OMENALDIA ENKARTERRIKO MEMORIA HISTORIKOA BERRESKURATZEKO PROIEKTUAN PARTE HARTU DABEN 30 AMAMARI

  • Enkarterriko adineko emakumeek eta Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleek parte hartu daben “Amama influencer” hezkuntza proiektuak ahazturatik berreskuratu ditu eskualdeko bizitzako istorioak.
     
  • Belaunaldi arteko “Amama influencer” proiektuaren hirugarren edizinoa Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II. Planaren barruan dago.

 

(Abellanedan, 2025eko bagilaren 17an). Enkarterrietako Museoak, Sodupeko Kultur Etxean egindako ekitaldian, Enkarterriko emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko “Amama Influencer” proiektuan parte hartu daben adineko hogeita hamar bat emakume omendu ditu. Proiektuan Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako berrogeta hamar bat ikaslek be hartu dabe parte.

Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoko Hezkuntza departamentuak diseinau eta garatu dauen proiektuak ahanzturatik atera ditu hamarkadetan isildutako emakumeen testigantzak. Ikasleen artean genero-ikuspegia oinarri hartuta behar egiteak, kutsu historikoa edo/eta etnografikoa daben jardueren bidez, emakumeen iragana ulertzea eta bardintasunezko gizartea eregiten lagunduko daben erreferenteak aurkitzea ahalbidetu dau.

Zezeiletik bagilera bitartean luzatutako belaunaldien arteko proiektuaren helburu nagusia Kadagua ibaiaren arroko emakumeen memoria historikoa berreskuratzea izan da, hainbat hamarkadatan industriagaz harreman estua izan eben emakumeen historietan sakonduz. Holan, enpatia historikoa eta emakumeen testigantzen entzute aktiboa teknologia barrien erabilereagaz konbinauta, ikasleak arbasoen iragana berreskuratzean zentrau dira.

Alkarrizketatutako amamak, 30 guztira, belaunaldi gazteenen erreferente edo “influencer” bihurtu dira aste batzuetan. Belaunaldi bien artean, XX. mendearen erdialdetik Kadaguako lantegietan ehundaka industria-lanpostu beteteko gai izan ziran emakumeen bizipenak atera ditue argitara.

 

OMENALDI EKITALDIA

Sodupen egindako omenaldian, eta Enkarterrietako Museoko hezitzaileen eta Eretzaberri ikastetxeko arduradunen esker oneko berba batzuen ostean, ikasleek egindako ikus-entzunezko bat ikusi da. Bideoan, amamek jasandako migrazino-esperientzia ugariak, emakume izate hutsagaitik gaztezaroan askatasunik ez izateari buruz egindako etenbako aitamenak, eta belaunaldi barriei eskubide sozialen defentseagaz jarraitzeko egindako etenbako gonbitea nabarmendu ditue. Emakume horreetako gehienei ez jaken ikasteko aukerarik emon, eta horregaitik hezkuntzak garapen pertsonalerako funtsezko tresna lez dauen garrantzia azpimarratu dabe.

Sodupeko ikastetxeko irakasleentzat, “Amama influencer” proiektua maila askotan aberasgarria izan da. Alde batetik, Kadagua ibaiaren bailarako industrializazino prozesu osoa eta bertatik eratorritako gizarte, urigintza eta ingurumen arloetako eraldaketak bertatik bertara ikasteko aukerea emon deutse gaztetxoei. Bestalde, proiektuak emakumeen bizitza eta historian zehar egindako ekarpena ezagutzeko eta aintzatesteko aukera emon dau, askotan testuliburuetan ahaztuta geratzen diran gaiak. Informazinoa biltzea, alkarrizketak... ikerketa-prozesua bera ikasteko oso metodologia eraginkorra dala erakutsi da.