WORLD PEACE MUSIC FESTIVAL JAIALDIAK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAUZ HASI DAU EUSKADIN ZEHAR EGINGO DAUEN BIREA

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko ordezkariakaz batera, Hego Korearen eta Euskal Herriaren arteko zubiak eregiten hainbat urte daroazan bakearen aldeko jaialdi entzutetsu horretako protagonista nagusiak hartu ditu.

 

(Gernikan, 2025eko zemendiaren 14an). World Peace Music Festival jaialdiko protagonista nagusiek Gernikako Batzar Etxea bisitau dabe gaur. Bakearen eta bizikidetzearen ikur unibersala dan Gernikako Arbolak atseden hartzen dauen lekuan, Gum Nanse maisua eta nazinoartean ospe handia daben musikariz osatutako talde bat, euskaldunak zein korearrak, hartu ditue Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek.

Bertan izan dira, besteak beste, World Music Festival Foundation-en buru izango dan Gum Nanse maisua, Unai Urrecho orkesta zuzendaria, Garikoitz Mendizabal euskal musikaria, eta Ahn Yubin, Gum Dada eta Kim Haeji musikari korearrak, Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030eko zuzendariagaz batera.

Musika jaialdi hau 2024an hasi zan arrakastaz Japonian (Hiroshima eta Tokio), eta lehenengoz bidaiatuko dau Euskadira, Euskadiren eta Korearen arteko lankidetza kultural baten parte gisa. Jaialdiaren arduradunek irismena zabaldu gura izan dabe Euskadira bake mezua helduarazoz, ekitaldiaren helburua musikearen indarraren bidez herriak batzea da-eta.

Hainbat egunetako programak lehen mailako kamara musikea biltzen dau eta aldi berean kultur trukea eta harmonia sustatu gura ditu. Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dauen “2025 World Peace Music Festival – Basque Country edition” ekitaldiak datorren astelehenean izango dau adierazpen artistiko gorena, 19:30ean, Guggenheim Museoan, ETBk emongo dauen amaierako kontzertuan.

Foru parlamentutik egindako ibilbidean, bisitari taldeak Batzar Etxeko areto nagusiak ezagutu ahal izan ditu. Agurren ostean, jarraigoak argazkiak atera ahal izan ditu Gernikako Arbolan eta Arbola Zaharrean, eta, ondoren, Batzar Nagusietako egoitzearen barrukaldea ezagutu ahal izan dau. Euren omenez, aurreskua dantzatu da haretx sagraduaren alboan. Fundazino korearreko presidenteak Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan be sinatu dau.