), “zerga osogarri barria sortzeari zuzenean lotutakoak”. Hain zuzen be, atal horretan heldu dira oposizinoaren desadostasun nagusiak, batez be Soziedadeen Zergan enpresa-kenkari barriak sartzearen kontra agertu diran Elkarrekin Bizkaiarenak eta EH Bildurenak.

