BIZKAIKO OGASUNAK 90,4 MILIOI EURO BERRESKURATUKO DITU DATOZAN HILEBETEETAN HIDROKARBUROEN SEKTOREAN AZALERATUTAKO HIRU IRUZURRAKAITIK
- Bizkaiko Foru Aldundiak 2024ko iruzur fiskalaren kontrako planean azaleratutako “448,8” milioi euroetatik “% 70a” berreskuratu dau daborduko.
- Igaz, Bizkaiko Ogasunak “574.000 jarduketa baino gehiago” egin ebazan.
(Bilbon, 2025eko maiatzaren 9an). Bizkaiko Foru Ogasunak Iruzur Fiskalaren kontra Burrukatzeko Planean jasotako “574.000 jarduketa baino gehiago” egin ebazan igaz, eta azaleratutako 448,8 milioi euroko emaitzea lortu eban, hau da, 2023an baino % 4,43 gehiago, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak gaur goizean, berak eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian baieztu dauenez. Kopuru horretatik, 312 milioi –% 70a– diru-kutxa publikoetarako berreskuratu dira daborduko, eta “hurrengo hilebeteetan”, hidrokarburoen sektorean antzeman diran 90,4 milioi batuko jakez, Ministerio Fiskalari igorri jakozan BEZaren inguruko hiru delitu antzeman diralako.
Berrojalbizek azpimarratu dauenez, 2009an iruzur fiskalaren kontrako burrukarako plana martxan jarri zanetik, horri esker 6.860 milioi euroko iruzurra azaleratu da, eta horreetatik % 92 Foru Ogasunean sartzea lortu da, azkenengo 16 urteotan egin diran milioika jarduketen ondorioz. Urte horreetan guztietan, Ogasuna jarduketak areagotuz joan da, gero eta iruzur gehiago azaleratuz, baina horrek “ez dau esan gura gero eta iruzur gehiago egiten danik”, ohartarazo dau foru arduradunak.
2024an egindako erregularizazino eta kobrantza jarduketei jagokenez, Berrojalbizek BEZaren atalean gertatzen diranak azpimarratu ditu, 186 milioi euro pasatxo, hau da, guztizkoaren % 41,5a. Bigarren lekuan PFEZ dago, 51,6 milioi eurogaz, eta hirugarrenean Soziedadeen ganeko Zergea, “ia 50 milioi eurogaz”.
Ogasuneko diputatuak gogora ekarri dauenez, zergarik ez ordaintzea “gure gizartearen kontrako erasoa” da eta, horregaitik, iruzur fiskalaren kontrako plana “lehentasunezko” gaia da Foru gobernuaren planean. Eta are gehiago izango da etorkizunean, Aldundiak iruzur geruza handiagoak antzemateko egiten dauen ahalegina “ahalik eta gehien handituko dalako”.
Une honetan, iruzur fiskalaren kontrako plana hiru arlotan oinarritzen da: informazinoa biltzea; erregularizazinoa eta kobrantzea; eta prebentzinoa. Lehenengoan Bizkaiak “300 milioi” trukaketa egin ditu “89” herrialdetako beste zerga agentzia batzuekaz. Eta prebentzino lanei jagokenez, Berrojalbizek azaldu dau indartu egin dala ikastetxeei zuzendutako zerga arloko hezkuntzarako ekimena, joan dan ikasturtean “137” ikastetxetako “4.139” ikaslerengana helduz. Atal horretan, 2026ra begira Batuz derrigorrez ezarri behar dala be azpimarratu behar da. 2024ko abenduaren 31n, “25.586” zergadun egozan atxikita, guztien % 83a, hain zuzen be. Bere berbaldia amaitzeko Berrojalbizek azpimarratu dau igaz “3,3 milioi arreta baino gehiago” emon jakezala zergadunei.
ESPERANZA Y COMPAÑÍA ENPRESEAREN ZORRA
Konpainiaren likidazino prozesu baten ostean (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularrak eskatu eben batzorderatzea) Esperanza y Compañía enpreseari ustez Foru Ogasunagaz izandako zorra dala eta gauzatu ez diran bahiturei jagokenez, Berrojalbizek gai beraren ganeko kontroleko azkenengo osokoan esan ebana erantzun dau barriro. “Argi eta garbi” esan behar da Aldundiak ez kobretako beste alde batera begiratu izanaren salaketak “guzur hutsak dirala”. Enpresa horrek 1991n ordainketen etete eta porrot prozesua aurkeztu ebanean hasi zan espedientea errepasau ostean, Aldundiko arduradunak esan dau Ogasunak “zorroztasun osoz eta zuzenbideagaz bat etorrita” jokatu dauela.
Ogasun eta Finantzetako batzordean Berrojalbizek bere jarrerea aurpegiratu deutso Bizkaiko Talde Popularrari, EH Bilduk egindako galderari erantzunez kontroleko azkenengo osokoan gai horren inguruan emon ebazan azalpenen ostean agerraldi eskari horri eguneko gai zerrendan eusteagaitik (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak atzera bota dau agerraldi eskaria).
Osokoan, Berrojalbizek eskaria egin eutsen oposizinoko taldeei, gai horren inguruan Bizkaiko Batzar Nagusietan batzorderatzeko egin dituen eskariak barriro baloretako, enpresa horrek ez daukalako zorrik Aldundiagaz, konkurtsoa likidetako batzordeak berak adierazo eban lez –gaur barriro esan dau–. “Foru Aldundiaren aldeko hipotekea agertzen jarraitzearen errazoia ez da, inondik inora, Administrazino honek ardurabakokeriaz jokatu izana, ezta inongo persona edo erakunderen aurrean mesede-tratua egotea be, Talde Popularrak adierazo dauen lez”, esan dau.
Raquel González Talde Popularreko bozeroaleak zalantzan jarri ditu diputatuaren azalpenak, eta kasu horren salaketan “bakarrik geratzen dala” adierazo dau, berarentzat “ez dalako ezer argitu”. “Kobreteari ixtea ez danez legez kanpokoa” zuzenbideagaz bat datorrela esan leike, baina horrek ez dau esan gura Ogasunak armamentu-enpresa bati egindako “onuraren” inguruan “zalantzarik” ez dagoanik, 2 milioi euroko bahiturak ez diralako gauzatu.
Berrojalbizek azpimarratu dauenez, Jabetza Erregistroan, Merkataritza Erregistroan eta 90eko hamarkadan Aldundian zabaldu zan espedientean dagoan dokumentazinoa aztertu ostean, Aldundiak “modu egokian” jokatu ebala egiaztau da. Foru diputatuak bereizi egin gura izan ditu “ordaindu zan” “konkurtso aurreko zorra” eta “konkurtso osteko zorra”. Azken horri jagokonez, aztertutako informazinoan oinarrituta “argi eta garbi” ikusten da “Aldundiak ahal izan dauen guztia egin dauela zorra kobretako”. “Gauza bera egingo litzateke gaur egun”, azpimarratu dau. Bukatzeko, espedientea Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku dagoala eta erakunde fiskalizatzaile horrek gai horren inguruan “ez dauela ezelango salbuespenik egin” be azpimarratu dau.