SURNE BILBAO BASKETEK OMENALDIA JASO DAU GERNIKAKO BATZARRETXEAN FIBA EUROPE CUPEN KOPEA IRABAZI ETA GERO

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilboko taldea omendu dabe gaur arratsaldean, Gernikako Arbolearen ondoan, Europan lortu barri dauen garaipena dala-eta.

  

(Gernikan, 2025eko jorrailaren 29an). Bizkaiak Surne Bilbao Basket taldea omendu ahal izan dau gaur arratsaldean Gernikako Arbolearen ondoan, FIBA Europe Cup txapelketako finala irabazi ostean. “Baltzezko gizonen” ordezkaritzea Gernikako Batzarretxera joan da, Isabel Iturbe presidentea buru zala, eta Jaume Ponsarnau entrenatzailea eta Zuzendaritza Batzordeko kideak, talde teknikoa eta plantilla osoa bertan zirala. 

Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko kideakaz, Batzar Nagusietako taldeetako bozeroaleakaz eta batzarkideakaz batera, eskerrak emon gura izan deutsoz Surne Bilbao Basketi, gaur Gernikako Arbola “sinbolikora” hurreratzeagaitik, Salonikan titulua irabazi ebenetik egin diran omenaldi ekitaldi ofizialei amaierea emoteko. “Joan dan astean aukera izan genuen titulu hau zuekin ospatzeko Bilbon. Baina hemen, Gernikako Batzar Etxe historiko honetan eta Gernikako Arbolaren babespean harrera egin nahi dizuegu, ondo merezitako autortza delako hau eta toki esanguratsu honek esanahi berezia ematen diolako gaurko ospakizunari. Leku enblematiko honetan hartzen zaituegun lehenengo aldia da, eta askoren arteko lehenengoa izatea espero dogu”, azpimarratu dau Otaduik.

Ekitaldia haretxaren aterpean eta garaikurra lekuko egin da, eta Bizkaia osoak txapeldunei omenaldi txikia egiteko balio izan dau. Aurreko astean lurraldeak indarrez eta ilusinoz bultzatu eban Bilboko taldea bere historiako lehenengo titulu kontinentala lortzeko. Horregaitik, Batzar Nagusietako lehendakariak zale guztien esker ona adierazo gura izan dau. “Bizkaia osoa oso harro gagoz balentria honegaz. Badakigulako ez dala erraza egin dozuena. Eta hauxe da gure omenaldia”, esan dau.

Isabel Iturbe March Surne Bilbao Basketeko presidenteak, bere aldetik, adierazo dau benetako “ohorea” dala klubarentzat txapeldunen kopeagaz Bizkaiko Batzar Nagusietara etortea. “Ilusino berezia egiten deusku hain maitatuta sentiduteak, eta Bizkaia osoak lorpen hau berea dala sentiduteak, horretarako egiten dogulako lan egunero. Klubaren jokabidea, zaleak eta transmitiduten dituan balioak dirala-eta lurralde osoa Bilbao Basketez eta saskibaloiaz harro egotea gura dogu”, esan dau.

Esku-hartzeen ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Surne Bilbao Basket Gernikako haretxaren azpiko familia argazkian batu dira, igaz Athletic Clubeko ordezkaritza zabalak Kopagaz egin eban lez. Une historikoa izan zan ha Gernikako Batzarretxearentzat, izan be, lehenengo aldiz, talde zuri-gorriaren garaikur handi bat egoan euskaldunen sinbolo unibersalena dan Gernikako Arbolaren ondoan. Gaur barriro jazo da, baina Surne Bilbao Basket izan da protagonista nagusia. Klubeko presidenteak eta entrenatzaileak Batzarretxeko Ohorezko Liburuan sinatu dabe.