IMANOL PRADALESEK LEHENDAKARI KARGUAREN ZINA EGIN DAU GERNIKAKO HARETXAREN AZPIAN

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu barriak Gernikako arbolearen azpian zin egin dau kargua. Halan, euskal gobernuko aurreneko lehendakari izan zan Jose Antonio Agirrek erabilitako zin ekitaldiaren ereduari jarraitu deutso, eta horrenbestez, Eusko Legebiltzarrak osoko bilkurea egin dau Gernikako Batzar Etxean.

Lehendakari izentau barriari egindako kinu ugari izan dira ekitaldian. Iritsieran, arraunlari daneko Santurtziko Sotera ontziko arraunakaz eta saskiakaz egin deutsie harrerea. Horrez gain, Txillida eta Basterretxea omendu gura izan ditu Pradalesek bien jaiotzaren mendeurrenean: euskal artisten eskultura banak inguratuta izenpetu dau kargua.

Gernikako Batzar Etxera heldu dira legebiltzarkideak eta euskal instituzinoetako ordezkariak 10:45etik 11:15era bitartean. 11:30ean hasi da protokoloko ekitaldia, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduiren iritsiereagaz. Eusko Legebiltzarreko mahaikideei harrera egin deutse sarreran. Gero Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria heldu da. 

Une horretan Otaduik Tejeriari aginte makilea emon deutso, hau da, Bizkaiko Batzar Nagusietako arduradun gorenaren ikurra. Makilearen emote horrek adierazoten dau Otaduik Tejeriari emoten deutsola agintea, eta halan, Batzar Etxea Eusko Legebiltzarraren egoitza bihurtzen dala. Erakunde ordezkaritza horrek agintariei harrera egin deutse.

11:50 inguruan Imanol Pradales lehendakari hautetsia iritsi da, eta 11:55 aldera, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria, aginte makila eskuan ebala. Jagokezan agurrak egin, eta 12:00etako kanpaiak eta “Gernikako Arbola” entzun eta gero, bilkura aretora abiau dira, segizinoan, txistularien “Alkate soinua” piezako doinuek lagunduta.

Gernikako Batzar Etxeak ohiz kanpoko itxurea izan dau gaur, jarlekuetan Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak, erakundeetako agintariak eta konbidauak izan dira-eta. Bakartxo Tejeriak Eusko Legebiltzarreko lehendakariak emon deutso hasierea osoko bilkurari, eta segidan, Mahaiko idazkarietako batek hartuko dau berbea.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko errege dekretuaren irakurketea bukatuta, Imanol Pradales bilkura aretotik urten da, Bakartxo Tejeria legebiltzarburuak, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta Mahaiko kideak lagunduta, zin egitearen lekuko izan dira-eta. Legebiltzarkideek, jarduneko Jaurlaritzako kideek eta ganerako konbidauek bilkura aretoan geratu dira, eta bertatik jarraitu dabe zin egitea, beren beregi hartarako jarritako pantailen bitartez.

Zin egitea Gernikako arbolearen gunearen barruan egin da. Lehendakariak erabili dauen Autonomia Estatutuaren edizinoa Eusko Legebiltzarrean erakunde-ordezkariak karguaz jaubetzen diranean erabilten dabena izan da. Ganera, “Fuero Viejo del Señorío de Vizcaya” izenekoaren ale bat erabili dau. 1600ko azaroaren 4an Juan Ruiz de Anguiz eskribauak egindako kopia.

Arbolearen atzean, eta pabiloiaren zutabe bakotxaren ondoan, zenbait ertzain egon dira, gala handiko uniforme berdeaz jantzita, harik eta zin egitea bukatu arte. Gernikako Batzar Etxearen esparruan be egon dira ertzainak zaintza lanean, gala uniformea jantzita.

Bakartxo Tejeria legebiltzarburuak lehen idazkariari emon deutso berbea, eta harek zinaren iragarpena irakurri dau euskeraz eta gaztelaniaz. Une horretan, Imanol Pradalesek Jose Antonio Agirre Lekubek 1936ko urriaren 7an erabilitako zin egite ekitaldi ereduaren oinarriari eutsi deutso, aurrez beste lehendakariek egin legez.

Zin egitea bukatuta, Ertzaintzaren Musika Bandearen Bostekoak Autonomia Erkidegoko himno ofiziala, “Euzko-Abendaren Ereserkia”, jo dau. Ondoren, lehendakaria foru haretx beneratuaren gunearen inguruko burdin-hesiaren aurrean jarri da, Legebiltzarreko lehendakaria eta Mahaiko kideak lagunduta. Ohorezko aurreskuaren unea izan da.

 

KARGUA HARTZEA 

Aurreskua bukatuta, ekitaldiko protagonistak batzar aretora joan dira. Lehenengo idazkariak Autonomia Estatutuaren 24. eta 33. artikuluak irakurri ditu. Lehendakaria hizlarien tribunara abiau da, eta han kargua onartzeko berbak esan ditu.

Une horretan emon deutso Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak aginte makilea Imanol Pradales lehendakari izentau barriari. Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak emon deutso amaiera ekitaldiari, aldarrikatuz Imanol Pradales jaubetu dala Eusko Jaurlaritzaren lehendakaritzaz eta Estaduaren ordezkaritza arruntaz. 

Ertzaintzaren Musika Bandak “Agur jaunak eta andreak” jo dau. Eta segidan Imanol Pradales lehendakaria Gernikako Arbola Zaharraren eremura joan da. Argazki ofizialak egin ditue ondoren.