EHUKO IKASLEEK ARRATIA ETA LEIOAKO CAMPUSAREN ARTEKO AUTOBUS ZERBITZUA ESKATU DABE
- Unibersidadeko ikasle bi Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri dira, eskualde horren eta unibersidadearen arteko lotura zuzena ez egotearen arazoari konponbidea emotea eskatzeko.
(Bilbon, 2025eko zezeilaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordeak, Arratia eskualdearen eta unibersidadearen arteko lotura “eskasa” dala eta euren haserrea erakutsi daben Igorreko EHUko ikasle biren bisitea jaso dau gaur. Elaia Mendiolagoitiak eta Biotz Lekuonak Batzar Nagusietako taldeei azaldu deutseenez, eskualde horrek ez dauka Leioako campuserako zerbitzu “zuzenik”, eta horrek hainbat garraio aldaketa egitera behartzen dau ikasleen komunidadea, unibersidadeko klaseetara garaiz heltzeko “arazo asko” sortuz. Datorren ikasturterako konponbidea eskatu deutsie Aldundiari, Bizkaiko beste eskualde batzuek kalidadeko garraio publikorako daukien “eskubide bera” daukielako.
Ikasle biek, unibersidadeko ikasle “guztien” ordezkari lez, Zeanurin urteerako autobus zerbitzua ezarteko aukerea aztertzeko proposamena egin deutsie Aldundiari, joaneko lau zerbitzugaz (6:45ean, 7:30ean, 12:30ean eta 13:45ean) eta itzulerako hirugaz (13:45ean, 15:15ean eta 18:45ean). Proposamen horrek bitarteko geldialdiak izango leukez eskualdeko udalerrietan eta Bilbon, eta ikasleak Leioara heltzea erraztuko leuke, euren kalkuluen arabera bidaiaren denporea “ordubetekoa” izango litzatekelako. Autoz, herri horren eta Leioaren artean dagozan 48 kilometroak “45 minututan” egiten dira.
Azaldu dabenez, une honetan Termibusen, Lemoan, Abandon edo Usansolon garraio aldaketak daukiezan lau aukera dagoz Leioara heltzeko, gaur egun Arratiatik pasetan diran zerbitzuak erabiliz, A3925, A3917 eta A3927 lineak, hain zuzen be. Ikasleek gehien erabilten dituen biak Arratia eta Usansolo eta Termibus lotzen dituenak dira, baina horreetan egindako bidaia osoak gitxienez “ordu eta erdikoak” dira. Hori dala eta, itzulerako bidaiagaz batera, “gure kalkuluen arabera lauhileko bakotxean 11 egun oso emoten doguz autobusean”.
Aldundiak, eskualdeko herritarren “gehiengoak”, batez be ikasleek eta gurasoek, babesten daben behar hori kontuan hartu daiala eskatu dabe ikasleek, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila Bizkaibus zerbitzua hobetzeko egiten ari dan azterketa integralaren barruan.
BideON Arratia zerbitzuari, 2024ko urtarrilean eskualdeko garraio publikoa hobetzeko martxan jarri zan esperientzia pilotuari, jagokonez, ikasle biek adierazo dabe zerbitzu horren proposamenak ez dauela egoerea hobetu. Izan be, planteau dauen zerbitzu bakarra goizeko 07:15ean urtetan da Zornotzara edo Lemoara, eta ez dago itzulerako zerbitzurik. Zerbitzu eskasa izateaz eta hasieran proponidu zan arren zerbitzu zuzena ez emoteaz gan, konponbide hori “garestia” dala uste dabe, bidaia bakotxaren prezioa 1 eta 1,5 euro artekoa dalako, helmugearen arabera. Ganera, proposamen hori eskolak hasi baino “astebete lehenago” jakinarazo zala kritikau dabe.