GERNIKAKO BATZAR ETXEA URDINEZ ARGIZTATU DA, ERREFUXIATUAREN EGUNA DALA ETA

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe holan ACNURek nazinoarte mailan egin dauen deiagaz, eraikin eta monumentu enblematikoak Nazino Batuen koloreagaz apaintzeko eskatu eban-eta. 
     
  • Aurton ekimenak esanahi handiagoa hartu dau Ukrainatik ehundaka errefuxiatu heldu diralako.

 

(Gernikan, 2022ko bagilaren 19an). Gernikako Batzar Etxea eta Gernikako Arbolea kolore urdinez argiztatu dira gauean, Errefuxiatuaren Nazinoarteko Eguna dala-eta. ACNURek (Iheslarientzako NBEren Agentzia) sustatu dau nazinoarteko egun hori, eta “nazino guztiak batzen dituan zerua sinbolizetan dauelako” eta Nazino Batuen banderearen kolorea dalako aukeratu dau kolore hori.

Errefuxiatuen Munduko Eguna ACNUR Iheslarientzako NBEren Agentziak 135 herrialdetan dituan bulegoek egiten dabe maila globalean, baina baita babesleku eta asilo arloan lan egiten daben beste alkarte eta erakunde batzuek eta mundu osoko entitateek eta personek be.

Aurton, ekimenak esanahi berezia hartu dau Euskadin, Errusiak Ukraina inbaditu dauenean ehundaka errefuxiatu heldu diralako. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak maiatzean emondako datuen arabera, joan dan hilera arte 1.686 helduk —gehienak emakumeak— eta 1.146 umek nazinoarteko babesa eskatu eben Euskadin, azkenengo asteetan eskaeren erritmoa moteltzen joan dan arren.

Errefuxiatuen Munduko Eguna dala-eta urtero egiten diran ospakizun horreetan, mundu osoko hainbat urik errefuxiatuei omenaldia egitea erabagiten dabe urtero, euren eraikin eta monumentu esanguratsuenak Nazino Batuen kolore urdinagaz tintatuz. Kolore horrek nazino guztiak batzen dituan zerua sinbolizetan dau eta NBEren banderearen kolorea da, bai eta ACNURen kolorea be.

Ekimen honetan parte hartu daben munduko ikonoen artean, New Yorkeko Empire State Bulding, Parisko Eiffel torrea edo Erromako Koliseoa dagoz. 2013tik aurrera, bagilaren 19tik 20ra bitarteko gauean, urtetik urtera gero eta uri gehiago batu dira ekimen horretara, eta urdinez tintatu ditue euren eraikinik esanguratsuenak.