BATZAR NAGUSIEK BILBOKO MEDIKUNTZA ZIENTZIEN AKADEMIAREN “LA CORNEJA CENICIENTA” ARGAZKI ERAKUSKETEA HARTUKO DABE

  • Erakunde horretako lau medikuk baterako erakusketea eskeiniko dabe Akademiak Humanidadeen Astean egindako enkargua beteteko egin dituen argazkiakaz.
     
  • Maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6), goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, astelehenetik barikura.

 

(Bilbon, 2025eko maiatzaren 5ean). La Corneja Cenicienta taldea, argazkigintza gustuko daben eta arte hori ulertzeko oso modu desbardinak dituen Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako lau kidek osotzen dabe. Maiatzaren 23ra arte, Roberto Fernández de Pinedo Montoya, Miguel Ortega Allanegui, Jesús Rodríguez Ortiz de Salazar eta José María Villa González medikuek osatutako taldeak hegaztiaren “askatasunaren eta mobimenduaren kantu” hori islatzen daben  hogei argazki inguru batuko ditue Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan. Txori horrek irudikatzen dauenaren metafora lez, “mobiduteko askatasuna, aldaketea, barriztapena, kultur trukea eta aurrerapen soziala” aldarrikatzen ditue euren lanagaz, aurkezpeneko gutunean adierazo dabenez.

Erakusketea gaur goizean aurkeztu da Bilbon, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakaria, Begoña Gil Llanos eta Rakel Goñi Lacar, Mahaiko kideak, Agurtzane Ortiz Jauregui eta Ricardo Franco Vicario Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako presidentea eta presidente ohia, hurrenez hurren, biak erakusketako komisarioak, eta lau egileak, medikuak lanbidez eta argazkilariak bokazinoz. Erakusketea bere generokoen artean Espainiako Estaduko zaharrena dan Bilboko Medikuntza Akademiak urtero, orain dala mende erditik, egiten dauen Humanidadeen Astearen barruan dago.

Batzar Nagusietako lehendakariak protagonisten (pediatra bi, demartologo bat eta barne medikuntzan espezialista bat) lanaren atzean dagoan “mezu polita” azpimarratu dau, “muga fisikoetatik harago sortzeko mobimendu askatasuna” transmitiduten dauelako. Foru parlamentuaren erdiuneko erakusketa-aretora gerturatzeko errazoi ona da. Erakundeak sarritan ixten dau bertako instalazinoen zati bat lurraldeko hainbat kolektiboren atzean ezkutetan dan talentua erakusteko.

Gaur zabaldu dan argazki erakusketako protagonistetako batek, Miguel Ortega Allaneguik, aukerea aprobetxau gura izan dau argazkiaren bitartez adierazpen askatasunaren aldeko mezua zabaltzeko, “lurrean migrazinorako askatasuna gura dogun modu berean”. Munduan jarraitzen daben oztopoen zentzunbakokeriaren kontrako deia da. La corneja cenicienta aurkezpen gutun lez hartuta, “mobiduteko askatasun fisiko, kultural eta sozial hori aldarrikatzen dogu”, hegaztiek “mugetatik gora askatasunez egiten dabelako hegan”, esan dau.