ENKARTERRIETAKO MUSEOAK SOPUERTAKO GERRA ZIBILEKO BIKTIMAK ETA ERREPRESALIATUEN FAMILIAK OMENDUKO DITU

  • Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan kultur zentroak Enkarterriko larogeta hamar urte baino gehiagoko lau personari omenaldi berezia egiteko ekitaldia antolatu dau Sopuertako Udalagaz lankidetzan.
  • Uste danez, Sopuertako 200 bizilagun baino gehiago hil edo espetxeratu edo errepresaliau ebezan gerran eta gerraostean.

(Abellanedan, 2022ko maiatzaren 25ean). Paca Marcelino Pernia, Asun Jiménez Cosgaya, Visi Dieguez, Che Serna Ocejo eta Gaspar Neira Rotaetxe sopuertakoak dira eta bizirik urten eben Gerra Zibiletik, eta Enkarterriko bihotza astindu eban gatazka beliko horren ondorioak jasan ebezan. Zortzi hamarkada baino gehiago geroago, garai haretan ume edo nerabe ziran Sopuertako bizilagunek omenaldi sentidua jaso dabe Enkarterrietako Museoan, Abellanedako kulturguneak Sopuertako Udalaren laguntzeagaz antolatutako ekitaldian. Gerraren biktima horreei egindako aintzatespena gerraoste gogorra eta diktaduraren urterik txarrenak sufridu ebezan personei be egin jake, bai eta errepresino-moetaren bat jasan eta daborduko hilda dagozan guztiei be. Kalkuluen arabera, herri horretako 93 persona hil ziran gerraren biktima moduan.

Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan museoan egin dan ekitaldira Sopuertako herritar asko gerturatu dira, bai eta biktimen senideak eta Enkarterriko udalerriagaz erlazionautako personak be, horreen artean Unai Ibarrondo gaur egungo alkatea edo Javier de la Colina, herriko farmazialaria eta Enkarterrietako Museoagaz kolaborau ohi dauen ikertzailea. Azken horrek herri horretako iraganeko testigantzak eta istorioak bildu ditu bere lan ugarietan.

Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendariak zabaldu dau omenaldi-ekitaldia, eta aurkezpen txikia egin ostean Gerra Zibilaren lekuko izan ziran eta gerraoste gogorra eta Diktaduraren urterik txarrenak be jasan ebezan bost protagonista horreen istorioen zertzeladea emon dau, kontakizun biografiko moduan.

Euren istorioek Sopuertako biztanleen belaunaldi hari gertatu jakona laburbiltzen dabe, umezaroan edo nerabezaroan zehar heldu lez bizitzea egokitu jakelako, inoiz imajinauko ez ebezan egoeretan. Hori da Gaspar Neira Rotaetxeren kasua, bizirik geratzen dan azkenengo soldadua. Beste asko lez 18 urte betetean burrukara joan behar izan zan derrigorrez, Francoren tropen okupazino betean. Asun Jiménez Cosgaya, Visi Diéguez, Che Serna edo Paca Marcelino Pernia oraindik neskatoak zirala astindu ebazan gerreak.

Lehenengoak, 7 urtegaz, Sopuertatik Ampuerora iges egin behar izan eban familiagaz, eta bertan garai haretako bonbardaketarik gogorrenetakoak pairatu ebazan. Sopuertako bere etxea nazionalen eta errepublikarren arteko frontearen erdian geratu zan, eta itzuli ziranean, guztiz suntsituta aurkitu eben.

Beste alde batetik, Dieguezek aitaren, neben eta lehengusuen espetxeratzea sufridu eban, eta bera be, umea zala, oinez joan behar izan zan amagaz, izekoakaz eta ahiztakaz Santanderrera, kartzelan egozan bitartean janaria eroan ahal izateko. Sopuertara itzuli ziran handik gitxira, basoetan ezkutauz, harrapatuak ez izateko.

Che Serna gerrako umea izan zan. Habana ontzia hartu eban Santurtzin eta hiru urte emon ebazan Belgikako familia bategaz. Itzuli zanean, bat izan ezik bere beste nebak guztiak kartzelan egozala ikusi eban, eta urte bi Sopuertako baserrian ezkutetea erabagi eban, garai haretako “sator” ospetsuenetakoa bihurtuz.

Orain dala 85 urte Sopuertan gertatu ziran istorio txikiak dira, eta gaur egun gerratik bizirik urten eben bost horreen bizitzea Enkarterrietako Museoan batu da barriro, Ukraina pairatzen ari dan gerraren moduko gerrea pairatu eben sopuertarren belaunaldi horri ohore eginez. Sopuertako 200 bizilagun baino gehiago hil edo espetxeratu edo errepresaliau ebezan gerran eta gerraostean.