BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK DESGAITASUNA DABEN PERSONEN LAGUNTZAILEEK GARRAIO PUBLIKOAN DOBAN BIDAIATZEA EZARTEKO ESKATU DEUTSEE ALDUNDIARI ETA BGP-RI

  • Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordeak aho batez onetsi dau Foru parlamentuko bost taldeek sinatutako arauz besteko proposamena, % 45eko edo gehiagoko ezintasuna eta mendekotasun maila autortua daben personen senideek dobako tituluagaz bidaiatu ahal izan daien.
     
  • Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuak sei hobekuntza iragarri ditu Bizkaibusek Leioako unibersidadeko campusera egiten dauen zerbitzuan.

 

(Bilbon, 2025eko martiaren 12an). Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordean, desgaitasunen bat daben personen laguntzaileek lurraldeko garraio publiko osoan doban bidaiatu ahal izatea eskatzeko arauz besteko proposamena. Hain zuzen be, Batzar Nagusietako bost taldeen (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) sinadurea daroan ekimenak, lagunduta doazan personek muga maila jakin bat bete behar dabela ezarten dau. 

Holan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsee Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP), “beharrezko mekanismoak” ezarri daiezan % 45eko edo gehiagoko minusbaliotasuna eta mendetasun maila autortua (I, II edo III) dabenei laguntzen deutseen personak Lurraldeko garraio publikoko operadoreetan garraio publikoaren titulua ordaintzetik salbuetsita egon daitezan. Baldintza biak bete beharko dira eta eskabidea “beren beregi” egin beharko da.

Bizkaiko Batzar Nagusiek laguntzaileak ordaintzetik salbuestea eskatzeko antzeko erabagia hartu daben bigarren aldia da. 2021ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez hartu eben Lurraldeko garraio publikoan desgaitasunen bat izanda laguntzailea behar daben personen eskubideen benetako bardintasuna bermatzeko akordioa. Bozeroale batzuek gogora ekarri dabenez, geroztik egin diran lege aldaketek persona batzuk neurri horretatik “kanpo” geratzea eragin dabe.

Ganera, ekimenean adierazoten danez, 2024ko urriaren 17ko Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean jorratutakoari erantzunez, Batzar Nagusietako taldeek “jakin eben” salbuespen horren onuradun izan behar eben mendekotasun kasu batzuk ez zirala neurri horren babespean geratzen. Gaur aretoan egon dan eta adimen desgaitasuna dauen garraio publikoko erabiltzaile baten amak Batzar Nagusietan salatu ebanez, Aldundiak ez deutso behin betiko konponbiderik emoten txartela ordaindu barik semeagaz bidaiatu ahal izan daian, beste persona batzuekaz gertatzen dan lez.

 

ETORKIZUNEKO HOBEKUNTZAK LEIOAKO CAMPUSERAKO BIZKAIBUS ZERBITZUAN

Beste alde batetik, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuak, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, bere sailak EHUko Leioako campuserako garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko martxan jarri gura dauen Bizkaibus zerbitzua aldatzeko 6 proposamen iragarri ditu.

Talde moreak diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etortea eskatu dau, garraio zerbitzuak lurraldeko hainbat lekutatik unibersidadera joateko dituan “mugak eta defizitak” kontuan izanda. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak gogora ekarri dauenez, oraintsu Arratiako ikasleak Batzar Nagusietara joan dira euren kexak azaltzera, eskualde horretatik ez dagoalako zuzeneko zerbitzurik. Horrek argi erakusten dau “zerbitzuak eta maiztasunak hobetu behar dirala”, kasu horretan eta beste batzuetan. 

Leioara doazan 23 linea (horreetatik 19 esklusiboak dira) dituan Bizkaibuseko sarearen gaur egungo egoerea aztertu ostean, Pérezek adierazo dau badagoala hobetzeko tartea, batez be puntako orduetan, 7:30etik 9:30era, eta, hori dala eta, bere sailak hainbat hobekuntza planteetan ditu, sei proposamen zehatzegaz: anezka bat Ansiotik 20 minutuz behin; Durangoko linea Elorrioraino luzatzea; Gernika-Amorebieta-EHU linearen zerbitzua indartzea puntako orduetan; eta jatorria edo helmuga Enkarterrin, Bermeon eta Larrabetzun daben hiru linea bikoiztea, ibilbide desbardinak dituen beste horrenbeste linea sortzeko.

Hobekuntza horreek martxan jarteko epeari buruz galdetu deutsienean, Aldundiko arduradunak esan dau EH Bildugaz lortutako aurrekontu akordioak eskaintza barri horren parte bat “urte honetan zehar” aktibetea ahalbidetuko dauela. Horreen artean, Elorriorako konexinoa aitatu dau, goizeko zerbitzu bi eta itzulerako beste bi jarrita; Arratiako lehenengo zerbitzua aurreratzea; eta Gernika-Amorebieta-EHU linea indartzea. Ganerakoei jagokenez, “ez geunke lizitazino barriaren zain egon gura”, esan dau.

Une honetan, eta foru diputatuak gogora ekarri dauenez, Bizkaibusetik Leioara doazan 23 lineek eta puntako orduan zirkulazinoan jarten diran 66 ibilgailuek, batez beste, “16.000 bidaia” egiten ditue lanegun bakotxean, egunero EHUra joaten diran 11.000 personei –8.000 ikasle eta 3.000 behargin– zerbitzua emonez. Linea horreek Bizkaibusen sarearen % 22 dira. Leioako campuserako eskari horren % 50, 15 minutuz behin Termibusetik (Bilbo) urten eta 25 minutuko bidaia-denporea dauen lineak estaltzen dau. Guztira, Leioan jatorria edo helmuga daben autobusek 28 milioi kilometro egiten ditue urtean, Aldundiaren autobusek egiten dituen guztien % 6.