BIZKAIKO VII. OSOKO TXIKIAK GIZARTE INKLUSIBOAGOAN BIZITZEKO ESKUBIDEA ALDARRIKATU DAU
- Gernikako Batzarretxeak Bizkaiko 12 ikastetxetatik etorritako 300 ikasle inguru batu ditu Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Unicef Euskadiko Batzordeak alkarregaz antolatutako Ezohiko Batzarrean.
- Lurraldeko neska-mutilek eta ordezkari politikoek erabateko inklusinoaren alde lan egiteko konpromisoa jasoten dauen adierazpena sinatu dabe Gernikan, Umeen Munduko Eguna baino egun bi lehenago.
- 12 eta 14 urte bitarteko 800 ikaslek baino gehiagok hartu dabe parte hainbat hilebetez Gernikan gaur solemnidadez irakurritako adierazpenaren testua adosteko bileretan eta lantaldeetan.
(Gernikan, 2024ko zemendiaren 18an). “Persona guztien duintasuna bermatuko dauen gizartea eskatzen dogu, gaitasunak zalantzan jarten dituen etiketak ezabatuz”. Hori da Bizkaiko ikasleek gaur Gernikako Batzarretxean egin dan Osoko Txikian aldarrikatu daben asmoen adierazpenaren lehenengo puntua. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Unicef Euskadiko Batzordeak antolatutako ezohiko batzarrean 300 ume inguruk hartu dabe parte, lurraldeko ume eta gazte guztien ordezkari lez. Aldarrikapena Umeen Mundu Egunerako (zemendiak 20) egun bi falta diranean gizarte inklusiboagoa sustatzeko nahia jasoten dauen dekalogoan gauzatu da.
Bizkaiko 12 ikastetxetako (Barrutialde, Balmaseda, Mungia, Askartza Claret, San Antonio, Antzinako Andra Mari, San Pelayo, Nuestra Señora del Carmen, San Felix Ikastola, Ikasbide, Urretxindorra eta Lauro) bigarren hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailako ikasleek eztabaida publikoan parte hartzeko eskubidea erabili dabe Gernikan, lurraldeko ordezkari politikoakaz partekatu daben adierazpenaren bitartez, Bizkaiko ohiko Osoko Txikiaren zazpigarren edizinoan.
Umeen osokoaren buru Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Joseba Madariaga Ibarra UNICEF Euskadiren Batzordeko presidente barria izan dira, eta eurekaz batera Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko eta talde guztietako kideak egon dira.
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ikasleen komunidadea, batez be aurtengo edizino honetan parte hartu daben 800 ume baino gehiago, zoriondu dau egindako lan “handiarengaitik”. Otaduik bat egin dau umeen eta gazteen aldarrikapenakaz eta euren ondorioei balioa emon deutse. “Bizkaiko Batzar Nagusien parte zarie eta zuen ahotsak hemen entzungo dira umeen eskubideak aldarrikatuz, aniztasun funtzionala daben adinbakoen eskubideak aldarrikatzea lako gai garrantzitsuan”, esan deutse.
Unicef Euskadiko Batzordeko presidenteak, bere aldetik, Umeen Munduko Egunaren barruan Txikien Osokoagaz amaituko dan “Zure balioak lau haizeetara!” ekimenaren beste edizino batean parte hartzeak Bizkaiko ehundaka neska-mutili emoten deutsen “gogoetarako unea” azpimarratu gura izan dau. “Espazio honek umeek eta nerabeek partaidetza aktiboa eta protagonikoa izateko daben eskubidea autortzen dau. Gure gizartearen parte dira. Eurengan eragina daben gaiei buruz eretxia emoteko eta euren ahotsa entzuteko eta kontuan hartzeko eskubidea daukie”, azpimarratu dau Madariagak.
Aurreko edizinoetan lez, ekitaldia Gernikako Batzarretxeko hitzordu handien protokolozko zeremonian bilduta egon da. Jardunaldia “agurragaz” eta Gernikako Arbolearen ondoan egin dan familia argazkiagaz hasi da. Aldarrikapenak azaldu ostean, gazte talde batek, ordezkari politikoakaz batera, urteroko Adierazpenean eta, ondoren, Foru parlamentuaren Ohorezko liburuan sinau dabe. Parte hartu daben ikastetxeetako umeek ordezkari politikoen aurrean irakurri ditue aurton 35. urteurrena beteten dauen Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 23. artikuluan laburbildu daitekezan eta 2024ko adierazpenak jasoten dituan hamar puntuak. Bertan defendiduten danez, persona orok dau bere komunidadearen parte aktibo izateko eskubidea, eta ezin da ezelan be diskriminau bere izaera fisiko, kognitibo edo sentsorialarengaitik.