TRIANOKO MENDIETAKO ABELTZAINEK EUREN HASERREA ADIERAZO DABE BATZAR NAGUSIETAN, ARTZAINTZARAKO ASKATASUN-FALTEA DALA-ETA

  • Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordera etorri dira, Galdamesen jarrerea deitoratzeko, mugakide diran beste udalerri batzuetako abeltzainen larre-eskubideak ez errespeteteagaitik.

 

(Bilbon, 2025eko bagilaren 5ean). Trianoko Mendietako abeltzainak, Quintana familia buru dala, Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen aurrera etorri dira gaur, ondoko lurretako artzaintzeari jagokonez Galdamesko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren “jazarpena eta eraispena” salatzeko. Egoerea berotu egin da ganadua errekisetako “mehatxuakaz”, zigor ekonomikoakaz eta funtsezko zerbitzuen ukapenagaz, pottoka errazako hazitarako baten lagapena, adibidez.

Jose Antonio Quintana Linazak, bizitza osoko abeltzainak eta Asier Quintana Larrakoetxearen (abeltzaintzako ustiategiaren titularra) aitak, jazarpena “oso gogorra” dala adierazo dau. Familiak 1.800 euroko isuna jaso dau, mugakideak diranez bazka modu librean egiten daben euren animaliak Galdamesko udalerrira “gida” barik pasetan diralako. Abeltzainen eretxiz, ez da beharrezkoa, kasu honetan ez diralako udalerri horretan erroldatutako personak.

Abeltzainek, lehenengo, Galdamesko Udalaren “ahozko eta telefono bidezko abisuak” jaso ebezan, euren ganadua udalerri horretako lurretara pasetean errekisau egingo ebela esanez, eta gero aitatutako isuna jaso eben. Abeltzainek defendidu dabenez, euren animaliak inguruko udalerrietakoak diranez (Trianoko Mendiek 8 km ingurutan egiten dabe mugea Galdamesegaz), alde batetik bestera normaltasunez igaro dira beti. Argitu dabenez, 193 mendiaren kudeaketa-plan barria martxan ez dagoan bitartean, gidak euren mendirako izan behar dira, ez Galdameserako. Abeltzainek salatu dabenez, Galdamesko larreen ordenantzak berak beste udalerri batzuetako mugakideak onartzen ditu.

Batzar Nagusietako taldeen aurreko saioaren beste une batean, bertaratutakoak kexau egin dira, Aldundiak, bere Abeltzaintza Zerbitzuaren bitartez, Asier Quintanari bere pottokentzako hazitarako bat lagatea ukatu deutsolako, abeltzainei beti emon izan jaken zerbitzua, hain zuzen be. Hori, Galdamesko lurretan egin daben artzaintzaren ondoriozko “mendeku” lez ulertu dabe.

Abeltzainek mugakideentzako larre-hitzarmen bat ezartea proponidu dabe, Galdamesko eta beste udalerri batzuetako (Barakaldo, Alonsotegi, Laudio, Muskiz, Abanto Zierbena, Ortuella eta Trapaga) abeltzainen artean dagoanaren antzekoa. Jose Antonio Quintanak azpimarratu dauenez, Galdamesko abeltzainek kanpoko animaliarik egoterik gura ez badabe, euren “udalerria itxi” beharko leukie, Güeñesekin egin daben lez, mugakideei artzaintza tradizionala galarazo beharrean.

Abeltzainek 193 mendian euren lana egiteko jarten ari diran mugakaitik kexauz amaitu dabe agerraldia, gero eta hektarea gehiago ixten ari diralako, zugatz-landaketak egiteko. Santiago Ortega Sorianok, Larreinetako auzo alkarteko presidenteak, mendiak garbitzeko abeltzaintzari eusteak dauen garrantzia jarri dau mahai ganean, Aldundia “ez dalako lan hori egiten ari”.

Quintanak Aldundia ordenantza baten bidez aurreikusten dabilen larre-lurren murrizketa horren inguruko zifrak jarri ditu. “Errealidadea da larre-lur izateko eskubidea daben 1.000 hektareatik 180 eta 200 hektarea artean geratu daitekezala”. “Ixteko eta landatzeko B plan lez” ikusten dau, “huts egin eutsen bildurtzeko eta zigortzeko A planaren ostean”, salatu dau.

Laburbilduz, abeltzainek euren bizimodu tradizionala eta artzaintzarako eskubide historikoak mehatxatzen dituan jazarpen instituzionalizaua salatu dabe Bizkaiko Batzar Nagusietan, lankidetza hitzarmenen eta euren lanaren eta eskubideen onarpen ofizialaren bitartez konponbideak bilatuz.

Bertaratutakoek, Zugaztietarako errepideko abiaduran kontrol handiagoa egotea be eskatu dabe, animalien edo personen kontrako istripuak saihesteko eta zirkulazino egokia bermatzeko.