DIRU-BILKETAKO DATUAK ONAK DIRAN ARREN, ETXANOBEK “ZORROZTASUNA” ETA “ZUHURTZIA” ESKATU DITU NAZINOARTEKO ZIURBAKOTASUNAREN AURREAN

  • Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordera etorri da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan eta Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluan gai ekonomikoen eta lortutako akordioen ganeko informazinoa emoteko


(Bilbon, 2026ko zezeilaren 19an). Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailaren 12an egin eban bilerearen eukiaren barri emoteko. Bilera horretan, 2025. urtean Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenen likidazinoa egin zan. Ekitaldi hori 11.667,9 milioi euroko diru-bilketeagaz bukatu eban Bizkaiak, % 11ko igoerea 2024agaz alderatuta, hain zuzen be. 

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean etorkizuneko diru-sarreren iraunkortasunari buruz galdetu ostean, Ahaldun Nagusiak azpimarratu dau gaur egungo datuen balorazinoa “oso positiboa” dan arren, Aldundiaren jarrerea “zuhurtziak” eta “zorroztasunak” markau behar dabela beti. Etxanobek adierazo dauenez, ez dauka diru-bilketearen hazkundeak maila horreetan jarraituko dauela ziurtatzeko “kristalezko bolarik”, eta diru-sarreren bilakaeraren aurreko “mezua” “kontu handiz” ibilteko modukoa dala, batez be nazinoarteko testuinguru konplexua eta horrek Bizkaiko enpresen sektore estrategikoetan izan daikezan ondorioak dirala-eta. “Nasaitasun, baina zuhurtzia handiko” jarrera hori 2026ko aurrekontuetan islatzen da daborduko, zorroztasun erespideen arabera diseinau diralako, ziklo ekonomiko globalean egon daitekezan aldaketen aurrean lurraldearen finantza arloko nahikotasuna bermatzeko. 

Ahaldun Nagusiak bere agerraldian zehaztu dauenez, Euskadiko diru-bilketa osoa 20.324,5 milioi eurokoa izan zan, hau da, aurreko urtean baino % 11 gehiago, eta aurrekontuaren % 103,1 bete da. Testuinguru horretan, Bizkaiko lurraldeak funtsezko zeregina izan eban, 11.667,9 milioi euro bildu ebazalako doikuntzen aurretik, hau da, autonomia-erkidegoko baliabide guztien % 57,4a. Arabari eta Gipuzkoari jagokezan lurralde arteko doikuntzak egin eta gero, Bizkaiko azkenengo bilketea Euskadi osoaren % 51,38koa izan zan, eta puntu batean gainditu eban ekarpen-koefiziente horizontala. 

Ahaldun Nagusiak azaldu dauenez, diru-bilketearen dinamismo hori lan merkaduaren eta kontsumoaren bilakaera positiboaren ondorio da. Laneko atxikipenak % 6,1 hazi ziran, lurraldeko enpleoaren eta soldaten martxa onaren adierazgarri; BEZa, barriz, nabarmen igon zan, % 16,7, kontsumoari eta hidrokarburoen sektoreko iruzurraren kontrako neurrien eraginkortasunari esker. Alde negatiboari jagokonez, Etxanobek adierazo dau Soziedadeen ganeko Zergearen kuota diferentzialak % 42,6ko jatsierea izan ebala. Ganera, gogora ekarri dau 1979 baino lehenagoko kontribuzinoakaitik mutualistei egindako itzulketek eragina dabela diru-bilketearen zifretan. Bizkaian ia 400 milioi euroko eragina izan eben PFEZn. 

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan baliabide horreek banatzeari jagokonez, aldundiek Eusko Jaurlaritzaren gastuetarako egindako ekarpen orokorra 13.194,5 milioi eurokoa izan zan, eta horreetatik 6.936,3 milioi euro likidetea egokitu jakon Bizkaiari. Zifra horrek esan gura dau % 11,8 igon dala lurraldeak aurreko ekitaldiagaz alderatuta egindako ekarpena. Horrez gain, Egokitzapenerako Funts Orokorraren likidazinoari buruzko informazinoa emon zan. Bertan ikusten da Bizkaiak 17,8 milioi euroko ekarpena egin dauela, lurraldeen arteko finantza arloko orekea bermatzeko. Inbertsinoen arloan, Etxanobek azpimarratu dau 2022-2024ko Inbertsino Estrategikoen Erakunde arteko Planak % 88,2ko gauzatze maila globalagaz itxi ebala 2025. urtea.

Azkenik, zezeilaren 17an egindako Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren esparruan, lurraldeko udalerrien finantzaketarako zifra errekorrak berretsi ziran. Udalek 1.160,7 milioi euroko behin betiko partaidetzea izan eben zerga itunduetan, eta horreetatik gehienak, 1.149,9 milioi, Udalkutxa funtsera bideratu ziran. Likidazino horrek 29,9 milioi euro gehiagoko superabita emon eban udal-kutxetarako, azkenengo bilketeak hasierako aurreikuspenak gainditu ebazalako. Finantza kaudimenaren datu konparatibo lez, ahaldun nagusiak azpimarratu dau udalen per capita finantzaketea 995 eurokoa izan zala Bizkaian, Arabako eta Gipuzkoako mailak gainditzen dituan zifrea, horreek Bizkaiaren zenbatekoaren % 96ko eta % 94ko mailea erakusten dabelako, hurrenez hurren.


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Datuak emon ostean, Batzar Nagusietako taldeetako ordezkariek Bizkaiko egoera ekonomikoari buruzko hainbat gai planteau ditue. Eneritz de Madariaga Martínek (Elkarrekin Bizkaia) bere “kezkea” adierazo dau, bere eretxiz neurri barik beharginen nominetan eta eguneroko kontsumoan oinarritzen dan hazkunde-egiturea dala eta, enpresen tributazinoa nabarmen murrizten dan bitartean.

Bizkaiko Talde Popularretik, Diego Pagadigorria Wickek zalantzan jarri dau etorkizunean diru-bilketearen % 11ko igoereagaz jarraitu ahal izango dan, eta PFEZaren erreformak errenta ertainetan izango dauen benetako eragina zehaztea eskatu dau, baita BEZaren konparatibea be, hidrokarburoen iruzurraren kontrako neurrien eragina alde batera itxita.

Euskal Sozialisten aldetik, José Alberto Álvarez Castrejónek esan dau ekitaldia sendoa dala erakundeen finantza gaitasuna indartzeko, baina Soziedadeen Zergearen “distonia” eta Arabagaz eta Gipuzkoagaz dagozan “egiturazko asimetriak” foro espezifikoetan aztertzearen alde agertu da.

Arantza Sarasola Lartategik (EH Bildu) zehaztu dauenez, mutualistei egindako itzulketak lako ezohiko faktoreak neutralizau ezkero, diru-bilketearen hazkundea % 7koa izango litzateke, Bizkaian Sozietateen diru-bilketea % 25 jatsi dala salatuz –Nafarroan edo Espainiako Estaduan ez lez–, enpresen mozkinek gora egin daben arren.

Bukatzeko, Unai Lerma Mentxakak (Euzko Abertzaleak) defendidu dauenez, sistemak zerbitzu publikoetarako diru-sarrera “nahikoak” bermatzen ditu, Soziedadeen jatsierea zergadun handien faktore koiunturalei egotziz, eta Bizkaiak, per capita, udal-finantzaketan Euskadiko lidergoari eusten deutsola nabarmenduz.