ADARRAREN SOINUAK BATZAR NAGUSIETARAKO DEI TRADIZIONALA GOGORARAZO DAU GANEKOGORTAKO TONTORREAN
- Ehundaka mendizalek egin dabe Kobetamendi eta Ganekogorta arteko igoerea, eguerdiko hamabietan adarrak joteko.
(Bilbon, 2026ko ekainaren 7an). Ehundaka mendizale izan dira Batzar Nagusietarako dei tradizionalaren lekuko gaur Deiadar Mendien Egunaren beste edizino batean. Bost urte itxoin behar izan dira Ganekogorta mendiaren tontorrean adarraren soinua barriro entzuteko. Antonio de Trueba Bizkaiko Jaurerriko kronikari eta artxibozainak XIX. mendean “deiadar tontor” izentau zan tontorretako bat da Ganekogorta, Gorbeia, Oiz, Kolitza eta Sollubeko tontorrak diran lez.
Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako martxea goizeko 08:00etan hasi da Kobetamendin. Parte-hartzaileak Ganekogortako tontorrera igon dira, ehundaka bilbotarrek astebururo Pagasarrira heltzeko erabilten daben bidea ez dan beste bide batetik. Pagasarriko zelaietan hornidura-puntu bat jarri da. Bilboko tontor mitikotik Ganekogortara igon da, eguerdiko hamabietan adarrak joteko tradizinoa zintzo beteteko.
Enkarterriko tontorrean adar-hotsak entzun ostean, jai-eguna Pagasarriko zelaietara joan da, eta bertan ez dira falta izan Salbatzaile Dantza Taldearen dantzak eta Bilbo Kantari taldearen bilbainadak. Bitartean, bertara joandakoak Errekaldeko Peñascal Taldeko Kooperatibak egindako pintxoakaz hartu dabe barriro indarra.
Ehundaka lagunek gozau dabe daborduko mendi ibilaldi herrikoietan klasiko bihurtu dan egun bereziaz. Horreen artean, Batzar Nagusietarako dei tradizionalean dozenaka adar, horreetako bat ofiziala, eroan dituen mendizaleei lagundu deutseen Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Bizkaiko parlamentuko ordezkariak egon dira.
Ohiturea danez, aurtengo kirol igoereaz arduratu dan Bilboko Gailurra mendi taldeak, lekukoa emon deutso Lemoako Ganzabal klubeko ordezkari bati, erakunde hori arduratuko dalako datorren urteko irailean Gorbeian egitea aurreikusten dan Deiadar Mendien Egunaren hurrengo edizinoa antolatzeaz.
ZIURTASUNAK ETA ELEZAHARRAK
Deiadar mendietan deiadarrak joteko tradizinoaren inguruan argia emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost gailur enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldi inguruan Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egin eban barrinterpretazino historikoa zala.
Adarrak bailaratik gailurrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekintzea, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu ebazan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan, eta gaur egunera arte iraun dau.
IGOEREARI BURUZKO DATU BATZUK
• Egindako distantzia: 22 km - Kobeta-Pagasarri-Ganekogorta-Pagasarri-Kobeta
• Desnibel metatua: 910 metro
• Ibilaldiaren iraupena: 6 ordu (geldialdirik barik)