EUSKAL GORRAK ETA ASOCIDE EUSKADIK AGERRALDIA EGIN DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN, PERSONA GORREI ETA GOR-ITSUEI EGOKITUTAKO ZERBITZU PUBLIKOAK ESKATZEKO

  • Kolektibo bietako ordezkariek Hirugarren Sektorearen bidezko kudeaketa espezializaua defendidu eta interpretazinoaren profesionalentzako prestakuntza faltea konpontzeko eskatu dabe.

 

(Bilbon, 2026ko zezeilaren 27an). Aitor Bedialauneta Euskal Gorrak taldeko presidentea eta Josu Domínguez Pérez Euskadiko ASOCIDEko presidentea Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordean izan dira gaur, persona gorren eta gor-itsuen errealidadea ikusarazoteko. Bilkura historiko batean, talde biek Parlamentu honetan parte hartzen daben lehen aldia dalako, bertaratuek –euren gidari-interpreteek eta, Dominguezen kasuan, Viena bere gida-txakurrak lagunduta– persona horreek informazinoa eskuratzeko eta gizartean baldintza bardinetan parte hartzeko daukien eskubidea aldarrikatu dabe.

Bere berbaldian, persona gorraren izaerea ez dau bakarrik entzumen-urritasun lez definidu Bedialaunetak, komunikazinorako sarbidearen egiturazko arazo lez baino, gehienbat entzulea dan gizartean. Bere aldetik, Dominguezek azpimarratu dau gor-itsutasuna ezintasun bakarra dala, eta ez afekzino biren batuketea, eta horrek komunikazino sistema “espezifikoak” behar izatea eragiten dauela, lagundutako zeinu hizkuntzea edo sistema daktilologikoa, besteak beste.

Erakunde biak bat etorri dira interpretazino eta gida-interpretazino zerbitzuak Hirugarren Sektoreko erakundeek kudeatu behar dituela esatean, administrazino publikoak zuzenean kudeatu beharrean. Azaldu dabenez, alkarteen esperientziak eta gertutasunak erabiltzaileen beharretara “hobeto egokitzea” bermatzen dabe, hezkuntzan, besteak beste, bajen estalduran gabeziak eta profil profesionalen nahastea daukiezan kudeaketa publikoko ereduen aurrean.

Horrez gain, “interprete faltea” salatu dabe, 2016an Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) oraindino ezarri ez dauen unibersidadeko gradura pasetako goi mailako zikloa kendu zanetik ez dagoalako prestakuntza akademiko egonkorrik. Berehalako urtenbide lez titulu propio bat sortzea proponidu dabe, profesional kualifikauen gabezia arintzeko.

Josu Domínguez Pérezek ohartarazo dau ez dagoala gor-itsuen benetako erroldarik Euskadin, desgaitasunaren balorazino ofizialek ez dabelako gor-itsutasuna diagnostiko bakar lez onartzen, eta horrek zaildu egiten dau eguneroko bizitzarako funtsezkoak diran zerbitzu publikoen plangintzea. Kalkuluen arabera, 15 gor-itsu dagoz 100.000 biztanleko. Erakunde biek egonkortasun ekonomikoa bermatu daiela eskatu deutsee foru erakundeei, kolektibo bien autonomia pertsonalerako ezinbesteko baliabide horreei eutsi ahal izateko.

Batzar Nagusietako talde batzuek eskatuta prestakuntzearen gaia argituz, Bedialaunetak Madrilgo Juan Carlos I Unibersidadearen unibersidade graduaren inguruko ikuspegi kritikoa emon dau, interpretazinoaren kalidadea “pobrea” dala esanez. Hori dala eta ez dau ondo ikusten Gizarte Eskubideetako Ministerioak defendiduten dauen lez gradua izatea prestakuntza-bide bakarra. Ganera, azpimarratu dau zeinu-hizkuntzako B2 maila eskatuko dauen titulu propioa sortu behar dala larrialdiko urtenbide lez, ez dagoalako profesionalik. Horrez gain, “lengoaia-gabezia” kontzeptua sartu dau, eta ohartarazo dau kontzeptuzko oinarri egokirik ez dagoalako ikusizko informazinoa ulertzen ez danean horrek eragin berezia dauela ume gorrengan.

Bestalde, Euskadiko ASOCIDEko presidenteak zerbitzuaren prekariedadeari buruzko datu kritikoak emon ditu: hitzarmen egonkorrik ez dagoanez, alkarteak gida-interpretazino eskaeren % 20a ukatu behar dau, baliabide faltarengaitik. Dominguezek zehaztu dauenez, bideointerpretazinoa gorrentzat baliagarria dan arren, ez da baliabide egokia gor-itsuentzat; izan be, kolektibo horrek ukipen-kontaktua eta ingurunearen deskribapena eskatzen ditu, eta hori aurrez aurreko profesional bakarraren bidez eskaini ahal da. Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeen aurrean egin dauen berbaldiaren amaieran euskerazko hizkuntza eskubideak aldarrikatu ditu, eta adierazo dau Madrilen gaur egun dagoan taldeak errealidade hori alde batera ixten dauela.