BIZKAIKO VIII. OSOKO TXIKIAK UMEEK HARREMAN OSASUNTSUAK ETA KUDEAKETA EMOZIONALA IZATEKO DABEN ESKUBIDEA ALDARRIKATU DAU
- Umeen Nazinoarteko Egunean Gernikako Batzar Etxeak Ezohiko Batzarra jasoko dau Bizkaiko 10 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleakaz.
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak azpimarratu dauenez, hezkuntzea “ez da matematika edo historia ikastea bakarrik, persona aske, kritiko, solidario eta arduratsuak izaten ikastea be bada”.
- Joseba Madariaga Ibarra Unicef-eko Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordeko presidentearen eretxiz, “parte-hartzean hezteak persona lez hazteko eta garatzeko hegoak emoten deutsez umeei, inguruan daukien mundua hobetzeko erespideagaz, erantzukizunagaz eta taldean behar egiteko borondateagaz”.
(Gernikan, 2025eko zemendiaren 20an). Gernikako Batzar Etxeak Bizkaiko 10 ikastetxetako ikasleen ordezkariak batu ditu gaur, Osoko Txikiaren zortzigarren edizinoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UNICEFeko Euskadiko Batzordeak, Umeen Nazinoarteko Egunaren barruan, alkarregaz antolatu daben Ezohiko Batzarra.
“Zuen Balioak Lau Haizeetara 2025” lelopean eta “Harreman interpertsonal osasuntsuak eraikitzen” izenburuagaz, ikasleek euren ahotsa altzau dabe hezkuntzaren bidez garapen osorako eskubidea aldarrikatzeko, Umeen Eskubideei buruzko Konbentzinoaren 29. artikuluak jasoten dauen lez. Topaketea Konbentzinoa sinatu zenetik 36 urte bete diranean egin da.
Bere adierazpenean, Lurralde Historikoko Bigarren Hezkuntzako ikasleek adierazo dabe hezkuntzak “bizitzarako” prestau behar dituala: “Besteak ulertzeko, gure emozinoak kudeatzeko eta hartu-emon osasuntsuak eregiteko”. “HARTU-EMON OSASUNTSUEN ETA KUDEAKETA EMOZIONALAREN ALDE” izenburuko dekalogoan adierazotako azken aldarrikapenak ikaskuntza mota hori lehenesteko eskaera argiak egiten deutsez gizarteari eta erakundeei.
Hautatutako ikastetxeetako ikasleek irakurri daben dekalogoaren hamar puntuen artean nabarmentzen danez, gazteek ez ditue “kontrola, jeloskortasuna eta manipulazinoa” onartuko; “bardintasuna eta askatasuna defendiduko doguz hartu-emon guztietan”, dino testuak. Beste puntu batean hau aldarrikatzen dabe: “Laguntza eskatzea ez da ahulezia, ausardia baino; alkar zainduko dogu”; edo “eskolak ikasteak sentidutea be esan gura dauen espazioa izan behar dau”.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak ondo etorria emon deutse ikasleei, eta azpimarratu dau hori dala “erakunde honentzako urteko hitzordu politenetako bat”. Otaduik balioan jarri dau ikastetxeek 29. artikuluaren inguruan egin daben lana, balioetan heztearen garrantzia azpimarratuz: “Artikulu horrek gogorarazoten deusku heztea ez dala matematika edo historia ikastea bakarrik, baita persona aske, kritiko, solidario eta arduratsuak izaten ikastea be”, esan dau Bizkaiko eskualde guztietako ikastetxeetatik etorritako 300 gazteren aurrean. Lehendakariak zorionak emon deutsez gazteei akordiorako gaitasunarengaitik, Foru parlamentuaren funtsa gogorarazoz: “Lan egin dozue, eztabaidatu dozue, entzun dozue eta akordioak bilatu dozuez, hemen, Batzar Nagusietan, egiten dogun lez. Hori da demokraziaren funtsea: alkarregaz berba egitea, errespetetea eta erabagitea”.
Joseba Madariaga Ibarra Unicefeko Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordeko presidenteak nabarmendu dauenez, bere erakundeak “parte-hartze prozesuak eragineko ikuspegiagaz bultzatzen ditu, hau da, umeen eta nerabeen proposamenak kontuan hartuta eurei eragiten deutseen gaietan eta eremuetan”. Holan, “gure ustez, parte-hartzean heztea funtsezkoa da, parte hartuz apurka-apurka bizitza sozialean, kulturalean, lanekoan eta politikoan lankidetza aktiboa izateko beharrezkoak diran erantzukizunak eskuratzen diralako”. Hori dala eta, Bizkaiko Osoko Txikiaren moduko ekimenek “umeei, txiki-txikitatik, hegalak eskintzen deutsez persona lez hazteko eta garatzeko, inguruan daukien mundua hobetzeko taldean lan egiteko erespideagaz, erantzukizunagaz eta borondateagaz”, azpimarratu dau.
Ekitaldi nagusia, ikastetxeetako 10 ordezkarik, Batzar Nagusietako Lehendakariak, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko Presidenteak eta Batzar Nagusietako bost taldeetako ordezkariek egin daben Adierazpenaren sinadurea izan da. Osokoa amaitu ostean, jardunaldiari amaierea emoteko, ikastetxe bakotxeko ordezkari batek Foru parlamentuaren Ohorezko Liburuan sinatu dau.
PARTE HARTU DABEN IKASTETXEAK
Zortzigarren edizino honetan Bizkaiko ikastetxe honeetako Bigarren Hezkuntzako 700 ikasle inguruk hartu dabe parte:
• Antzinako Andra Mari (Urduña)
• Askartza Claret (Leioa)
• Mungia BHI institutua (Mungia)
• Ikasbide Ikastetxea (Bilbo)
• Lauro Ikastola (Loiu)
• Karmengo Andra Maria (Portugalete)
• San Antonio Ikastetxea (Durango)
• San Felix Ikastola (Ortuella)
• San Pelaio Ikastetxea (Ermua)
• Urretxindorra Ikastola (Bilbo)














