ADARRAREN SOINUA INDAR HANDIZ ENTZUN DA GORBEIAN, BATZAR NAGUSIETARAKO DEIA EGITEKO

  • Deiadar Mendien Eguna barriro ospatu da, pandemia dala-eta urte bi isilik egon eta gero.
     
  • Ekitaldi nagusia Arrabako aterpe ondora aldatu da euria eta behelainoa dirala-eta.

(Gorbeian, 2022ko irailaren 24an). Eguraldi txarra egin dauen arren, adarren hotsa barriro entzun da Bizkaiko goietan. Batzar Nagusietarako ohiko deian parte hartzeko gogoak Gorbeiako tontorrera igoten animau ditu pertsona asko, Deiadar Mendien Eguneko hamazazpigarren edizinoan parte hartzeko. Bizkaiko Batzar Nagusiek martxa klasiko bihurtu dabe egun hori mendia eta euskal tradizinoak maite dituenentzat.

Batzar Nagusiek Lemoako Ganzabal mendi taldeagaz alkarlanean antolatu dabe mendi martxea. Bederatzi eta erdietan abiau da Pagomakurretik. Parte-hartzaileak 870 metrora dagoan puntu horretatik abiatu dira eta Bizkaiko mendirik altuenera heldu dira, 1.481 metroko garaieran dagoan Gurutzeraino. Taldeka heldu dira mendigoizaleak, ordu biko ibilaldia egin ostean, hotza, euria eta lainoa lagun dituela. Tontorretik Arrabako aterpe aldera jeitsi dira, ekitaldi nagusia bertan egiteko.

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004. urteaz geroztik antolatu dabe jardunaldia, garai modernoan erakundea berreskuratu izanaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien artean. Urte horretatik aurrera, adin guztietako bizkaitarrek entzun ahal izan dabe adarraren soinua bost deiadar mendiren batetik (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz edo Ganekogorta), antxina Gernikan batzeko deia egiten zan eran. Edizino bi baino ez dira bertan behera geratu, azkeneko biak (2020 eta 2021), pandemia zala-eta.

Gaur, jaian parte hartu daben mendi taldeek Deiadar Mendien protokoloa jarraitu dabe barriro. Arraban, Lemoako Ganzabal klubeko ordezkariak ekitaldi honetarako apropos egindako adar ofiziala emon deutso datorren urteko Kolitzako igoera antolatuko dauen Balmaseda Mendi Taldea klubeko ordezkariari, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren begiradapean. Lehendakaria lurraldeko beste ordezkari hautetsi batzuekaz egon da bertan.

Adarrotsen eta ohorezko aurreskuaren ostean, Otaduik eskerrak emon deutsez igoeran parte hartu daben guztiei, eta gogorarazo dau Batzar Nagusiak Europako lehenengoetariko erakunde demokratikoa dirala eta dei-adarren antxinako tradizino hori berreskuratu ebela gogotara ekarteko Bizkaiko ordezkariei deia egiteko modu zaharretako bat ei zana. Jaiak Arrabako zelaietan jarraitu dau, giro ederrean, musikeak eta dantzeak alaiturik, kopautxu bategaz indarbarrituta.


KONDAIREN ETA ERREALIDADEAREN ARTEAN

Gernikako Batzar Nagusirako deia egiteko mendi tontorretan deiadarrak joteko ohiturea misterioz beteta egon da beti. Gaia argitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horretatik ondorio argi batek urten eban: Bizkaiko bost Deiadar Mendietan adarrak joaz egindako deiarena berrinterpretazino historikoa zala,  Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egindakoa. Izan be, antxina, dei hori Gernikako Batzar Etxean bertan egiten zan, baina Batzar bakotxa hasi aurretxuan, eta ez mendi tontorretatik, Truebak ulertzera emon eban lez. 

Javier Barrio eta Goio Bañalesen “Bost dei-adarrak jotzea. Bizkaiaren sinbolo” ikerketa-lanean erakusten da Galdamesko historialariak berrinterpretau egin ebala deiadarren ohitura hori, noiz eta Foruak etenbako erasoak jasoten ari ziran momentu historiko baten. Truebaren eretxiz, bost deiadarren soinu horrek Bizkaiko Jaunaren eta bizkaitarren artean sinatutako ituna sinbolizatzen eban, itun horri esker bizkaitarrek legeetan burujabe izaten jarraitu eikielako.

Tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa izan da deiadarren ohiturea bailaratik gailurretara eroatea, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara aldatzea, beti be  gure ohitura eta erakunderik errotuenak —Batzar Nagusiak esaterako— defendiduteko ahalginean. Antonio de Trueba izan zan lehenengoa bost deiadar mediak (Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitza) aitatzen, orain dala 150 urte; irudi hori errotuz joan da euskal historiografian eta jendearen usteetan, eta gaur egunera arte heldu da.

Egia esan, bost deiadarrak existidu ziran, baina antxinako liburu batzuk Gernikan kokatzen ditue, XIV. gizaldian. Esaterako, Juan Núñez de Balboaren 1342ko koaderno baten hauxe esaten da: “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas”. Horixe da deiadarren tradizinoari buruzko lehenengo aitamena, eta hori erreferentzia lez hartu da bost Deiadar Mendien ohitureari eusteko eta Batzar Nagusirako deia urte bakotxean tontor baten egiteko.