BATZAR NAGUSIETAKO AGERRALDIAN, ETXANOBEK “OSO POSITIBOTZAT” JO DITU EKONOMIA-EHUNAREN ETA ZERGA-SISTEMEAREN SENDOTASUNARI ESKER BIZKAIKO ZERGA-BILKETEAK DITUAN AURREIKUSPENAK
- Ahaldun Nagusiak Finantza Publikoen Euskal Kontsejuaren azken bilkuran hartutako erabagien laburpena aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan; bertan 10.997,3 milioi euroko diru-sarrerea aurreikusi zan lurraldearentzat 2026an (% 5,3 gehiago), eta 11.711,1 milioi eurokoa 2027an (% 7,5 gehiago).
(Bilbon, 2026ko urriaren 22an). Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak “oso positibotzat” jo ditu lurraldearen zerga-bilketearen aurreikuspenak, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordearen aurrean egin dauen agerraldian. Foru arduradun nagusiak ekonomia-ehun “sendoan” eta agertoki globalari erantzuteko gai dan zerga-sisteman oinarritu ditu aurreikuspen horreek, eta zerbitzu publikoei eusteko eta politika publikoak garatzeko behar diran baliabideak bermatzen dituela esan dau, herritar guztien onurarako. Agerraldia, Finantza Publikoen Euskal Kontsejuak joan dan urriaren 15ean egindako bilkuran lortutako akordioen barri emoteko deitu dan Erakunde, Gobernu On eta Gardentasun Batzordean egin da.
2026ko ekitaldiaren itxiereari jagokonez, Etxanobe Landajuelak zehaztu dauenez, aurreikuspenen arabera Bizkaian 10.997,3 milioi euro bilduko dira. Zifra horrek % 5,3ko hazkundea erakusten dau aurreko ekitaldiaren aldean eta hasierako aurrekontuaren % 100,1eko betetea adierazoten dau. Joera on hori zuzeneko zergek bultzatu dabe: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) estimazinoak % 5,7 igo dira eta Soziedadeen gaineko Zergarenak % 23,2. Zeharkako zergen bilketeak % 2ko aurrerapen moderauagoa izan dau, Ekialde Ertaineko krisiak energiaren eta hidrokarburoen prezioetan dituan eraginak arintzeko hartutako zerga-neurriak dirala-eta.
2027ri begira, ahaldun nagusiak jakinarazo dau Bizkaiko diru-sarrerak 11.711,1 milioi eurora helduko dirala, eta horrek % 6,5eko igoerea dakar 2026ko estimazinoaren aldean eta % 7,5ekoa aurtengo aurrekontuaren aldean, lurraldea Autonomia Erkidegoko hazkundearen buruan jarriz. Erakundeen arteko banaketa-ereduari jagokonez, lurraldearen ekarpen-koefiziente horizontala % 50,37an finkatu da eta, horren ondorioz, Bizkaiak 7.618,5 milioi euro ordainduko deutsez euskal erakunde komunei eta 29,9 milioi euroko ekarpena egingo dau Doikuntza Orokorreko Funtsean.
Azkenik, Foru Gobernuko arduradun nagusiak aurreikuspen horreek toki-erakundeetan izango daben eragin zuzena azaldu dau, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontsejuaren bilerearen ostean. 2026an, itundutako zergetan udal-partaidetzea 1.217 milioi eurora helduko da, eta horrek ia 10 milioi euroko likidazinoa sortuko dau udalen alde. Modu berean, 2027an udal-finantzaketea 1.299,3 milioi eurora helduko da, 2026ko aurrekontuan jasotakoa baino % 7,7 gehiago, eta horrek toki-administrazinoen kudeaketarako esparru ekonomiko egonkorra bermatuko dau.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz de Madariaga Martinek modu positiboan balorau dau 2026rako aurreikusitako diru-bilketearen hazkundeak, errenta ertainetara eta txikietara bideratutako zerga-hobekuntzek eta PFEZren deflaktazinoak diru-kutxa publikoak arriskuan jarri ez dituela baieztu izana. Halanda be, ohartarazo dau inflazinoaren eraginaren aurrean beharginen nominek eta familien kontsumoak larregizko ahalegina jasaten jarraitzen dabela, eta Ondarearen gaineko Zergan aitorpen-egileak eta diru-sarrerak ugaritu izanak kontzentrautako aberastasuna gorantz doala agirian ixten dauela be azpimarratu dau, gehienek bizitzearen kostua jasaten daben bitartean.
Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak kritikau egin dau Aldundiak zerga-bilketearen igoerea “arrakasta” lez aurkeztea, eta argudiatu dau herritarren poltsikoetatik zuzenean ateraten dan zerga-presinoaren igoerea dakarrela. Bere ustez, BEZaren bilketan izandako gorakadak ez dau kontsumorako alaitasun handiagoa islatzen, erregaien prezioen, erosketa-saskiaren eta bizitzearen kostuaren garestitzea baino.
Bere aldetik, EH Bilduko Arantza Sarasola Lartategik be zalantzan jarri dau erakundeen baikortasuna, eta adierazo dau zerga-bilketea % 5,12 hazten bada % 5,3ko inflazinoaren aurrean, Aldundiak, praktikan, erosteko ahalmen eta zerbitzu publikoak emoteko benetako gaitasun txikiagoa izango dauela. Kezkatuta agertu da Bizkaiko diru-sarreren bilakaerearengaitik, Nafarroa edo Estadua lako beste inguruneakaz alderatuta. Eta azkenik, 2027rako bideratutako Ekarpenen Legearen metodologia barrirako lanak ea zelan dagozan galdetu dau.
Foru gobernuari eusten deutsien talde biek datuen balorazino positiboa egin dabe. Alberto Álvarez Castejón sozialistak euskal erakundeentzat baliabide gehiagoko agertoki ekonomikoa eta Bizkaiko udalen finantzaketan funtsezko hobekuntzea azpimarratu ditu. Nabarmendu dauenez, erespideakaz eta kontrolagaz gauzatutako zerga-erreformek politika publikoei eusteko emoitza “mesedegarriak” emoten ditue.
Bere aldetik, Unai Lerma Mentxaka jeltzaleak zerga-bilketearen datuak “onak” eta “egonkortasun ekonomikoaren” isla dirala esan dau, 2026rako aurreikusitako % 5,3ko hazkundean eta 2027rako aurreikuspen onuragarrietan oinarrituta. Joera positibo hori ekoizpen-ehunaren sendotasunari eta lurraldeko enpleoaren bilakaera onari egotzi deutso, eta azpimarratu dau diru-sarreren igoerea lanean dabiltzan persona gehiago egotearen ondorioa dala, ez banakako zerga-karga handiagoarena. Azkenik, Lermak egokitzat jo dau PFEZren taulen deflaktazino-politikea (2027rako iragarritako % 3gaz).
UBIDE ETA ZEANURI ARTEKO MUGA-ALDAKETAK
Bizkaiko Foru Aldundiak Batzar Nagusietako batzorde berean aurkeztu dau Zeanuriko eta Ubideko udal-mugarteak aldatzeko proposamena. Ekimenak lurralde-egokitzapena aurreikusten dau M-11 eta M-12 mugarrien arteko tartean, foru gobernuak toki-erakunde biek egindako espedientea egiaztau ostean hartutako erabagiaren arabera. Aldaketak Batzar Nagusietako talde guztien babesa jaso dau, adostasuna azaldu arren abstenidu egin dan PPrena izan ezik.
Zeanuriko eta Ubideko udalek alkarregaz eta adostasunez sustatu dabe mugak aldatzeko espedientea. Udalbatza biek aho batez babestu eben, eta ez zan alegazinorik aurkeztu. Mugarri bi horreen arteko lehengo mugak lurzoruko inongo elementu naturalegaz bat ez etorren lerro zuzena marrazten eban, Zubisabala errekearen ertzaren eta Esatxipeta lekuaren arteko eremuan. Ager Izagirre Loroño Administrazino Publikoko eta Erakunde Harremanetako foru diputatuak azaldu dauenez, mugaketa horrek partzela pribaduak eta baso-ustiategiak jurisdikzino biren artean banatzen zituan, eta horrek jaubeak administrazino desbardin biren aurrean izapideak egitera behartzen eta galera ekonomikoak eragiten zituan.
Planteautako zuzenketa kartografikoaren ondorioz, Ubideko udalerriaren azalerea 22.999 m² handitzen da, eta Zeanuriko udal-mugarteak, barriz, neurri bereko murrizketea jasaten dau. Aldaketa horrek ez dau udalerri bietako biztanleria aldatzen, eta ez dauka eraginik oinarrizko zerbitzuak emoteko erabilitako toki-baliabideetan. Ondasunetan, eskubideetan eta kargetan, ez eta aprobetxamendu komunalen erregimenean be ez dauka ezelango eraginik.