HIROSHIMAKO ERASO NUKLEARRETIK ONIK URTEN ZAN BIBOLINAK BAKEZKO BIBRAZINOAK ZABALDU DITU GERNIKAKO ARBOLAREN ONDOAN, FORU URIBILDUAREN BONBARDAKETEA GOGORA EKARTEKO
- Hiroshimako bonbaren 50. urteurrena zala eta Japonian orain dala hogeita hamar urte sortutako Kids´ Guernica GKEak bonba atomikotik onik urten zan biolina ekarri dau Gernikara. Rino Yoshimoto bibolinistak jo dau gaur goizean.
- Etorkizun handiko musikari japoniar gazteak bake kanta bi interpretau ditu bonba nuklearretik bizirik urten zan musika-tresneagaz Gernikako Arbolaren ondoan, bakearen eta itxaropenaren sinbolo bi batuz, haretx sagradua eta historiako lehenengo eraso nuklearra jasan eban Japoniako uria, hain zuzen be.
(Gernikan, 2025eko apirilaren 26an). Bizkaiko Foru Aldundian bonbardaketea gogora ekarteko egingo diran ekitaldien aurrerapen lez, Gernikako Arbolea oso errezitaldi bereziaren lekuko izan da gaur goizean. Rino Yoshimoto japoniar musikari gazteak abesti bi jo ditu orain dala 80 urte Hiroshima urira jaurti eben bonba nuklearretik onik urten zan bibolinagaz.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Minoru Watanabe Kids´ Guernica GKEko arduradunak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko kideek prodigio gazteak haretxaren itzalpean interpretau dituan pieza biak entzun ditue. The Song of the Birds /El Cant dels Ocells ezaguna eta Japoniako ereserki antibelizista ospetsuenetakoa dan What the dead man left behind.
21 urte baino ez dituan bibolinista japoniar gazteak mundu osoko ikus-entzuleak liluratu ditu 2019an New Yorkeko Carnegie Hallen eta Vienako Musikvereinen bakarkako debut goiztiarra egin ebanetik. Errepertorio zabal eta harrigarriagaz Japoniako, Austriako, Bulgariako, Greziako, Estatu Batuetako eta Italiako orkestrakaz jo dau daborduko.
Gaur Gernikan egin dau, Hiroshimako bonbaren 50. urteurrena zala eta orain dala hogeita hamar urte Japonian sortutako Kids’ Guernica erakundearen babespean, Japoniako uriaren bonbardaketatik onik urten zan jatorri ukrainiarreko musika-tresneagaz egin be. Jo dauen musika-tresnea onik urten zan lehen bonba atomikoaren eraso bortitzetik. Ukrainako luthier batek egin eban 1920an eta maisu errusiar batena zan.
UKRAINAKO ETA JAPONIAKO UMEEN OBRAK
Kids’ Guernica, mundu osoko umeen artean bakearen kulturea sustatzen dauen proiektu artistiko kulturala, eguaztenean aurkeztu zan Azkuna Zentroan (Alhondiga Bilbao). Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta, Ukrainako eta Japoniako neska-mutilek margotutako mural bik osatzen dabe Gernikako bonbardaketea oroitzeko ekitaldien barruan dagoan erakusketea.
Kids’ Guernicak adierazpen eta adiskidetze tresna lez sustatzen dau artea. Bakearen aldeko mural horreentzako inspirazinoa Guernica lanetik sortu zan, gerren izugarrikeriaren testigantza lez sortutako Pablo Picassoren margolan unibersaletik. Ondare artistiko horretan oinarrituta, mundu osoko umeek talde-lan horreek sortzen ditue, bake eta alkartasun globaleko mezua helarazoteko.
Bilbon bihar arte erakutsiko dira gerra jasatea zer dan ondo dakien Japonia eta Ukraina lako komunidade bi lotzen dituen obra horreetako bi. Horren adibide da All children’s dreams in one word “Peace”. Murala Ukrainako Irpin uriko Ekonomia Fakultadeko ikasleek margotu eben 2024an. Horren ondoan Kayoko Sakura III Project ikusi daiteke, Japoniako Nagasaki hiriko Bigarren Hezkuntzako Himi Ikastetxeko ikasleek 2023an sortutako murala.