BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDUNDIAREN ETA EH BILDUREN ARTEKO AKORDIOAREN BARRUAN AURREKONTUEI EGINDAKO LEHENENGO ZUZENKETA-ESKEAK ONARTU DITUE
- Gaur hasi da Bizkaiko parlamentuan Batzar Nagusietako taldeek 2025eko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuari aurkeztutako 487 zuzenketa-eske parzialen eztabaidea, igaz baino ehun bat gehiago.
- Koalizino abertzaleak bere zuzenketa-eske gehienak erretirau ditu, Foru gobernuari eusten deutsien talde biakaz aurrekontu akordioa lortu ostean.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek Errontegin pantaila akustikoen instalazinoa bizkortzeko, BI-757 errepideko seinaleztapena hobetzeko eta Bizkaian zenbait bizikleta-bide arinago egitea bultzatzeko zuzenketa-eskeak onartu ditue.
- Ekonomia Sustatzeko aurrekontuan 500.000 euro gehiago sartuko dira eskualdeko planak gauzatzeko.
- Ogasun eta Finantza Batzordeak atzera bota ditu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularraren zuzenketa-eske guztiak.
(Bilbon, 2024ko gabonilaren 17an). 2025eko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren proiektuak bere tramitazinoagaz jarraitzen dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, gaur goizean Aldundiaren eta EH Bildu taldearen artean lortutako akordioa baieztu ostean Ogasun eta Finantza Batzordean hurrengo hiru ekitaldietan 33 milioi euro konprometitzea ekarriko daben 29 neurri sartzeko.
Ogasun eta Finantza Batzordeak gaur hasi dau zuzenketa-eske parzialen eztabaidea. Zehatzago, Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Sailaren, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren eta Ekonomia Sustatzeko Sailaren kontuetan aurkeztutako zuzenketak bozkatu dira. Egindako hiru saioetan 8 zuzenketa onartu eta beste 120 baztertu dira.
EH Bilduk bere zuzenketa-eske gehienak erretirau ditu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz sinatutako akordioa beteteko. Hori dala eta, aurrekontu-programetan eta -partidetan abstenidu egin da. Akordioak aldaketak jasoten ditu “funtsezko ildo batzuetan”, besteak beste, “zaintza politiketan, trantsizino ekosozialean eta etxebizitzan”, “gure aurrekontuak ez diran arren”, Idoia Buruaga batzarkideak gaur egindako hiru saioetatik lehenengoan azpimarratu dauenez.
Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Sailaren erespena aldaketarik barik idatziko da. Testuak Foru gobernuari eusten deutsien talde bien aldeko botoa eta koalizino abertzalearen abstentzinoa jaso dau. Batzordeak 17 zuzenketa-eske bota ditu atzera, danak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiarenak.
PANTAILAK ERRONTEGIN ETA BIZIKLETA-BIDEAK BIZKORTZEA
Bigarren saioan, EH Bilduk bere zuzenketa-eskeak erretirau ostean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren Aurrekontu proiektuaren 46 zuzenketa-eske eztabaidatu dira. Barriro be, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren 19 zuzenketa-eske eta Bizkaiko Talde Popularraren 20 zuzenketa-eske baztertu ditue.
Batzordeak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zazpi zuzenketa-eske onartu ditu, herritarren hainbat alegazino eskatzeko. Arlo horretako aurrekontu proiektuak partida barriak jasoko ditu, BI-757 errepidearen seinaleztapena hobetzeko (20.000 euro) Campillo eta Zugaztieta artean; bizikleta-bideak egiteko hainbat proiektu idazteko (Martiartu-Ugao, Bengoetxe-Plazakoetxe, Plazakoetxe-Gurtubai eta Gurtubai-Erletxe), eta Erletxe-Txorierri bidegorria egiten hasteko (50.000 euro); Errontegin pantaila akustikoen instalazinoa bizkortzeko; eta Lezamako Bide Zaharraren proiektuak eragindako lurren desjabetzeetarako kredituak bideratzeko (20.000 euro).
DIRU GEHIAGO ESKUALDEKO PLANETARAKO
Gaurko saioak arratsaldean bukatu dira, Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren partiden zuzenketen eztabaideagaz. Zuzenketa-eske gehien jaso dituan Aldundiko saila da, 68 zuzenketa-eske erregistrau dira-eta. Batzordeak, azkenean, Talde Berezia-Elkarren Bizkaiaren 24 zuzenketa-eske eta popularren 35 baztertu ditu. Aurreko saioetan egin dauen lez, EH Bilduk bere zuzenketa-eske guztiak erretirau ditu.
Aldundiko sail horren aurrekontu erespenak aldaketa bat izango dau, EH Bilduk Foru gobernuari eusten deutsien talde biakaz sinatutako erdibideko zuzenketa-eskea onetsi dalako. Koalizino abertzaleak erregistrautako “Eskualdeko lehiakortasunari laguntzeko laguntza programa” izenekoari zuzkidura ekonomikoa handitzeko zuzenketa-eske bat aldatu egin da. Helburua eskualdeko garapen agentziek euren eremuetako enpresei lagundu deikieen ekimenetarako eta eskualdeko plan estrategikoak egiteko diru-laguntzea “tarte handiagoagaz” eskatu ahal izatea da. Hasieran 450.000 eurokoa zan partida horren zenbatekoa, 950.000 eurokoa izango da aurrerantzean.