HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK ALDI BATERAKO BEHARGINAK KONTRATETAKO LANBIDE ERABILTEA GOMENDATU DEUTSE BIZKAIKO FORU-ERAKUNDEEI

  • Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2022ko fiskalizazino-txostenaren barruan egin dauen gogoeta horrek ez dau eragin nabarmenik, epaitegiaren arabera, lege-printzipioen betetean.
     
  • EH Bilduk Epaitegiari eskatu deutso argitu daiala zeintzuk diran foru erakunde publikoek sartu behar dituen hobekuntzak, beharginen kontratazinoan “ez beteteak eta irregulartasunak” saihesteko.

 

(Bilbon, 2025eko urriaren 28an). Sonia Pérez Blanco Herri Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) presidenteordea Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordearen aurrera etorri da gaur goizean, EH Bilduk eskatuta, 2022ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena aurkezteko. Bere azalpenean, presidenteordeak, Ana Elguera Líbano erakunde fiskalizatzailearen presidenteagaz batera, txostenaren “Kontsiderazinoak” zehaztu ditu, Epaitegiaren eretxiz kudeaketea hobetuko leukien hutsune puntualak eta alderdiak jasoten dituan atala.

Foru sektore publikoa osatzen daben 20 erakundeak hartzen dituan fiskalizazino txostenak beren beregiko oharrak jasoten ditu Beharginei jagoken Eranskinean. Epaitegiak ikusi dauenez, Aldundiko enpresa-sektore publikoko hainbat erakundek ez ditue zuzenean egiten beharginak kontratetako prozesuak, horretarako kontratautako kanpoko enpresen bitartez egiten ditue. Erakunde horreen artean dagoz Estaduko Loteria eta Apustuen ordezkaritzea, Bizkaiko Tutoretza Erakundea, Azpiegiturak, Beaz, Garbiker, Seed Capital, Crowdfunding Bizkaia eta Biscaytic Fundazioa.

Erakunde horreetan foru-sektore publikoan beharginak kontratetako ezarritako erispideen ez-beteteak antzeman diranez epaitegiak hobekuntzak aholkatzen baditu be, “Kontsiderazinoek”, oro har, lege-printzipioen betetean eragin nabarmenik ez daben hutsuneak jasoten ditue. HKEEk gardentasuna eta kudeaketea hobetzeko gomendioak emon ditu, eta, horregaitik, beharginen aldi baterako kontratazinoen kasuan, Euskal Enplegu Zerbitzuaren (Lanbide) datu-baseetara jotea aholkatu dau.

Prozesu horreei gardentasun handiagoa emoteko, HKEEk iradokitzen dau erakundeek jagokezan atarietan argitaratu daiezala hautaketa-deialdiak eta horreen emaitzak. Gaur egun, prozesu horreek prentsa idatziaren bidez argitaratzen dira.

 

LEGEZKOTASUNA NAHIKO MODU EGOKIAN BETETEN DA

Txosten orokorrak adierazoten dauenez, ez-betete puntual bigaitik izan ezik, erakundeek 2022an “nahiko modu egokian bete dabe euren jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen dauen legezkotasuna”. Ganera, Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen daben erakundeen kontuek “eretxi garbia jaso eben, eta horrek esan gura dau alderdi esanguratsu guztietan ondarearen eta finantza egoerearen irudi fidela azaltzen dabela”.

HKEEren txostenak Legezkotasunaren salbuespenak identifikau ebazan, baina nabarmendu da ez-betete puntual bigaitik izan ezik, Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen daben erakundeek “nahiko modu egokian bete dabela” euren jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen dauen legezkotasuna. Hautemondako salbuespenetako bat Crowdfunding Bizkaia soziedadean gertatu zan, sei hilebeteko probaldia daukien kontratu mugabako bi formalizau ebazalako, eta ekitaldiko aurrekontu plantillan ez egoalako behargin finkoen plaza hutsik, eta horrek urratu egiten dau 2022rako aurrekontuei buruzko foru-arauaren 26.1 artikuluan xedatutakoa. Bigarren ez-beteteak foru sektore publikoko bost erakundetan izan eban eragina (Aldundian bertan eta Aparkabisan, Azpiegituraken, Euskalduna Jauregian eta Azkue Fundazinoan), izan be, daborduko mugaeguneratuta egozan eta luzatu ezin ziran bost zerbitzu-kontratu gauzatzen jarraitu eben.

Txostenaren beste eranskin batean Administrazino Kontratazinoari buruzko oharrak jasoten dira. Atal horretan, HKEEk 19 hutsune banakatu ebazan, “gehienak” kontratazino-espedienteen faseetan epeak gainditzeagaz erlazionautakoak. Oro har, Epaitegiak kontratazinoaren printzipioen betetean funtsezko eraginik ez daben eretxi puntualak dirala ebatzi eban, hobetu beharreko alderdiak diran arren.

Kontuak eta eragiketak aztertzeko, Epaitegiak barrikuspen orokorraren irismena zehaztu dau. Bizkaiko Foru Aldundian administrazino kontratazinoko 46 espediente barrikusi ziran. Horreetatik hogei 2022an formalizautakoak ziran, 137,3 milioiko esleipen zenbatekoagaz. GUFE Foru Erakunde Autonomoan sei espediente aztertu ziran. Enpresen Foru Sektore Publikoari jagokonez, 53 espediente aztertu ziran. Ganera, 2022an emondako dirulaguntzen espedienteak barrikusi ziran, 65,2 milioi eurokoak guztira. Sinatutako hitzarmenei jagokenez, 181,1 milioi euroko espediente bi aztertu ziran. Horrez gain, erakunde guztietan hirugarrenakaz egindako gastua aztertu zan, 100.000 eurotik gorako bolumena daben eragiketak jagokon administrazino-espedientean oinarrituta egozala egiaztauz.

Arantza Sarasola EH Bilduko batzordekideak HKEEko arduradunen agerraldia eskatu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta “arduratuta” dagoala adierazo dau, foru sektore publikoa osatzen daben erakundeetan beharginak kontratetako prozeduretan antzemandako irregulartasunen eta ez-beteteen aurrean. Sarasolak adierazi dau ez dagoala ados Epaitegiagaz, bederatzi erakundetako beharginak hautatzeko prozesuetan aurkitutako akatsak ez diralako “hobetu daitekezan” gai hutsak, bere ustez kasu guzti-guztiak legearen ez beteteak dira. Bere berbetan, kanpoko enpresa pribaduen aldeko apustua egitean gardentasun faltea erakusten da. Sarasolak adierazo dauenez, sarritan, hautaketearen emaitzak ez dira publiko egiten, eta prozedura horreek arautzen dituen oinarriak be ez dira argitaratzen.