BIZKAIKO FORU OGASUNAK 2.165 MILIOI EUROKO ATZERAPENAK ONARTU DITU 2012TIK

  • Gaur egun, atzeratutako zor bizia 452 milioi eurokoa da, hau da, azken hamahiru urteetan baimendutako atzerapenen eta zatikapenen % 20a “baino” ez.
     
  • Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak emon dau datu hori Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Ogasun eta Finantzetako batzordean zergak ez ordaintzeagaitik iruzur delitua egotzita epaituta dagoan Hafesa Taldeko enpresei emondako atzerapenaren ganeko saio monografikoan.


(Bilbon, 2025eko bagilaren 12an). Bizkaiko Foru Ogasunak “2.165 milioi euroko” zergen ordainketea atzeratzeko eta zatikatzeko baimena emon deutse azken hamahiru urteetan persona fisikoei eta juridikoei. Gaur egun, zor bizia “452 milioikoa” da, hau da, zenbateko osoaren “% 20a baino ez”. Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatu andrearentzat, “ohikoa, arautua eta tasaua” dan zerga betebeharren ordainketea atzeratzeko modu hori “finantza-oxigenoa” izan da zergadunentzat euren diruzaintzan “tentsinoa” egon danean. 

Aldundiak preminazko agerraldia eskatu eban Bizkaiko Foru Aldundiaren zerga-zorrak kudeatzeko prozesuaren, eta, batez be, zergak atzeratzeko eta zatikatzeko prozedurearen, barri emoteko. Presaren errazoia Hafesa Taldearen inguruan azken aldian izandako gertaerei buruzko informazinoa emoteko beharra zan; izan be, konpainia hori 154 milioi euroko delitu fiskala egotzita epaituko dabe.

Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andrearen batzorderatzea Talde Mistoa-Elkarrekin Bizkaiak be eskatua eukan egun batzuk lehenago. Talde horren berbetan, kazetarien informazinoen arabera “225 milioi euro” izan dira Bizkaiko Ogasunak enpresa horri onartutako atzerapena, 2030era arteko ordainketa zatikatuakaz. Zenbateko hori ez dau baieztu Ogasuneko diputatuak. “Zurrumurruak” eta “akatsa” dirala esan du.

Aldundiko arduradunak, funtzionarioek “zorroztasun osoz” jarraitzen daben eta Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean oinarrituta eta “tasauta eta araututa” dagoan prozedurea azaldu baino ez dau egin agerraldian, arautegi berak zergadunen zehaztasunak emotea galarazoten deutsolako. Merkataritza Erregistroan dagoan “informazino publikoan” oinarrituta, enpresa talde horrek hilean “22 milioi euro” sartu ditu azkenengo lau urteetan Bizkaiko Ogasunean. Hafesaren Zerga Berezien eta BEZaren ondoriozko ordainketak, aldi horretan, 1.100 milioi euro baino gehiago izan dira, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez.

Atzerapenen kasuan, zor diran kopuruen arabera emoten diran pausuak azaldu ditu Berrojalbizek. Zordun handien kasuan, besteak beste, bideragarritasun-plana, ordainketa-plana eta ordainketa-bermeak eskatzen dira. 2020tik, Bizkaiko Ogasunak barruko kontrola sartu dau 250.000 eurotik gorako zorretarako, Zerga Bilketako Ikuskaritza Unidadeak ikuskatuata. Kasu horreetan, Ogasunak eskatutako bermeak zor osoa estaldu behar dau, gehi % 20 errekarguengaitik eta beste % 5 kostuengaitik.

Oposizinoko talde guztiek kezkaz aitatu daben Madrilen zabaldu dan auzi judizialari jagokonez, Berrojalbizek nasaitu egin gura izan ditu. “Ez dago kezkarako errazoirik”, holango prozeduretan “ez dagoalako ezelango kargu publikoren diskrezionaltasunerako tarterik”. Hafesa Taldea Bizkaiko Ogasunagaz zorrak dituen erakundeen zerrendan be ez dago. Eta Aldundiaren jokabidea defendidu dau, izan be, gaur egun, organu judizialek “ez deuskue jakinarazo kaltetuak garanik, ezta prozesu judizial bat zabalik dagoanik be”. Dana dala, ohartarazo dauenez, iruzur fiskalagaitik egindako ikerketa edo epaiketa batek ez dau galarazoten zergen ordainketea atzeratzeko edo zatikatzeko prozedurea edegi ahal izatea. Are gehiago, arlo penaleko epaitegiek eurek, “zigor-epaien ondoriozko zatiketak eskatu leikiez”, azaldu dau.

Oposizinoko taldeek kasuaren “salbuespena” aitatu dabe azalpenak hainbat kontrol figuren bidez (agerraldia, idatzizko erantzun-eskeak edo Itaunak) eskatzea errazoitzeko. Zenbateko “garrantzitsua” da, Foru Ogasunak hamar urte baino gehiagotan emon dituan atzerapen guztien “% 10,3a” dalako, Bizkaiko Talde Popularrak azpimarratu dauenez. Arazoetako bat “herritarrei holango neurriakaz zabaltzen jaken mezua” da, kritikau dau EH Bilduk, eta, aldi berean, zuhurtzia handiagoa eta zorra kobretan dala ziurtatzeko “baldintza gehigarriak” eskatu deutsaz Ogasun Sailari, “ez dalako oso kasu arrunta”. Talde Mistoa-Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, argibideak eskatu ebazan enpresa taldeko presidenteak Ogasuneko kide ohiakaz dauen harremanarengaitik, “mesedezko tratuaren aurrean” ete gagozan argitzeko.